Musikaria

Mikel Urdangarin: «Ez dut edertasun inozoan sinisten»

Orain arte esploratu gabeko paisaiak margotu nahi izan ditu Mikel Urdangarin musikariak 'Mundua eder' diskoan. Edertasunari kantatu dio, munduaren lohiak aipatzeari utzi gabe.

Mikel Urdangarin musikaria, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Urdangarin musikaria, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko azaroaren 27a
05:30
Entzun

«Mende berriaren laurdena ate joka dugula, mundua Europan, Afrikan, Ekialde Hurbilean eta haien berririk ez dakigun hamaika toki abandonatuetan odolusten ari den une berean, hamar kantudun diskoari Mundua eder deitu diot». Diskoa aurkezteko idatzitako testuan onartzen duenez, agian ausartegi edo, are, baita inozoegi jokatu izanaren zalantzarekin ere, oraingoan edertasunari kantatzea hautatu du Mikel Urdangarinek (Zornotza, Bizkaia, 1971). Gazako sarraskiek zein munduaren beste hamaika lohik zikindutako edertasun bat da Urdangarinek deskribatutakoa, baina, edertasun bat, hala eta guztiz ere. Ohiko taldearekin bilduta eta Koldo Uriarteren gidaritzapean grabatu du lana Gasteizko Ura estudioan, eta, artistikoki ere, orain arte baino urrats bat harago joateko saiakera egin duela azaldu du. Egunotan jarriko du sareetan entzungai, eta, Durangoko Azokan ez ezik, bere webgunearen bidez ere —www.mikelurdangarin.eus— eskuratu ahalko da formatu fisikoan.

Azken urteetan bakarka, pianoarekin zein Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin ere aritu izan zara, baina zure ohiko taldearekin grabatu duzu diskoa. Zer ematen dizu taldeak?

Segur aski, aipatu dituzun horien guztien artean taldea da niretzako tokirik naturalena. Bakarka aritzea ere asko gustatzen zait, eta orkestrarekin aritzea zer izan daitekeen sentitzeko aukera ere izan dut, baina oso musikari onek laguntzen naute, eta haiekin jotzean asko disfrutatzen dut. Talde nahiko egonkortua da, gainera. Uste dut urte askotan landutako soinu bat lortu dugula.

Mikel Urdangarinen Gaur ez da nahiko abestiaren bideoa.
Hain zuzen, badirudi minimalismoaren eta orkestrazioaren arteko oreka moduko baten bila zabiltzatela diskoan. Kontsigna bat izan da hasieratik, edo gertatzen joan da?

Aspaldi interesatzen zaidan kontu bategatik da hori. Musika bizirik dagoen zerbait da, mugimenduan dagoena, eta, normalean, ez litzateke laua izan behar. Eta horren barruan dinamikaren esplorazioa da niri interesatzen zaidan gauzetako bat. Kanta bat hasi egiten da, garatu eta bukatu. Eta bukatzen denean uzten du zerbait. Hori da musikaren boterea, nola eman ahal dizun oso-oso barruan. Kantu bat izaten da aukera bat zerbait kontatzeko eta bizitzaren dinamismoa islatzeko. Horregatik, kontentzioa gustatzen zait, eta kontentzio hori apurtzea ere bai.

«Musika bizirik dagoen zerbait da, mugimenduan dagoena, eta, horren barruan, dinamikaren esplorazioa da niri interesatzen zaidan gauzetako bat»

Diskoa ixten duen Edertasuna kanta, esaterako, bi minutu pasako pasarte instrumental batekin amaitzen da, eta, elementu erritmiko modura landu duzue bertan arnasketa. Zure ia hiru hamarkadako ibilbidearekin kontraste egiten du elementu esperimental horrek.

Inoiz erabili gabeko errekurtso bat dago hor, bai, eta zeresan handia izan dute horretan bai Koldo Uriarte ekoizleak, bai eta diskoa lantzen hasterako jarri genuen kontsignak ere. Disko bat grabatzera zoazenean kantak erakusten dituzu, eta, grabatzen hasi aurretik, ideia bat ere komunikatzen duzu. Eta, kasu honetan, hau izan zen: «Koldo, pauso bat eman behar da». Jakinda, noski, ezer berririk asmatzea zein zaila den. Kanta bat sortzea, benetan hunkitzen bazaitu, nahikoa da zabaltzen saiatzeko, baina akaso ibili ez ditugun bideak ibiltzen saiatu nahi genuen, eta orain arte margotu izan ez ditugun paisaiak margotzen. Uste dut hori lortu dugula.

Ia hiru hamarkadaz musika egiten ibili ondoren, eta kantak sortzeko joera batzuk edukita, ez dizu bertigorik eman aldaketa horrek?

Ez. Orain ez bada, noiz egin behar dut nik? Tentazio honi ezin diot uko egin. Igual ez dut ematen, baina izaera ausartekoa naiz. Txikitatik.

