Nerea Mujika. Gerediaga elkarteko lehendakaria

«Ez dugu behin ere pentsatu azoka digital soila egitea»

Durangoko Azokako denda digitala gaur abiatuko da, eta aurrez aurreko bisitak, berriz, bihar. Osasun neurriak aldatuz gero ere horri eustea da Mujikaren asmoa.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Badaezpada, airean idatzita utzi nahi izan ditu elkarrizketako erantzun batzuk Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak (Durango, Bizkaia, 1960). «Zer edo zer ezberdina bada, deituko dut jarraian». Azkenera arte, ezer ez baita ziurra. Koronabirusaren hedapena are gehiago okertzen bada, litekeena da osasun arduradunek neurri zorrotzagoak ezartzea, eta egokitu egin beharko dituzte orduan orain arte prestatutako planak. Ezinbestean, ziurgabetasun giro horretan antolatu dute Durangoko 56. Azoka Gerediaga elkarteak eta haren parte diren guneek; horregatik Mujikaren erantzunen badaezpadakotasuna. Baina besterik ezean, gaurtik 7ra arte egongo da zabalik azokako denda digitala, eta, besterik ezean, bihartik 8ra bitarte, bisitariek ere izango dute aukera, aurrez txanda hartuta, Durangoko Azoka bertatik bertara bisitatu ahal izateko. Besterik ezean.

Txanda batzuk jadanik beteta daude. Espero zenuten harrera izan du sistema horrek?

Seguru nago horrela dela, baina oraindino ez daukat daturik. Badakit erantzun ona izan duela, eta itxura ona dauka.

Joan den astean aurkeztu zenuten txandakako sistema. Aste honetako Eusko Jaurlaritzaren azken erabakiek eragingo al dute aldaketarik?

Oraingoz, ez. Oraingoz. Garbi daukaguna da, behar bada, berriz ere moldatu eta egokitu egingo dugula, inongo zalantzarik gabe.

Badirudi neurriak aldatuta ere aurrez aurreko azokari azkenera arte eusteko konbikzioz ari zaretela. Hala da?

Ahalegin guztia egingo dugu. Orain, Landako gunerako daukagun edukiera murriztu egin dugu, osasun neurriek ezarritakoaren arabera. Oraingoa ere gehiago moldatu behar badugu, moldatuko dugu, eta ahalegin guztia egingo dugu aurrez aurreko Durangoko Azokari eusteko. Hori ziur. Noski, esaten badute ezin dela, ba orduan, ai ama... Etxe parean dut nik Landako gunea, eta azoka normal baten obrak eta kudeaketak dira hor ikusten direnak. Muntatzen ari diren 219 erakusmahaiak erretiratu, eta, berriz ere, iaz bezala, azoka digitala egin behar izatea litzateke txarrena.

Egon da neurriekin malguago jokatzeko eskatu dizuenik?

Bai. Orokorrean enpresa guztiak bat etorri dira hartutako neurri horiekin, eta haiek ere prest zeuden azokara etortzeko. Duela bi edo hiru egun egin genuen azkeneko bilera. Badakit haietako batek ardura azaldu zuela, baina orokorrean ulertu zuten: «Hala eta guztiz, egongo gara», hori entzun dugu gehien.

Osasun neurriak zorrotz betetzea erabaki duzue, beraz; baina, era berean, argi duzue aurrez aurrekoari eutsiko diozuela ere. Kontserbadorea ala ausarta da aurtengo azoka? Biak batera?

Beste inork erabakiko zukeen aurten azoka presentzialik ez egitea, eta kito, baina guk egin ditugun bilera guztietan ez dugu behin ere pentsatu berriz ere iazkoaren moduko azoka digitala egitea. Azoka presentziala egiteko erabakia hartu genueneko egoera ez zen oraingoa; hori ere aitortu behar da. Egokitzen eta moldatzen gabiltza: lehenengo-lehenengo, arauak bete behar ditugu, eta erabat errespetatzen ditugu.

1.200 pertsona sartu ahalko dira Landako gunera txanda bakoitzean, eta egunean bost txanda izango dira. Txanda guztiak beteta ere, pandemia aurreko 100.000 bisitarien herenak inguru sartuko dira gehienez ere aurten.

Askoz jende gutxiago da hori, baina 30.000 bisitari izatera heldu ahal gara, eta hori asko da.

Osasun egoerak okerrera egin ahala, hainbat hedabidek Durangoko Azokan jarri dute arreta azken egunetan. Ezerosoa egin zaizue?

Ez. Normala da. Iazkoan ere, ondorioak izan zituen komunikabideek eskaini ziguten arretak, zentzu onean. Eta, aurten ere, normala ikusten dugu zehaztu behar izatea. Gu geu ere beldurtuta geunden aste honetan zer gertatuko ote zen, eta ea zer mantendu ahalko genuen edo ea zer berriztu beharko genuen.

Bigarren salbuespenezko azoka izango da aurtengoa. Zer-nolako kaltea eragin dizue horrek?

Ezer planifikatzeko zailtasuna izan da aurtengo kalterik handiena. Ikaragarria izan da. Baina, era berean, esan balidate, orain dela urte bi, azoka erabat digital bat egingo ote genuen, ezetz esango nuke, ez ginela horretarako gauza izango, ezta ametsetan ere. Gogorra ez, oso gogorra izan zen iazkoa, baina ona izan da egin ahal dela ikustea.

Zer mezu eman nahi diezu herritarrei?

Bakoitzak bere profileko azokan parte hartu eta disfruta dezala. Batzuentzat bakarrik digitala izango da azoka hori aurten; beste batzuentzat, presentziala, edo biak batera ere izan daitezke. Guneek bertatik bertara antolatuko duten programaren berri emango duten bi streaming kanal ere izango ditugu horretarako.

Behin eta berriz zabiltzate jendeari arduratsu izateko eskatzen.

Hori da beste mezua, bai, dudarik gabe. Maskara jarrita edukitzeko, neurriak errespetatzeko, eta ,azokatik atera eta herria bisitatzean ere, osasun neurriak errespetatzeko: ez diogu inondik inora kalterik egin nahi ez durangarrei ez Durangori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.