Jose Luis Zumeta. Artista

«Ez dakit nola pintatu»

Zirriborrorik gabe eta aurrez pentsatutako egiturarik gabe jotzen du Jose Luis Zumeta margolariak oihal zuriaren aurka. Bertigorik ez duela dio: «Inoiz baino libreago naiz». Bilbon bildu dituzte haren azken lanak.

Inigo Astiz
Bilbo
2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Bizitza osoa darama pintatzen, eta hamarkadak joan dira euskal artista nagusien zerrendan sartu zenetik. Probokazio puntu argia du horregatik esaldiak Jose Luis Zumeta artistaren ahotan (Usurbil, Gipuzkoa, 1939): «Ez dakit pintatzen». Gehiegizkoa dirudi baieztapenak, baina ezin esan gezurretan ari denik. Pintzela beste babesik gabe egiten dio aurre artistak oihal zuriari egunero, eta, beraz, margotu ahala doa margotzen ari dena ezagutzen. Zirriborrorik gabe, aurrez pentsaturiko gairik gabe, baina baita beldurrik gabe ere. Aldiro jaio berri. «Koadroak agintzen du». Konpultsiboa du jarduna, eta aurten hiru erakusketa egin baditu ere, tailerrean oraindik inon erakutsi gabeko koadro sorta bat baduela dio. Donostian erakutsi zituen bere lanak otsailean; Baionan izan da udan, eta Bilboko Juan Manuel Lumbreras galerian ireki berri du erakusketa orain. Mintzaezina zaionaz aritu da bertan hizketan BERRIArekin. Ez dakien horri buruz dakien guztiaz.

Ez zara artelanei buruz asko hitz egin zalea.

Literatura gehiegi sartzen da pinturan gaur egun. Literatura behartzat ikusten da, eta ez dago haren beharrik. Baina horretan dago artea egun; bideak literaturaren aldera jotzen du asko. Arte kontzeptualaren mundu horrekin sartu da literatura, eta literatura kaltegarria da pinturarentzat. Nire ustez. Artistek asko hitz egiten dute beren koadroez. Eta tituluak jarri beharra, azalpenak eman beharra, eta hori guztia niretzat faltsua da; pinturak zer ikusirik ez dauka horrekin.

Urtebete bada erakusketarik egin ez duzula, baina ez zaitut urtebetez estudioan lan egin gabe imajinatzen.

Ez! Ia egunero pintatzen dut. Bi urte dira azken erakusketa Iruñean egin nuela. Eta orain [Bilboko Juan Manuel Lumbreras galerian] jarri ditugu azken hiru urteko lanak. Hautaketa bat, zeren orain hiru erakusketa izan ditut kasik batera, Baionakoa, Donostiakoa eta hemengoa. Eta oraindik ere asko gelditzen zaizkit estudioan, inon jarri gabe ditudanak.

Badago puntu ia konpultsibo bat zure lanetan. Zerk bultzatzen zaitu pintatzera?

Egin beharrak. Ez badut pintatzen, ez naiz ongi aurkitzen. Oreka bilatzeko da, eta bizitzeko gogoa. Pintura niretzat oso garrantzizkoa da; hori gabe ez naiz aurkitzen neure buruarekin. Ematen du txorakeria bat dela hori hala esatea, baina hala da. Niretzat gauza beharrezkoa da; egunero zer edo zer egin beharra daukat, eta horretan gabiltza.

Urteak daramatzazu pintatzen, eta igartzen dira aldaketak sasoiz sasoi. Baina nola bizi dira orain arteko Zumeta horiek guztiak egungo Zumeta bakar horrengan?

Ez dut askorik begiratzen. Nik uste dut orain libreagoa naizela lanean. Eta nahiz eta orain urte gehiago ditudan, freskoago aurkitzen naiz lehen baino, eta egitura libreagoa dut, kolorea ere libreagoa, eta egiteko era ere libreagoa. Pixkanaka nik uste ari naizela estilo pertsonalago batera ailegatzen. Nire estiloa garbiagoa da.

Hurrengo urtean aurtengo lanak ikusi eta kontrakoa irudituko zaizu akaso.

Bai! Ikusten ditut batzuetan orain dela hamar urteko koadroak, eta pentsatzen dut; «Orduan hobeto pintatzen nuen!». [Barreak]. Hori ere gertatzen zait, bai.

Elkarrizketa askotan aipatzen duzu fresko aritu nahia.

Nahi gabe etortzen diren gauzak dira niretzat onenak, zoriak edo kasualitateak dakartzanak. Hori da benetako pizgarria niretzat, jakinduria baino gehiago. Pinturan batek ez daki ezer ere. Nola pintatu ez dakit, baina hasten naiz, eta nolabait ere berak erakusten dit. Kasualitatez bi konexio aurkitzea da kontua; forma batek bestearekin du lotura, eta bide bat ematen du. Jakin, aurretik, nik ez dakit ezer ere. Pinturaz ez dakit ezer ere; momentuan ikusten dudana, hori da. Ikusi egiten dut, ikusi baina koadroan bertan, ez buruz, baizik eta koadroan bertan azaltzen delako.

