Bakardadean garatutako sormen lana eta esperientzia kolektiboa uztartzen dira Moxal proiektuan. Hannot Mintegiak jarri zuen abian egitasmoa, joan den hamarkadaren amaieran, eta dagoeneko Forbidden Colours zigilupean argitaratutako hiru disko eman ditu, Zaldikatu (2019), Arrebetxe (2020) eta Nabar (2023), elkarren artean lotura argiak erakutsi arren, nortasun zeinu bereizgarriak dituztenak hirurak.
Urteetan Audience taldeko gitarrista izan zen Mintegia, baina, Zaldikatu-rekin eta izen artistiko berri batekin azaldu zenean, argi ikusi zen Moxalen musikak zerikusi gutxi zuela bere talde ohiaren folk, country eta rock aireekin. Ilunagoa zen Moxal, esperimentalagoa, eta giro bereziak bilatu eta plazaratzen zituena. Lan hartako kantuak Mintegiak berak sortu zituen, baina, haiek grabatzeko, lagun ugariz inguratu zen: Aiora Renteria (Zea Mays), Miren Narbaiza Mice, Mursego, Ainara LeGardon, Aitor Etxebarria, Gaizka eta Ager Insunza (Audience) eta Txufo Wilson (Empty Files), besteak beste. Eta Jose Lastra ekoizleak ere lagundu zion proposamenari forma ematen.
Arrebetxe, pandemia tarteko, disko biluzia izan zen, Mintegiak bakarrik grabatutakoa, eta orain dela gutxi iritsi da Nabar, nolabait estreinako lan haren izpirituari jarraitzen diona. Baina hartaz ezberdintzen duten ñabardurak ere biltzen ditu: «Hasieran, lehenengo diskoaren jarraipen moduan ikusten nuen lan hau, Zaldikatu atera eta oso segidan hasi nintzelako kantu hauekin lanean; ideiak sortzen eta kolaborazioak planteatzen», hasi du azalpena Mintegiak, eta jarraitu: «Baina gero pandemia iritsi zen, eta derrigorrez bakarrik egin beharreko proiektua sartu zen tartean: Arrebetxe. Lan hori esplorazio moduko bat izan zen niretzat. Beti esaten dut horrekin hizkuntza berri bat ikasi nuela, abestiak egiteko eta gitarra jotzeko hizkuntza berri bat. Ondorioz, hirugarren lan honi heltzerakoan, bi aldeak uztartzeko intentzioa egon da; soinu handiago eta korapilatsuago hori nahiz alde intimistago edo soilagoa batzekoa».
Izan ere, Zaldikatu atera eta berehala hasi zen azken disko honetako kantuak lantzen, 2019ko azaro-abenduan. «Egun batzuk egin nituen Jose Lastrarekin estudioan, Miren Narbaiza ere joan zen, abesti batzuk egin genituen, haietako batzuk nahiko luzeak. Badira kantu pare bat diskoan atera ez direnak, adibidez, orduan landutakoak». Nabar-en, Micez gain, Legardonek, Etxebarriak, Joseba B. Lenoirrek eta Anarik hartu dute parte, beste batzuen artean.
«Hirugarren lan honetan, bi aldeak uztartzeko intentzioa egon da; soinu korapilatsuago hori nahiz alde intimistago edo soilagoa batzekoa».
Zaldikatu-k bezala, Nabar-en folk tradizioa eta abangoardia esperimentala, popa eta geruza ilunak uztartzen ditu musikariak, askotan kantu berean. Mintegiaren lan egiteko moduaren emaitza ere bada kolore ugaritasun hori: «Ez ditut egiten kantu oso itxiak, eta espazio asko uzten dut libre, edozein momentutan kantua bera interbenitua izateko». Hori ahotsen tratamenduan ere nabaritzen da, Mintegiak dioenez, gustatzen zaiolako «kolore eta tinbre» ugari biltzea kantuan. «Nire ahotsak kontrapuntu bat behar izaten duela iruditzen zait askotan. Aparte, aitzakia bat ere bada asko gustatzen zaizkidan artistekin lan egiteko, euren jakintzaz nik ikasteko. Gainera, ni neu ere harritzeko modu bat da, nik bestela egingo ez nukeena egiteko. Adibidez, Micerekin lanean, ideia batetik has gaitezke, koro bat egiteko asmo hutsarekin, baina halako batean leku handiago bat hartzen du haren ahotsak, eta nirea pixka bat desagertzen da».
Eta horrek berak beste nonbaitera eramaten du kantua askotan. Anarirekin grabatu duen pieza (Pozau ezin) jarri du horren adibidetzat: «Kantu hori sortu nuenean, lehenengo pentsatu nuena izan zen oso Anari zela, oso Nick Cave & The Bad Seeds, eta ausartu nintzen Anariri proposatzera. Hasieran, asmoa zen berak abestea, baina probak egiten hasi eta bion ahotsak nahastuta, polit geratzen zela pentsatu genuen. Momentu batzuetan ez da bereizi ere egiten bi ahotsak».
