Duela hamalau urte gripe bat gaiztotu zitzaionetik, gaitz neurologiko batekin bizi da Martxel Mariskal musikari eta idazlea (Hondarribia, Gipuzkoa, 1964). Doinuak eta letrak beti izan ditu bidelagun, «ondoezarekin elkarbizitzen ikasteko». Umetatik sentitu izan du idazteko beharra, ordea. «Haur sentibera nintzen; sekula ez diot utzi idazteari». Beti Mugan taldeko baxu jotzaile eta letren egilea aurrena, eta Lisabo taldearen hitzen eta poetikaren erantzule hurrena. Neurologoak bultzatuta idatzi eta plazaratu zuen Azken zakatzak (Susa) lehen poesia liburua, udaren aurretik: «Gure mugak ezagutu behar ditugula esaten dit». Ez lioke idazteari utzi nahi aurrerantzean ere.
Lisaboren letrek asko dute poetikotik. Baina beste behar bat askatzera dator Azken zakatzak. Hura oihu bat zen, eta hau...
Hau gehiago da elkarrizketa bat. Neure buruarekin lehenik, baina, era berean, ni ez naiz protagonista. Edo nik ez dut hala ikusten. Izan daiteke edonor, bakarrik ni egoera berezi batean nagoela, baina ez dut hori azpimarratu nahi. Niretzat, poesia lan bat da, ez da gaixo baten manifestua, edo ez dut hala ikustea nahi. Banekien oinazea presente egongo zela, baina ez da haren erretratu bat.
Lisaboren hitzetan bazegoen oinazea, eta bazegoen katarsia. Azken zakatzak honetan, oinazea badago, baina haren onartze moduko bat dago.
Lisaboren azken diskorako idatzitako hitzetan, bai, egon zen katarsi bat nire aldetik. Hori oso lotua zegoen Lisaboren musikarekin eta energiarekin, eta batze horretan sortzen den munduarekin. Ziur aski, horren ondorioz, lortu nuen beste lasaitasun bat, orain islatu dudana.
Azken zakatzak honetako poemaren bat izan liteke kantu bihurtzeko modukoa? Kantuak eta poemak, nork bere autonomia duela diote askok. Baina, sarri, aldagarriak ere badira.
Bai, ados nago. Hain zuzen ere, bai poemokin eta baita beste idatzi batzuekin ere, sarritan izaten dut musikatzeko nahia, bakarrik ez dudala indarra oraingoz, baina ez dut baztertzen. Poesia irakurtzeko da, eta nik ere hala ulertzen dut. Begietatik sartzen da. Eta kantuak belarrietatik igarotzen dira, baina bi eratara jokatu liteke. Nik uste dut Lisaboren hainbat kantu irakur litezkeela, poliki-poliki etxean. Niri beti gustatu izan zait kantuen hitzak irakurtzea musikarik gabe. Hor konturatzen zara musikaren munduan nor den idazle eta nor ez; trasbase hori niri ez zait batere fortzatua iruditzen, oso naturala izan liteke zenbait autoreren kasuan.
Minaren edo sufrimenduaren poesia eta oinazearen poesia gauza desberdinak dira?
Ondoeza nik lotzen dut urduritasunarekin, ezinegonarekin, zure eguneroko bizimoduarekin ezin asmatze horrekin... Antsietate hori. Eta bestea da mina, sufrimendua. Izan liteke emozionala, baina nire kasuan fisikoa da. Liburuan ez dago sufrimenduaren erretratua... Ez dut horretaz hitz egin nahi. Zertzelada batzuk badaude, baina ez dut hori erretratatu nahi. Iruditzen zait zerbait oso intimoa. Baina ondoez horrek baditu hainbat ondorio eguneroko bizitzan eta eguneroko harremanetan. Eta hori azaltzen da gehiago.
Eta azaltzen du asko gorputzaren presentziaren bitartez. Gorputzaren poesia da? Zentzuen poetika bat?
