Igor Arzuaga. Musikaria

«Ez dut sinetsi nahi sorkuntza lanak sufrimendua dakarrenik»

Heterodoxotzat jo dute, musikaren ohiko bideetatik urruti dabilen 'rara avis'-tzat. 'Mara' izengoitiarekin eta Luis Vilekin aritu ondoren, bi disko kaleratu ditu, bata bestearen osagarri.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Hilabete batzuk igaro dira Igor Arzuagak (Bilbo, 1976) Experience eta Llegará kaleratu zituenetik (Gaztelupeko Hotsak) —azken hori Nieves Arilla kantariarekin elkarlanean—. Lehenengoa, hark bakarrik grabatuta egon arren, «ekoizpen lan handikoa», eta bigarrena, batik bat piano eta ahotserako prestatutako lan minimalista. Biak ala biak, nolanahi ere, Arzuagaren egiteko modu irekiaren erakusgarri. Udazkena isilik pasatu du, baina gaur bertan hasiko da Experience zuzenean, eta «banda batekin» aurkezteko entseguetan. Proiektu anitzetan aritzearen zale —Mara alter ego ilunarekin ere bi disko ditu kaleratuak: Lagun eroa eta Unibertsoa gu—, Arzuagak onartu du batzuetan jarri izan dioten outsider etiketa: «Tira, horrelakoa izango naiz».

Experience zuk zeuk grabatu duzu osorik, baina instrumentazio askorekin.

Ekoizpen aberatsa du. Ordenagailuan saltseatzen, ez dut inolako oztoporik aurkitu abestiak janzteko orduan. Produkzio ariketa bat izan da, beste eremu batzuetara joan bainaiz.

Horregatik Experience?

Bai, esperientzia berria izan da. Abesti batzuetan, ez nuen neure burua ezagutu ere egiten. Sortu zait bat-batekoan, eta ez dakit, bada... Produkzio lana abiapuntutzat hartuta eta testura berriak sortu nahian, kantuak atera dira. Eta badira orain arte lantzen ez nituen erreferentzia batzuk estilo aldetik.

Mundu grisa-k badu hip-hop erritmoa, eta bada soulerako hurbilketaren bat ere. Lehendabizi entzundakoan, sorpresatxoak izan ditzake zure aurreko lana ezagutzen duenak.

Lagunei erakutsi diedanean, ezusteko hori izan dute. Beste zerbait espero zuten. Nire musikak beste kutsu bat izaten du normalean, eta honetan, saiatu naiz nire plagio bat egiten eta ez zait atera... Beste zerbait atera zait.

Zuretzat ere sorpresa izan da?

Bai, nik kantuak entzun, eta ez dut neure burua ezagutzen. Hori polita da, baina badauzka arriskuak ere. Artistok eta musikariok beti egiten ditugu estilo ariketak, geure burua abestietan ezagutu nahian. Baina niri ez zait hori gertatu. Kantuak entzutean, pentsatzen dut ezin errepika dezakedala estilo hori. Horrek kokatzen nau nora ezean, baina diskoa balioztatzen du horrek berak.

Disko bakoitza egitea jauzi bat egitearen modukoa da?

Hala izaten da, bai, baina, batez ere, estilo ariketa bat planteatzen duzunean. Eta aldaketak daudenean. Harantzago joan nahi izatean... Hori gertatzen denean, eta Experience diskoan hori gertatu zait, ezaguna ez zaidan eremu batean aurkitzen dut neure burua.

Hori gozagarria edo deserosoa da?

Nik musika erromantikoagoa edo malenkoniatsua egiten dut, eta hor eroso nabil. Ezagutzen dut neure burua, eta orain arte, behintzat, hor kokatzen nuen nire izana. Baina disko honek planteatzen dit hurrengoa nolakoa izango den... Eta ez dakit. Esaten dute sorkuntza lanak sufrimendua edo tortura sortzen duela, eta nik ez dut hori sinetsi nahi. Ez dut sinetsi nahi, edo horren aurka borrokatzen naiz nire tresna guztiekin. Horregatik, beti dauzkat bi proiektu zabalik. Horrek ematen dit aldaketa bat planteatzeko aukera. Oraintxe [elkarrizketa egiteko unean] ari nintzen Mararen kontu bat lantzen; bihar, Luis Vilekin entsegua daukat, eta larunbatean, entsegua Experience diskoaren zuzenekoa prestatzeko...

Zuretzat, arnasa hartzeko modua da batean eta bestean ibili beharra?

Bai, baina leku horiek mugatuak eta ezberdinduak egon behar dute. Hainbat proiektutan murgildu naiteke, baina ezingo nintzateke aritu Igor Arzuagaren izenpeko hiru lanetan, edo Mararen beste hirutan. Proiektu bakoitzak bere nortasuna izan behar du, eta horietako bakoitzean zentratu behar dut. Azken batean, maskara jarri behar dut bakoitzerako, eta horrela eroso sentitzen naiz, antzezlan batean bezala.

