Igor Arzuaga. Musikaria

«Ez dut estilo jakin bat izan nahi, baina bai lan egiteko modu eta nortasun bat»

gorka erostarbe leunda
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Liburu denda batean lan egiten du Igor Arzuagak (Bilbo, 1976). Denbora dezente kentzen dio horrek, baina ez musika alboratzeko lain. Handik eta hemendik ateratzen du denbora musikari eskaintzeko, «barru-barrutik» bizi baitu musika. «Gaur goizean bostetan jaiki naiz, eta gitarrarekin gauza berriak entseatzen egon naiz. Gero, goizeko langileekin batera gosaldu dut tabernan, dendan lanera sartu artean». Beste modu batera ezingo luke bizi musika; «pasioz bizi beharra dago».

Ez da musikaren mundura ailegatu berria. Hezkuntza klasikoa jaso zuen aurrena, Exkixu taldean eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan parte hartu zuen gero, eta bakarkako kantugile ibilbideari ekin zion azkenik. Orain arte bi disko zeuzkan kaleraturik bere izenpean (Argi izpibat eta Smog, biak Gaztelupeko Hotsekin) eta beste bi (Lagun eroa eta Unibertsoa gu) Mara izenpean. Bere kantuak interpretatzeko Arzuagak berak sortutako pertsonaia edo alter ego-a da Mara.

Mara hori bikoiztu egin du orain, eta Luis Vil musikariarekin batera plazaratu du Mara-mara izenekoa, Gaztelupeko Hotsekin. Aurreko lanetan tonu intimistak gailentzen ziren. Hitz poetikoek musikak adina garrantzia zuten. Lan berrian ez dira galdu erabat ezaugarri horiek, baina bestelako batzuk ere batu zaizkie, batez ere Luis Vilen ekarpenaren eta ekoizpenaren eraginez. Poesiarekiko eta XX. mende erdialdeko musikarekiko zaletasunean bat zetozela konturatu ziren bi musikariak, eta elkarrekin zerbait egiteko aukera ikusi zuten. «Ondo moldatu gara, hasieratik. Antzeko gustuek eta antzeko lan egiteko moduak batu gaitu. Luisen ekarpena funtsezkoa izan da disko honen soinuan eta egituran», argitu du Arzuagak.

Diskoak hamabi kantu ditu. Guztiak dira Arzuagak sortuak, baita haien hitzak ere. Aurreko diskoetako hitzek izaera «erromantikoagoa» zuten, egilearen hitzetan; berriek gehiago dute «bihurrikeriatik». Beste abesti bat kantuak azaltzen du begirada erromantiko bihurri hori, adibidez. Honela dio: «Abesti berri bat egin nahi dut. Zuri buruz berba ez egiteko. Beste abesti bat egin nahi dut. Zutaz apur bat ahazteko».

Bai Arzuagaren aurreko lanek eta bai Mara Mara berriak badute zerbait komuna: taberna giroko klasikotasun moduko bat. «Bai, zahar usaina ere izan dezake, eta giro kabareteroa ere bai. Euskal kabaretaren iruditeria lantzen saiatu naiz», argitu du Arzuagak. Izan ere, kabaret giro hori munduko bazter zenbaitetan topatu izan du eta eragin izan dio; Parisko edo New Yorkeko taberna kutun zenbaitetan, esaterako. Taberna giroko pasodoble moduko bat da diskoa zabaltzen duen kantua, Begira ezazu, adibidez, eta giro kabaretero erabatekoa du Lehenengo hitz batzuk izenekoak ere. Tom Waitsen perkusioen oihartzuna (Nire aberria), Nick Caveren pianoarena (Paseoan) eta pop-rock gitarreroa, folk ukitu estatubatuarra nahiz giro ilunagokoak ere biltzen ditu Arzuaga eta Vilen lanak.

Kantu eta hitzak egiteaz gain, eta ahots nagusia izateaz gain, pianoa, soinu txikia, akordeoia eta baxua jotzen ditu Arzuagak, eta haren hezkuntza klasikoa izanagatik, akademizismotik alde egiten saiatzen da: «Gehiago arduratu gara giro bat sortzen, atmosfera bat eraikitzen, eta ez hainbeste kantuen zuzentasun teknikoaz».

Ibilbide bat osatzen ari da Arzuaga, eta musikaren munduan bere bidea eta are, ahots propioa topatu ote duen iradokita, erantzun bikoitza helarazten du: «Estiloari bagagozkio, nahiago nuke horrela ez izatea; estilo jakin bat izatea, alegia. Ez dut estilo jakin bat izan nahi, baina bai lan egiteko modu bat eta nortasun bat. Ez zaizkit gustatzen estilo jakin batean finkaturik geratzen diren musikariak. Ez nuke behin eta berriro disko berbera egin nahi».

Gaur egungo musikarien artean Ruper Ordorika du gustukoena, baina Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi) eta Mikel Urdangarin lagunak dituela nabarmentzen du. «Erdi txantxetan esaten diet zerbait egin beharko genukeela elkarrekin, Crosby, Stills eta Nashen tankeran, baina ez dakit ezer aterako den. Haien planak beste batzuk dira, akaso».

Edonola ere, Arzuaga ez dago bertan goxo geratzeko. Dela orain arteko kantu zaharrak errepasatzen —«beti sor daitezke ñabardura berriak»—, dela egitasmo berrietarako kantuak zirriborratzen eta sortzen, egunero heltzen dio musikari, nola alderik erromantikoenetik hala bihurrienetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.