Sormen lan ibiltaria
Etxean hasi zen Nabar osatu duten kantuak osatzen Mintegia, baina gero beste toki batzuetan ere landu zituen, hala nola Urdaibaiko larre batean paratutako etxe ibiltari batean eta baita Gernika inguruko etxola batean ere. «Gero, Ainara Legardonekin ere izan nintzen bizpahiru egunez Irunen [Gipuzkoa], Miren [Narbaiza] eta Joseba B. Lenoiren estudioan ere bai, baina, bukaeran, garbi nuen Tio Pete estudioan bukatu behar nuela, Jose Lastrarekin. Azken batean, kantuetan detaile berriak sartzen aritu zaitezke etengabe, baina iristen da momentu bat zeinetan bukatu behar duzun. Ordura arte bueltaka ibiltzen naiz, puzzle moduko bat sortzen, baina bukaeran itxi egin behar dut dena».
Puzzlearen ideia ez zaio berria Mintegiari. «Audienceren garaian ere, hasten ginen ideia batekin, eta kantua hazten joaten zen, guk ere ez genekien nonbaitera iristeraino». Bideo editorea da ogibidez, eta uste du edizio lan hori musikara ere eramaten duela. «Oso barneratua daukat hori». Eta eremu horretan intuizioak garrantzi handia du harentzat: «Denboragaz eta esperientziagaz ikasten duzu zerk ahal duen funtzionatu eta zerk ez. Intuizio hori domestikatzen ere bai».
«Denboragaz eta esperientziagaz ikasten duzu zerk ahal duen funtzionatu eta zerk ez».
Kontrastez beteriko diskoa da Nabar, esparru antagonikoak izan daitezkeenak elkarri lotzen dituena. Joera hori «kontzientea baina ez oso kontrolatua» dela aitortu du musikariak: «Audiencen ere bazegoen kontraste bat kantu batzuetan. Moxalen kasuan ere bai. Ez dakizu abestiak nora eramango zaituen». Horren adibidea da, esaterako, Ridikulue, deseraikitako folk kantu gisa hasi eta drum’n’bass erritmo batekin amaitzen dena. «Niri gustatzen zaizkidan gauzak adierazteko adibide zehatzena izan daiteke hori. Gustatzen zait folk artydestartalatua, Will Oldham, Mikel Laboa..., baina baita Tricky, Roni Size, Four Tet ere. Abesti hori konplexua izan da ekoizteko, eta asko-asko kendu behar izan dugu. Hortik abesti bat ateratzea izugarrizko lana izan zen!», azaldu du barrez.
Aldi berean, bada diskoan pop doinuetara lerratzen den kantu bat ere: Gukguregugu. «Kantu hori oso argi izan nuen. Gitarra txiki zahar bat erosi nuen, eta harekin egin kantua. Ez nuen beste ezerekin kamuflatu gura izan. Kanturik zuzenena da, lelo garbiena duena».
Era berean, giroari eta soinuari garrantzia berezia ematen die Mintegiak: «Soinuaren estetikak asko erakartzen nau. Adibidez, 1990. eta 2000. urteetako ekoizpenak oso garrantzitsuak izan ziren niretzat. Floodenak, PJ Harveryrekin John Parishek egindakoak, saturazio bat daukaten gitarrak. Barruan dauzkat, eta imajinario horretara gerturatzen saiatzen naiz Lastraren laguntzaz».
Inkontzientearekin hizketan
Hitzekin, musikarekin bezala, alde iluna eta argia uztartzen ahalegindu da Moxal. «Hitzak zerbait ulertzeko edo onartzeko ariketa dira». Alde horretatik, bere alde inkontzientearekin konektatzeko ahalegin bat ere badira. «Oso esoterikoa ematen du, baina hala izatea gustatzen zait. Idazketa automatikoaren teknika erabiltzen dut, eta gero, gelditu, irakurtzen hasten naiz, eta ikusten dut zerk balio duen eta zerk ez. Horregatik, kantu batzuek ez dute koherentzia handirik hitzen aldetik, eta esaldi bat errepikatu daiteke beste kantu batean».
Hainbat kontzertu eman ditu diskoa atera zuenetik, eta gaur du beste emanaldi bat, Markina-Xemeinen (Bizkaia). Bertan Miren Narbaizak lagunduta ariko da Moxal, eta haren ondoren Rudigerrek The Dancing King lan berria aurkeztuko du.
KONTZERTUA
Non: Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunea.
Noiz: Gaur, 20:00etan.