«Ahotsa da nire instrumentua, denetan inperfektuena baina baita denetan erlieberik gehiena daukana ere, eta erliebe hori erakusteko asmoa dauka disko honek»

Kantari hasi aurretik, irakaskuntzan lanpostu finko bat hartzekoa zinen, baina gitarra jotzen hasi eta gutxira hautatu zenuen musika lanbidetzat hartzea.

Hori bai, baina musikarekin esperimentatzeko joera ez da askorik nabarmendu nire ibilbidean. Eta disko honetan ere ez dut uste ezer arraroa egiten ari garenik. Oso identifikagarria den ahots bat dago hor, orain ere. Hori izan da ardatza beti: ahotsa. Nik gitarra eta pianoa jotzen ditut diskoan, baina ahotsa da nire instrumenturik pertsonalena, kantari gehienona bezala. Eta zein da nire instrumentua? Bada, denetan inperfektuena baina baita denetan erlieberik gehiena daukana ere. Eta erliebe hori erakusteko asmoa dauka disko honek. Ahotsak daukan sakontasuna, erdigune hori eta gora joateko aukera. Ibil banaiteke azpiko lur horretan, zergatik ez ibili? Hori da, igual, aurreko diskoetan egin ez dudana. Nire unibertsotxo hori erabiltzen saiatu naiz, kantuaren mesederako, betiere.

1997an kaleratu zenuen zure lehen grabazioa: Haitzetan. Orduan, esan daiteke kantak kontatzen zuen istorioaren alde egiten jartzen zenuela ahotsa eta, aldiz, azken diskoetan, eta bereziki azken honetan, adierazkortasunaren bilaketak gidatzen du zure ahotsa.

Oso pozik nago nola kantatu ditudan istorio horiek. Oso zaila da estudioan sartu eta ahotsari eta hitzei ematea pisu eta espresio egokia. Bizitzan atzerago eginda, bolada batzuetan erotu egin naiz ahotsarekin. 

Gatazkan?

Gatazkan. Inoiz sentitu dut naturaltasuna galdu nuela espresioaren mesedetan, eta hor, azkenean, inongo mesederik ez dago. Aspalditik hona uste dut gainditu nuela hori. Ahotsa batez ere erakusteko eta proiektatzeko dago, ez ezkutatzeko. Horrek ez du esan nahi xuxurlatu ezin dezakezunik kanta batean, baina kantatu egin behar duzu, eta nik kantatu egin dut. Baina era askotara kantatu daiteke, eta ni saiatzen naiz esaldi bakoitzari egiazkotasuna ematen. Kantatzen dut, eta, gainera, sinisten dut. Entzule modura ere egiaz beteriko ahotsek betetzen naute.

«Abesti dezente badira estrofa-leloa-estrofa-leloa egituratik eskapatzen direnak. Eskema horiek asko erakartzen naute. Ez diogu bizkarrik emango horri, baina zergatik ez besarkatu beste molde batzuk»

Diskoko azkeneko kantan, adibidez, nik esaten dut esan behar dudana lehenengo berrogei segundoetan, eta ez dut errepikatzen. Errepikatik ihes egin dut. Sinisten dut kantuak egiteko beste modu horretan ere. Abesti dezente badira estrofa-leloa-estrofa-leloa egituratik eskapatzen direnak. Eskema horiek asko erakartzen naute. Ez diogu bizkarrik emango horri, baina zergatik ez besarkatu beste molde batzuk. Urteak daramatzat hemen dauden kantu batzuen musikarekin lanean, eta beste batzuk estudioko azken asteetan sortuak dira. Hitzak, berriz, azken hilabetean idatzi ditut.

(ID_17322753984805) Mikel Urdangarin musikariaren MUNDUA EDER diskoaren azala, Alain
Mikel Urdangarin musikariaren Mundua eder diskoaren azala. Alain M. Urrutiarena da irudia.
Mahsa Aminiri eskaini diozu Bart gauez abestia. Iranen, buruko zapia ez eramateagatik 2023an jipoituta hil zuten emakume kurduari, alegia.

Inpaktu handia eragin zidan.

Diskoak nahasian daramatza esparru intimoagoko testuak zein munduari buruzkoak. Esate baterako, barruragotik ezin, zera dio Kirmen Uribek idatzitako Udako gau epela abestiko azken esaldiak: «Sugeak ezagutzen baititu hobekien/ nire bazter.../ Nire bazter ilunenak./ Barrutik besarkatzen nauen gauza bakarra da». Eta Palestinari buruzko aipamen batekin bukatzen da Argira, justu hurrengo datorren abestia: «Mundura, mundura begira nago,/ nik amesten dudan mundura./ Ni ere, Gazako hondartzetan lez/ mundura begira nago».