Maskara hori jarrita ere, nortasun bat dago egiten duzun guztian.

Esperientzia bat dago. Proiektuen atzean pertsona bat dago, eta ni naiz. Nik joera daukat obsesionatzeko eta gauzei buelta piloa emateko, eta proiektu bakarrarekin ariko banintz... Baina esan daiteke esparru beraren barnean hainbat zaletasun ditudala. Saltoka ibiltzen naiz, neure burua ere saltoka dabilelako ideia askoren artean. Baina eroso sentitzen naiz. Zuhaitz batetik bestera saltoka, jakinda zuhaitz bakoitzean zein fruitu dagoen.

Ezein korronteri segitu gabe zabiltza azkeneko urteetan. Heterodoxotzat duzu zeure burua?

Nik egiten dudana berezia bada, behintzat... Originaltasuna edo frikismoa egon daiteke hor. Baina bada ezberdina. Azkenaldian ez dut musika askorik entzuten, eta ez daukat erreferentzia handirik; nire musika hizkuntzara jotzen dut. Hor nartzisismo pixka bat ere egon daiteke, uste dudalako nik neure estiloa dudala. Eta, nahiz eta eremu edo paisaia berriak aurkitzen saiatzen naizen, egiten dudan guztiak du berezitasun bat. Hain zuzen, berezitasun horretan dago aberastasuna eta proiekzioa; bestela, ez nuke ezer argitaratuko. Argitaratzen dut uste dudalako nire poesia edo nire egiteko era ezberdina dela... Ikusiko banu joera komertzial bat duela edo aurretik eginda dagoela, ez nuke ezer argitaratuko. Neure burua errepikatzen egongo banintz eta neure burua ez banu berrituta sentituko, ez dakit musika utziko nuen, baina segituko nuen obra klasikoarekin... edo pianoa jotzen segituko nuen, zaletasun gisa.

Gaur egun, zaletasuna baino gehiago da?

Niretzat, musika konpromiso bat da, konpromiso pertsonal bat. Ez dut esango teraupetikoa denik, baina tira... Norberak zintzoa izan behar du bere nortasunarekin eta egiteko moduarekin, nahiz eta Experience honek zalantzan jartzen duen hori, nire egiteko era zein den.

Zalantzan jartzeak aberastasuna dakar?

Zalantza da sormenaren oinarria. Horregatik diot sufrimendua ere badagoela. Prozesu gogorra da, adierazten duelako ezinegon bat, eta ezinegon horrek bultzatzen nau poesia idaztera, abestiak egitera eta margotzera.

Experience bezalako lan bat egiteak badu zerbait sufrimendutik? Edo plazeretik?

Niretzat, sekulako plazera izaten da, baina gero konturatzen naiz nire hitzetan badela mingarria den zerbait. Nire hitzekin, ezusteak hartzen ditut. Nire sentimenduak libre uzten ditut, baina, gero, beti damutzen naiz pixka bat. Selektiboagoa izan beharko nuke, eta apur bat kontuz ibili esaten dudanarekin. Malkoak ezin dira itsaso gisa saldu. Bakardadea, maitasunik eza agertzen da hitzetan, eta, alde horretatik, kritikoa naiz nire hitzekin.

Baina, gehiegikeriaren bitartez, ironia ere badago.

Gehiegikeria puntu hori ironikoa da. Marari, adibidez, ironia askatzen uzten diot; Mara teatrero bat da. Eta Igor Arzuaga malenkoniatsuagoa da, nahiz eta gehiegikeria puntu bat ere baduen.

Experience-kin batera, Llegará ere atera duzu Igor eta Ni izenpean. Igor eta Nieves Arilla abeslaria, hain zuzen ere. Oso ezberdina dena...

Nievesen kontzertu pare batean egon nintzen, eta sekulako abeslaria iruditu zitzaidan. Nirekin abesteko aukera agertu nion, eta aurrera! Atsegin dudanaren inguruko ariketa bat da, kapritxo bat.Gainera, neure burua beste ikuspuntu batetik ikustea gustatzen zaidanez, Nievesek abestuta, nire abestiek subjektibotasun puntu bat galtzen dute. Eta hori atsegina da niretzat.

Harentzat eginda daude kantuak?

Bai, posta elektronikoz egindako disko bat da. Bartzelonan behin egon ginen elkarrekin, baina, batez ere, postaz ibili gara harremanetan. Nire proiektua da, baina izugarri lagundu nau, zintzoa izanez, zuzena izanez, abestiak aukeratzen... Ekoizle lana ere berak egin du. Neure burua kokatu du, baita beste estilo batean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.