Ez diete haria etengo, oraingoz

Musikariak Ikastetxeetan programari eutsiko dio Nafarroako Gobernuak; Euskarabideak kudeatuko du aurrerantzean. Gobernuak ez du eman aurrekontuaren gaineko daturik

Musikariak Ikastetxeetan programaren aldeko elkarretaratzea, atzo, Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren parean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Zazpi egunean, bi ustekabe; hala laburtu liteke Musikariak Ikastetxeetan programaren antolatzaileek aste honetan bizitakoa. Espero gabeko lehenbiziko notizia, hau: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak programa etetea erabaki zuelako jakinarazpena. Gobernuak joan den asteko ostiralean eta posta elektronikoz abisatu zituen antolatzaileak, aparteko azalpenik eman gabe. Ordutik astebetera, atzo, egitasmoa eten izana salatzeko elkarretaratzea egitekoak ziren Iruñean, Ez dadila haria eten lelopean. Protestari ekiteko ordu erdi falta zelarik heldu zen bigarren ustekabea. Abisu bat: Nafarroako Gobernuak eutsi eginen dio Musikariak Ikastetxeetan programari. Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuak hartuko du bere gain. Euskarabidea institutuak kudeatuko du.

Programaren antolatzaileek nekez espero zezaketen halakorik. Gainera, oraingo aldian, aurrekoan baino are modu hotzagoan jaso dute albistea. Ohartarazpena ez da izan posta elektroniko bidezkoa. Gotzon Barandiaran proiektuaren sortzaile eta koordinatzaileak kontatu duenez, kazetari baten bitartez izan du erabakiaren berri: «Guri inork ez digu ezer komunikatu. Inork ez digu deitu». Apenas jaso duten informaziorik, eta, hain justu horregatik, argitu beharreko galdera asko dira kudeaketaren gainean.

Izan ere, Nafarroako Gobernuak plazaraturiko oharrean, datu bakar batzuk baizik ez dituzte eman. Batik bat, nabarmendu dute Euskarabidea eta Hezkuntza Departamentua akordio bat lantzen ari direla, Musikariak Ikastetxeetan programaren jarraipena bermatzeko. Agiriaren arabera, akordioaren bidez bermatu nahi dute programak «lehentasun berriei arreta jartzea». Diotenez, nahi dute programan lantzen direnak estuago egotea curriculumari loturik, hala nola euskararen ahozko eta idatzizko adierazpena eta ulermena indartzea. Bestalde, ez dute plazaratu aurrekontuari buruzko inolako daturik.

Ezinbestean, programa bizirik dagoela jakin izanak nabarmen aldatu du Iruñeko elkarretaratzean bilduriko lagunen aldartea. Batik bat, arindua hartu dute. «Izugarri pozten gara programak aurrera egingo duelako. Zorionak ikasleei, irakasleei, musikariei eta Nafarroako hezkuntza komunitateari, programak iraungo duelako. Eta eskerrik asko babesagatik», nabarmendu du Barandiaranek. Halere, pozak poz, argi erakutsi dute oraindik badutela zeresana eta zer aldarrikatua. Baita zer kantatua ere.

Izan ere, antolatzaileek irmo eutsi diote protestari, eta aukera aprobetxatu dute Musikariak Ikastetxeetan programak azken bost urteotan eginiko ekarpenak nabarmentzeko. Musika ere baliatu dute asmo horretarako.

Iban Urizar Amorante-k eman dio hasiera elkarretaratzeari, tronpeta esku batean, eta ezkila bestean. Doinu lasai eta goxo batez, berehalakoan erdietsi du herritarren arreta bereganatzea. Giroa guztiz xamurtua zelarik, beste artista batzuk azaldu dira erdigunera: Pantxix Bidart, Paxkal Irigoien, Jurgi Ekiza eta Aguxtin Alkhat. Kirmen Uriberen Hizkuntza bat olerkia interpretatu dute, kantuaren hitzek programaren aldarriak ederki biltzen dituelakoan: «Hizkuntza bat itzalaren antzekoa da/ Ukabila altxatuz gero/ hark ere altxatu egingo du/ Ihesi bazoaz/ hark ere zure atzetik egingo du ihes». Segidan, Jon Gurrutxaga aritu da kantuan.

Ekarpen ukaezina

Hezkuntza Departamentuak 2018an abiatu zuen Musikariak Ikastetxeetan programa, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean euskara eta kultura bultzatzeko helburuz. Saioetan, askotariko jarduerak egin dituzte: hala nola kantak sortzeko prozesuen berri eman eta euskarazko kantagintzaren historia eta oraina esplikatu.

Mikel Inuntziaga Inun eta Esti Markez musikariek nabarmendu dutenez, programaren baliozkotasuna ezin da dudan jarri. Bien artean aletu dituzte haren bidez lantzen diren alderdi batzuk. «Euskaraz sortzeko grina transmititzen diegu: kulturgintzaren transmisioa, edukiak eta jakintza zabaltzeaz gain, sortzeko gogoa piztea ere bada, nork bere burua ahalduntzea», azaldu du Markezek. Halaber, Inunek nabarmendu du gobernuak kontrakoa iradoki arren Musikariak Ikastetxeetan programa ederki egokitzen dela curriculumaren eskakizunetara.

Aldarriarekin bat egiteko, 30 musikarik baino gehiagok sinatu dute egitasmoak plazaratutako agiria. Hauek dira sinatzaileak: Erik Berganza Abereh, Aguxtin Alkhat, Iban Urizar Amorante, Aneguria, Birkite Alonso Birkit, Eñaut Elorrieta, Esti Markez, Gorka Urbizu, Habia bikotea, Ibai Osinaga, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Iñigito Txapelpunk, Jon Basaguren, Jon Gurrutxaga, Joseba B. Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Elena Caballero, Lide Hernando, Maite Larburu, Maria Rivero, Mikel Inun, Mikel Markez, Mikel Urdangarin, Miren Narbaiza, Odei Barroso, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Pantxix Bidart, Paxkal Irigoien, Rafa Rueda, Thierry Biskari, Tristtan Murgi, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.