Agus Perez. Antzerki kritikaria

«Ez dut izan nahi epaile arbitrario bat, ezta kritikari kriptiko bat ere»

Antzerkizale saria eman dio EHAZEk Perezi, BERRIAn idatzitako kritiketan «ezagutza eta antzerkizaletasun handia» erakutsi duelako.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Erantzukizun handiz» jaso du EHAZEren Antzerkizale saria Agus Perezek (Bilbo, 1954). «Zergatik niri?», galdetu du urduri, baina, era berean, hunkiturik. Irakaslea da ofizioz, eta antzerki kritikaria afizioz. BERRIAn idazten du, 1991n Euskaldunon Egunkaria-n aurreneko kritika argitaratu zuenetik. Atzo gauean eman zioten saria, Azpeitiko Antzerki Topaketen barruan.

Hortensia kolektiboaren izenpean argitaratu zenituen lehen kritikak, Euskaldunon Egunkaria-n. Nola iritsi zen aukera hori?

Mikel Martinezek deitu ninduen. Kritikagile eta zutabegileen bila zebiltzan, eta berari eskatu zioten idazteko. Maskarada taldekoa zenez, ez zitzaion iruditu txukuna berak idaztea. Niri proposatu zidan. Txomin Barullo irrati librean, antzerki taldeei elkarrizketak egiten nizkien. Hortensia kolektiboa Marta Llorentek, Lali Marimonek eta hirurok osatzen genuen. Marta Llorentek laguntzen ninduen testuak txukuntzen euskararen aldetik. Euskaldun berria nintzen artean. Lali Marimonek egun ere laguntzen nau, datu basea eginez, artxiboak eguneratuz eta abar. Euskaldunon Egunkaria-rekin eta BERRIArekin batera hazi gara.

Kritikagintzan zein erreferentzia zeneuzkan?

Gaztetasunak ausardia ematen du. Ez neukan batere erreferentzia sendorik. Aitortu behar dut guztiz autodidakta izan naizela. Irakurriz, entzunez eta ondokoen laguntza baliatuz ikasi dut. Autodidakta batek beti dauzka gabezia batzuk, hori argi dago. Baina kontuan hartu behar da Egunkaria sortu zen garaian gehienak autodidaktak ginela, batzuek titulua izan arren. Horrek ez gaitu lotsarazi behar. Kontrara, harro egoteko modukoa da. Herri honetan gauza asko sortu dira jendearen ekimenez; ez bakarrik antzerkigintzan.

Zein da kritikariaren eginkizuna?

Ikusleari erreferentziak eman behar dizkio, ikusitakoa deskodetzen eta berrinterpretatzen laguntzeko. Irakurle guztiak nire iritzi berekoak ez direla kontuan hartu behar izaten dut, eta neurri batean denentzat idatzi behar dudala.

Baina kritikariak adostasuna lortzen saiatu behar du, edo aurrez finkaturiko premisa batzuei erantzun behar die, onartuz ez duela zertan denen gustukoa izan?

Jendeak iritzi bat irakurtzen du, eta egon daiteke ados edo ez. Saiatzen naiz hainbeste erreferentziarik ez duen ikusle arruntaren lekuan jartzen. Beti izan dut argi ez nuela nahi izan ez epaile arbitrario bat, ezta kritikari kriptiko bat ere. Garai batean modan jarri zen kritikariek hizkuntza ulertezina erabiltzea. Haien ezjakintasuna ezkutatzeko babeslekua zen, eta oraindik ere bada. Saiatzen naiz didaktikoa izaten, batzuetan didaktikoegia naizen arren. Konpainientzat kritika lagungarria dela pentsatzen dut, beren baliabideez jabetzeko, ikuspegiak kontrastatzea ondo datorrelako beti.

BAD jaialdian auzo lotsa sentitu zenuen hemengo konpainiek euskararen inguruan izandako jarrera ikusirik. Zer gertatzen da Bilbon?

Bilbon euskaldun asko gara, baina sakabanatuak gaude, eta erdara nagusitzen da. Testuinguru horretan, antzerki talde askok uste dute euskara barik eroso bizi daitezkeela. Dikotomia bat sortzen ari da. Gaztelaniazko kultur ekintzaileak lekuz kanpo geratzen ari dira, benetako sorkuntza euskaraz gertatzen ari delako. Bizi daitezke gaztelaniaz, baina gaztelaniazko kultura pobretuan biziko dira. Ordea, euskarazko sorkuntzan, dena bikaina ez den arren, benetan gauza oso interesgarriak sortzen ari dira. Eta haiek beren erdaltasunarekin hori guztia galtzen ari dira.

Beste herrialdeetan nolakoa da euskal antzerkiaren egoera?

Nafarroara gutxitan joaten naiz. Badakit Nafarroako Eskolaren inguruan badela mugimendu interesgarri bat, eta Oreka zirku eskolaren saioak jarraitu ditut. Ipar Euskal Herrian bada tradizio bat, Antton Lukuren eskutik. Azken urteetan, Le Petit Theatre de Pain eta Ander Lipusen ekimenez sortu da komunikazio bat bi aldeen artean. Sortzen dira proiektu komunak, mugitu egiten dira obrak herrietatik...Zubi ekimena sortu dute euskarazko antzerkia herrietara eramateko. Halakoak oso esperantzagarriak dira. Antzerkiari berari erreparatuta, maila askotako taldeak daude, eta denak dira beharrezkoak, lan txikiak eta ekoizpen handiak, niri abangoardiako antzerkia gehiago interesatzen zaidan arren.

Zeini emango zenioke oraintsu jaso duzun EHAZE saria?

Mikel Martinezek euskal testuen gordailua atondu zuen sarean, Azpeitiko Jardunaldiek 30 urte bete dituzte, Aulestiko jaialdi txiki hori benetan da handia...Askok merezi dute saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.