Pintatzeko ekintzan bertan gertatzen da pintura zuretzat.

Ekintzako pintura da nirea, eta ni ekintzako pintorea. Gogoeta dago beti, baina gehiago naiz ekintzakoa pentsamendukoa baino.

Aurrez zirriborrorik batere gabe hasten zara lanean, beraz. Bertigorik ez duzu izaten?

Hori da nire ofizioa, eta ohituta nago jadanik; beldur guztiak galduak dauzkat.

Hiru urte badira ETAk jardun armatua eten zuenetik, eta 2011ko urriaren 20 hartako Gara egunkariak zure Gernika koadroa hautatu zuen azal historiko hura ilustratzeko. Zer sentitu zenuen keinu horrekin?

Bueno... ez dakit zer esan. Jendeak ikustea koadro hori eta lan hori hautatzeak poz handia eman zidan. Popularra egin da koadroa, nik uste. Egunkariak aurrez kopia txikien serie bat kaleratu zuen, eta jende askok jarri du etxean. Positiboa da, dudarik gabe, baina ez dakit, ba, zer esan...

Pixka bat arraro egiten zaizu hori zuri.

Arraroa ere bai, hainbeste etxetan egotea irudi hori. Egin da pixka bat...

Jadanik ez da zurea soilik.

Ez, ez; nirea da. Oso koadro handia delako da nirea oraindik ere. Picassorenaren berdina da neurria: 7,80 metro zabal eta 3,5 metro luze. Galeria honetan ez litzateke sartuko altueraz.

Entzuna dizudanez, saiatu ziren zure koadroa Gernikako udaletxera eramaten, baina ez omen zen sartzen.

Ez, ez zen sartzen.

Eta zurea sartzen ez bazen, Picassorena ere ez zen sartuko.

Azkenean, jarri zuten nire koadroa Gernikan nonbait, baina pixka bat etzanda, zeren sabaiak ez zuen ematen.

Eta zer sentitzen duzu zure koadroa ere ikur modura hartzen dutela ikustean?

Niretzat sorpresa izan da lan horrek halako arrakasta lortzea. Asko lagundu dute horretan Gara-koek egin zituzten kopiek, baina pixka bat sorpresa izan da. Nik baloratzen nuen eta baloratzen dut, baina ez nuen espero halako harrerarik. Baina hori publizitatearen eragina da, noski. Etxez etxe eramaten bada, gauzak beste gorputz bat hartzen du.

Animazio film labur ere bihurtu zuten koadro hori.

Nire lagun batek egin zuen [Angel Sandimas zuzendariak]. Lagundu nion hartarako figura batzuk egiten, eta leku askotara eraman dute. Orain Portugalen ari dira proiektatzen, eta Errusian izan da, Italian eta Argentinan.

Sentitzen duzu gizartearen berotasunik?

Gaur egunean, inori ez zaio interesatzen pintura, edo oso jende gutxiri. Alde horretatik, oso tristea da, zeren jendeak ez du erantzunik ematen. Jendea ez da etortzen ikustera. Inoiz baino pobrezia handiagoa ikusten dut nik, alde horretatik. Iruditzen zait jendeak gutxi dakiela eta, gainera, interesik ez daukala. Berotasuna? Nik neuk neure buruarekin bakarrik.

Arte munduak estimatzen du zure lana, ordea.

Hori bai, baina oso jende gutxi da artea ikusten duena eta hori baloratzen duena. Oro har, ez dago esaterik pintura modan dagoenik. Alderantziz. Baina bai: nik errekonozimendua badaukat.

Pozgarria izango da hori.

Bai, baina tailerreko lana da inportanteena niretzat. Gero jendeak zer esaten duen eta zer ez duen esaten bigarren mailakoa da.

Zure lan prozesua erakusten duen dokumental bat egin zuten orain urte gutxi, eta esaldi bat ageri da bertan. «Gelditzen bazara, zure bizitza ez da existitzen».

Tremendista da hori, ez?

Zure hitzak dira, bada.

Bai, baina askotan... [Barreak]. Esajeratu samarra da, baina egia ere bai. Egia da, baina gehiegizkoa da. Biziko nintzateke geldi ere, noski; gaizki biziko nintzateke, baina biziko nintzateke.

Inoiz egon zara pintatu gabe?

Bai, sasoi batzuk izan ditut. Orain gutxiago. Astebetean ez pintatzea oso arraroa da orain, baina garai batean eduki nituen beheraldiak, eta igual pasatu izan ditut bi-hiru hilabete pintatu gabe, ezinean eta nola hasi jakin gabe. Garai txarrak dira horiek, baina beti ateratzen da bat zulotik.