Askotan, oinazearekin etzanda nagoenean, mentalki errepasatzen dut gorputz guztia, goitik behera. Eta behetik gora. Eta sentitzen dut gorputza atalez atal. Halako ibilbide bat osatzen dut gorputzaren oso kontziente bilakatuz. Adibidez, ikusi dut botikek nire gorputzean duten eragina. Adin bat genuenean, modu batera edo bestera drogekin esperimentatu genuen, kalean. Baina modu ludikoan beti. Botikekin konturatzen zara erabat kimika garela. Sustantzia baten nanogramo batek eragin dezakeela pertzepzioaren aldaketa erabatekoa. Zuzenean eta une oro bizi duzu nola zauden medikazioaren menpe. Zure gorputzak funtzionatzen du kimikaren eraginez. Eta kimika ukituz gero... zenbaitetan, izutzera ere iritsi naiz nire gorputzaren zenbait egoerekin, kontrola galtzearekin, monoak bizi izan ditut... Une batean hartzen nituen zortzi medikazio topera egunero. Ez nintzen pertsona. 100 kilo pisatzen nuen , ezin nuen oinetakorik lotu... Gaur egun, zorionez, ez nago egoera horretan. Baina gorputzaren kontzeptu berri bat hartu nuen, haren menpe nengoela. Eta poemotan agertzen da hori.
Norberaren ondoezaren esperientzia dago, baina baita gizarteari egindako begirada kritikoa ere. Eta, bien artean, surrealismoa.
Batetik, egun, dena oso surrealista da. Printzipioz, oso arrazionalak gara pertsonok. Horrek desberdintzen gaitu beste animaliengandik. Baina bizitza guk nahiko genukeena baino irrazionalagoa da. Eta, gero, gizartearen egungo dinamika, modernitate ostea deitzen den honetan, ikaragarria da. Nik geldi arraio egon behar izan dut, derrigorrez. Horrek eskaini dit halako talaia bat behatzeko, eta izututa geratu naiz ikusita ze abiaduran doan guztia. Ez dut gidatzen, baina autoan sartu, eta autobidera joan, eta... abiadura fisikoa batetik, batetik bestera mugitzerakoan... Niretzat erronka bihurtu zen egunean gauza bakar bat egin ahal izatea. Pentsatzen jartzen bagara, ikaragarria da egun bakarrean zenbat gauza egiten ditugun. Energia oso urria duzunean iruditzen zaizu besteak erotuta daudela. Hori pentsatzen nuen.
Dena doa ziztu bizian, eta poesia denbora ere bada.
Gaur egungo informazioa nola mugitzen den, zeintzuk mugitzen duten, loturik dago denboraren ezintasun horrekin. Sare sozialen eragina nolakoa izaten ari den. Horrek zer dakarren. Nola gaituzten harrapaturik nahi duguna eskainiz, eta ez inposatuz. Aldous Huxleyren Brave New World-ek bete betean asmatzen du. Nahi duguna eskura jarri eta horrekin kontrolatu ahal gaituzte. George Orwellen 1984 kontrakoa zen, estatu diktatorial bat. Badirudi hori gaindituta dagoela... Byung Chul Han pentsalari hego-korearra hortaz ari da bere lanetan ere; Psicopolitica-n, adibidez. Facebook-en, esaterako, kontratu bat sinatzen duzu, eta zure kontuak produktu bilakatzen dira, eta, hala ere, onartu egiten ditugu... Gizartearen dinamika kezkagarria da oso. Niretzat, etsigarria da: alde batetik, ikusten baitut robotika, zientzia eta informatika mundu apasionagarriak direla, eta, hori guztia ondo bideratuz gero, orain gutxira arte pentsaezinak ziren kontuak lor daitezkeela, bai medikuntzan, bai hezkuntzan, denon ongizaterako.
Haurtzaroa berreskuratu nahi du poetak, edo egungo gizarte indibidualista, hiperkontsumista aldatu?