Kirmenen hitzak jaso nituen joan den ekainean, Mundua eder izeneko koplak ziren. Hor ikusi nuen izenburua eta horrek eman zidan bidea idazteko, ze askotan sasoi bati lotuta idazten dut: barne sasoi bati eta konpartitzen ari zaren denbora bati lotua. Eta, orduan, jaso nuen Mundua eder; eta, beraz, horra: edertasuna. Tasun potolo bat. Horretaz idazten hasi nintzen, eta gure erara. Eta zein da gure era? Bada, gurera ekarrita eta intimotasunetik, eta ez teorizazioetatik. Edertasuna kontatu behar nuen nire begietatik.

«Jendea Perito Morenora joaten da, zer eta glaziarra ikustera, baina are gehiago joaten da glaziarra nola hausten den ikustera. Teorian oso berri txarra dena ederra ere bada. Alde ilun hori aipatu nahi izan dut»

Eta zein da zuk ikusten duzun edertasun hori?

Edertasun hori da hasi eta bukatu egiten dena, batetik, eta, era berean, itsustasunaren beharra ere baduena. Edertasun inozoan ez dut sinisten, sinisten ez dudan bezala alaitasun inozoan. Edertasuna dago, kontrakoa ere existitzen delako, eta itsustasunak ere baditu milaka aurpegi, edertasunak ere badituen bezala. Adibide bat: jendea Perito Morenora joaten da, zer eta glaziarra ikustera, baina are gehiago joaten da glaziarra nola hausten den ikustera. Teorian oso berri txarra dena ederra ere bada. Alde ilun hori aipatu nahi izan dut. Ez goraipatu, baina erakutsi bai.

Eta horregatik Mahsa Amini?

Kasu mingarria da. Pentsatzen duzu: nola da posible mundu honetan bizitzea? Baina, era berean, kasu horrekin esaten dut munduak merezi duela eta bizitzak ere bai. Horregatik esaten dut azken esaldian haren heriotzak nolabaiteko edertasuna ekarri duela. Eta haren keinua da ederra dena. Uko egin ziolako, aurre egin ziolako piztia handi eta erraldoi bati, keinu eder hori oso garesti ordainarazi ziona. Eta, gainera, nahiko izan ez den arren, keinu horrekin herri bat altxarazi zuen. Baina hori gertatu zen, eta oso ederra izan zen. Alde eder hori ikusten eta kantatzen saiatu naiz.

«Nik beti kantatzen dut euskaraz, baina, batzuek hori lokalismotzat hartzen duten arren, ni neu horrek munduan kokatzen nau»

«Mundua edertzen du euskarak» esaldiarekin ixten duzu Mundua eder kanta.

Kirmenen hitzak dira horiek ere, eta, ez pentsa, zalantza piztu zidan esaldi horrek. Gaur egun hori kantatzea...

Gaur egun hizkuntzaren aipamen esplizitu hori egitea ohikoegia ez delako.

Ez da, ez, eta horregatik ere erabaki dut horrela kantatzea. Kirmeni nik inoiz egin dizkiot kantu-hitzei buruzko apunteak, hau bai edo hori ez; zorionez libertate hori eduki dudalako beti haren hitzak moldatzeko, eta, hitz horiek hori jaso nituenean eta ikusi nuenean euskararena, zalantza egin nuen, beharrezkoa ote zen hori. Baina, noski, badakit Kirmenentzat euskara zeinen inportantea den, eta zeinen inportantea den hor aipatzea, eta niretzat ere bai. Ze euskarak mundua edertzen du, bai. Euskara ez da edozein hizkuntza, habitat eta izaera oso hauskorra duen hizkuntza bat da, nahiz eta milaka urte dauzkan.

Hor aldarri bat dago, eta pentsamendu ideologiko bat dago. Ze nik neure burua ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta munduan kokatu nahi dut. Eta nik beti kantatzen dut euskaraz, baina, batzuek hori lokalismotzat hartzen duten arren, ni neu horrek munduan kokatzen nau. Gu hemengoak gara, euskarak hemen du arrazoirik handiena, baina euskara munduari zor zaio, munduaren parte gara, eta mundua errazago ulertzen da euskara eta euskara bezalako hizkuntzak egonda eta haietan kantatuta. Baina badirudi batzuetan hori ahaztu egiten zaigula. Inozoa dirudi, baina esan beharra dago. Japonian egona naiz, adibidez, euskaldunik batere ez zuen audientzia baten aurrean jotzen, eta guztiak zeukan zentzua. Edo Moskun. Nik sentitzen dut erabateko zentzua duela horrek, baina batzuek hori ikusten dute erabateko zentzugabekeriatzat. Eta hori esaten dut nik kantuan, euskarak ez duelako Euskal Herria edertzen, mundua edertzen du.

Taldea

HITZAK

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.