Nestor Basterretxea ere oso sortzaile konpultsiboa zen, eta azken sasoian etengabe egiten omen zuen lan. Esaten zuenez, sortzea zen heriotzaren ideia burutik kentzen zion bakarra.

Heriotza bertan dagoenean nik uste lan gehiago egiten dela. Zer edo zer utzi nahia edo ez dakit zer den, baina hala gertatzen da. Rafa Balerdik ere nik uste bihozkada bazeukala heriotza bertan zeukala eta egunero egiten zuen koadro pare bat. Arratsaldean koadro bat, eta goizetan marrazki pare bat. Egunero. Nik uste dut heriotza uxatzeko dela edo heriotza heldu baino lehenago azaldu nahi delako zer edo zer, edo hil ondoren zure zerbait uzteko. Ez dakit zer izango den.

Gazte zinela, Parisera joan zinen, eta, kontatzen duzunez, erabat harrituta gelditu zinen han ikusitakoekin. Dena egiten zitzaizun berri.

Hemengo mundua oso grisa zen; ez zegoen ezer ere. Eta egun batetik bestera abangoardian sartzea zen hura. Eta ni harrituta nengoen, noski.

Ikusten duzu oraindik harritzen zaituen gauzarik?

Aspaldi ez dut ikusi ezer benetan esateko...

Gero eta barrenagorako ari zara agian?

Bai. Gainera, iruditzen zait ikusten ditudan gauzak lehen ikusitakoak direla. Oraingo abangoardia askotan da 60ko hamarkadakoa bezala. Zerikusi handia dauka. Ez dut ikusten abangoardiako bide bat. Ez dut ikusten abangoardia bat dagoenik. Nire hutsa izango da beharbada, baina ez dut ikusten aurrerapen bat argia. Nire ustez, dena nahastuta dago eta nahasmen handia dago. Lehen kubismoa zen, espresionismoa, surrealismoa... Orain, berriz, dena nahasita dago; elkarrekin bizi dira bata eta bestea. Oso zaila da abangoardia non dagoen jakitea.

Orain artista gazteentzat zailagoa izan daiteke zuk bizi izandako harridura hori bizitzea ere.

Dudarik gabe. Hori pena da, baina hala da. Ez dago konparazio bat egiterik gure garaiaren eta oraingoaren artean. Gurea zaila zen, baina orain nahasketa izugarria da, eta okerragoa da agian, zailagoa. Nondik jo haztatzea lehen baino zailago iruditzen zait. Gainera, lehen nola ez zegoen ezer hemen, edozein gauza balekoa zen [barreak].

Zure koadroak ikustean, argi igartzen da gehienetan zureak direla.

Ez diot halako meriturik ikusten horri. Hori normala da. Hainbeste urte aritu naizenez lanean eta behin ere ez dudanez egin gauzarik interes ekonomikoengatik,normala da estilo bat azaltzea. Nik ez diot neure burua behin ere saldu ekonomiari, eta ez naiz aritu pintura komertziala egiten. Benetako pintura da; tranparik ez dago. Eta logikoa: badu itxura bat, bere estiloa.

Lehen esan duzu orain hamar urteko lanen bat ikusita batzuetan pentsatu izan duzula orduan hobeki aritzen zinela. Maiz berrikusten duzu egiten duzuna?

Koadroak ezberdin ikusten dira orain eta orain dela hamar urte. Nahi gabe ere ikusi beharra daude koadro zaharrak. Etortzen da norbait tailerrera eta ikusi nahi ditu koadroak, eta, azkenean, ikusi egiten dituzu zuk ere. Batzuetan, gertatzen zait ez naizela gogoratzen egin ditudan koadroekin.

Gaur taldeko kide izan zinen. Hurbil sentitzen dituzu oraindik ere zurekin abangoardiako kide izan zirenak?

Denok atera gara aurrera. Talde hartako kideei begiratu, eta inork ez du atzera egin: denek egin zuten aurrera. Balerdi, Sistiaga, Basterretxea... denek jarraitu zuten aurrera. Nik uste dut taldeak asko lagundu zuela gure profesionalizazioan. Pizgarria izan zen, eta obligazio bat ere bai. «Joño, ni hemen nagok, eta zer edo zer egin beharko diat, ba!».

Baduzu harremana haiekin oraindik ere?

Bi bakarrik gelditzen gara: [Jose Antonio] Sistiaga eta ni. Hil egin dira beste guztiak. Nik harreman handiena Balerdirekin nuen. Balerdi asko baloratzen dut pintore gisa eta pertsona gisa. Eta traturik handiena harekin nuen.

Zure edozein garaitako koadroak ikusita, beti hitz bat etortzen zait burura: bitalismoa. Badute beti halako bizi nahi bat.

Edo desesperazioa. Askotan indarra nondik datorren ez daki batek.

Desesperatuta zaude?

Ez. Baina batzuetan ezin horrekin desesperatu egiten da bat, eta indar bat etortzen da hortik ere. Ezin horretatik ere sortzen da bitalismo bat edo atera behar bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.