Uste dut haurtzaroa berreskuratu behardugula, bai. Zergatik? Haurtzaroaren inozentzia berreskuratu behar da, inozientzia hori ondo ulertua. Horrekin esan nahi dut, batetik, behatzeko gaitasuna berreskuratu behar dugula. Ukitzen, susmatzen, deskubritzen dugun guztiaz kontzientziatzea eta disfrutatzen jakitea. Igaro gara garai batera non uste dugun helduak garela, baina ez gara helduak. Haurraren gauzarik interesgarrienak galdu ditugu: gardentasuna, kuriositatea, jolaserako gogoa... eta, bestalde, ardurarik ez dugu hartzen. Errua beti bestearena da, eta abar. Badakit haurtzaroa ez dela etapa idiliko bat, baina kontzeptu bezala ez diot begirada galdu nahi. Gainera, konturatzen naiz haurrak nola erabiltzen ditugun. 50eko hamarkadan, AEBtan, telebista eta publizitatea agertzea izan zen haurtzaroaren eta heldutasunaren arteko marra suntsitzeko perfektua. Orain, sare sozialekin areagotu egin da kontua ikaragarri. Ez dugu errespetatzen haurren mundua, haurrek berehala heldu izan nahi dute. Haurtzaroari errespetua galtzen ari gara.
1990etako hamarkada bete-betean bizi izan zenuen musikari dagokionez; indie-rocka Euskal Herrian txertatzen aitzindari izan zen Beti Mugan. Grungea, nihilismo molde baterako joera... Belaunaldi horrek agerpen literario handirik ez du izan gurean.
1990etako grungeak eta rock alternatiboak nahiz gerokoak izan zuten beren isla Euskal Herrian, bai musikalki eta bai estetikoki, baina, hitzen aldetik, uste dut hankamotz geratu zela. Ez Dok Amairuren garaian, testuinguru oso berezia zen eta hitz molde bat idaztera bultzaturik zeuden. Erraz sailka daiteke zer hitz egiten ziren Euskal Rock Erradikalaren [RRVa] garaian ere. Eta, geroztik, salbuespenak salbuespen, jarraipen bat izan da kasik, edo kantautoreen hitzak edo RRVaren arrastoa. Musikalki, agian, bai, egon zen agerpen berri bat 1990etan grungeak eta rock underground anglosaxoiak eraginda: Pixies eta beste, baina hitzetan... Bazegoen Ama Say, edo Dut... baina ez askoz gehiago. Baina, errepikatzen den kontu bat da hori, hitzei garrantzia ez ematearena, aurrerantzean ere gertatuko dena. Talde bat elkartzen da musika egiteko eta garbiago izaten du zein musika egingo duen, ez horrenbeste zein hitz idatzi nahi dituen, zer kontatu nahi duen. Askorentzat, sormen prozesuaren azken kontua da hitzak idaztea. Zer esan nahi dugu? Ez da galdetzen hori. Horrek nortasuna kentzen dio talde bati. Nik garrantzia ematen diot hitzaren pisuari, bai musika entzutean eta bai egitean.
Ez bakarrik kantuen hitzetan. Belaunaldi hark ez du gorpuzte literariorik izan, hein handi batean..
Literaturan ere forma aldetik eta abar, oro har, jarraipen bat egin da. Idazle onak baditugu, baina ez da egon garaiarekin batera esperimentatzeko joerarik. Ez dakit neurri batean nahiko tradizionalistak ez ote garen. Edo ez dugun ausardiarik, edo... herri txikia garenez gero, jendea etiketatua sentitzen da berehala, eta zerbaitek funtzionatzen badio, hortik jarraitzen du. Horregatik, garrantzia ematen diot puntu surrealista horri, eta idazteko modu hori asko gustatzen zait. Eta egiten jarraituko dut. Idazkera automatikoa ere lantzen ari naiz, eta egingo dut. Ni ez naiz nor esateko hori poesia den, edo ez den, edo Euskal Herrian funtzionatuko duen... bakarrik dakit jariotasun horretan sinisten dudala beste forma espresibo batzuetan baino gehiago. Halako testuek askatasun bat ematen didate bai formalki eta bai eduki aldetik, eta oso identifikatuta sentitzen naiz.
Martxel Mariskal. Idazlea
«Ez diot begirada galdu nahi haurtzaroari»
Oinazea presente ezinbestean, baina haren erretratua baino gehiago, eguneroko bizitzan uzten dituen arrastoen azalpen poetikoa. Poesiari ez ezik, bizitzari ere heldu dio 'Azken zakatzak'lehen poema liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu