Antxiñe Mendizabal. Idazlea

«Ez dakit maitasuna gauza natural bat den»

Iruñeko familia bereko hiru emakume belaunaldi jarri ditu protagonista 'Odolekoak' bere lehen nobelan. Haien bidez, ama-alaben arteko loturez eta memoriaz gogoetatu du idazleak, 1941etik gaur arteko garaiaren kronika ere osatuta, aldi berean.

JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Indarkeria; kontzientzia; maitasuna. Gehitu hitz bakoitzari -ren memoria, eta horra Odolekoak (Elkar, 2020) nobelaren hiru atalen izenak. Horietan aurki litezke, hain zuzen, Antxiñe Mendizabalen (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968) lehen eleberriaren gako nagusiak. Kontzeptuok —edo haien ezak— zeharkatzen baitute narrazioko emakumeen bizitza. Iruñeko familia bereko hiru belaunalditako ama-alabak jarri ditu idazleak protagonista: Matilde, Teresa eta Amaia. Sei hamarkadatako historiako gertakariak atze-oihal gisa ipini, eta emakumeon eguneroko bizitza ekarri du lehen planora, andreak nagusi diren pertsonaia sorta zabala osatuta. Haien bidez, amatasunaz, alabatasunaz, familia loturez eta memoriaz egiten du gogoeta, besteak beste.

Nondik nora sortu zitzaizun istorio hau idazteko lehen bulkada?

Ama-alaba batzuen arteko harremana nuen buruan. Alaba maite ez zuen ama bat, ama zigortzaile bat... horiek izan ziren lehen irudiak, eta nola errepikatzen ziren alabaren bizitzan amaren bizipenak. Zenbat eta indar handiagoz esan «ni ez naiz halakoa izango»,esan nahi du konturatzen ari zarela gero eta antz handiagoa duzula nahi ez duzun horrena. Jolas hori baneukan, garen hori ukatzea, kasu honetan amaren figura. Lehen bulkada hori izan zen; ez zegoen testuingururik, ez garairik, ez ezer.

Eta gerraosteko Iruñea hautatu zenuen girotzeko. Zergatik?

Bai, hori ere oso berandu aukeratu nuen. Lehenengo, pertsonaiak osatzen joan nintzen. Testuingurua jarri beharra, ziurrenik, ezintasun batetik iritsi zen, ez nekielako nobela nola gauzatu lurrik gabe. Horren bila hasteak urte haietara eraman ninduen; lekua geroago etorri zen. Nik ez dut Iruñea bereziki ezagutzen, baina iruditu zitzaidan bazuela nahikoa distantzia fikzio bat sortzeko. Aldi berean, pertsonaiak hain muturrekoak izanik, eta Iruñekoa zein Nafarroakoa garai hartan eta gero horren gizarte polarizatua izanik, iruditzen zitzaidan haien bizipenekin hobeto emango zuela.

Bestetik, Iruñeko erdal giroan kokatua dago, eta giro hori ezagutzen dut, Zumarragakoa naizelako eta urte askoan zaharrekin bizi izan naizelako. Abantaila txiki bat ere izan dut: urte asko dira egin nuela liburu bat gerra zibilari buruz Zumarraga-Urretxun, eta ezagutzen nituen ideologia horiek, karlistak, ezkerrekoak... Jende asko ezagutu nuen, argazki asko ikusi nituen, eta uste dut banuela hor hondar bat, nobela egiten lagundu didana. Bai, ez naiz guztiz arrotz sentitu Iruñean.

Pertsonaiak zenituen, garaia eta hiria ere bai; gizarte maila altuko familia frankista bat hautatzea izan zen hurrena.

Bai, familia karlista tradizionalista bat da. Seguru asko, erakargarria egin zitzaidan kontrasteak dituzten pertsonaiak gustatzen zaizkidalako, eta gustatzen zitzaidan kontraste hori, nola berez pribilegiatu, boteretsu edo irabazleen artean ere jendea baldintzatuta zegoen; botere eremu batean, baina bere etxeko ideologiak baldintzatuta. Botere leku batean zegoen, baina askea ez zen. Horrek erakartzen ninduen: nola egon zaitezkeen preso, nahiz eta boterezko egoera batean egon.

Emakumeengan ikus liteke hori nabarmenen, eta emakumeak dira liburuko protagonistak.

Bai. Azkenean, gizonen neurrira egindako mundu bat da. Nik uste dut denak zeudela nolabait preso, baina segur aski emakume haiek bi aldiz preso, indarrean zen ideologiak behartzen zituelako erabat gizonen esanetara egotera, ama izatera... Amatasunaren gaia ere hortik dator. Azkenean, hemen oinarrian dagoen mezua da istorioko emakumeek ezin izan zutela erabakirik hartu amatasunaz.

Matilde dugu lehen protagonista. Emakume zurruna da, gogorra, are zitala ere... eta aldi berean desira erreprimituz betea.

Menderakaitza da, eta saiatzen da bere errebeldia gauza txikienetan demostratzen; soinekoak egitean, masturbatzen ikasten duenean... Are, seme-alabak ez maitatzea errebeldia modu bat dela uste dut; gizarte hartan logikoena litzateke oso amatiarra izatea, baina berak ez ditu maite, umerik ez zuen nahi. Ideologiak bost axola dio: berarekin etorri den gauza bat da, baina konturatzen da jostunarekin lotura txiki batzuk badituela, edo miresten du Dolores Baleztena, gerrara argazkiak egitera joan zelako... Badu sugar bat, bizitza osoan ezingo duena itzali, eta, azkenean, bere burua txikitzen du, eta inguruko guztiak ere bai; haren errebeldia bihurtzen da maitasun eza. Egin beharreko guztia egingo du, baina ez dute menderatuko.

Haren eta beste pertsonaien bidez, askotariko amak marraztu dituzu. Esperientzia indibidualen izaera kolektibo bat nabarmendu nahi zenuen?

Bai, gauza batean datoz bat: emakume horiek guztiak indarkerian izan dira amak —eta atalen izenburuei lotuta, nik indarkeria deitzen diot kontzientziarik eta maitasunik ez dagoenean—. Behartuta dira ama, bortxaketa batengatik edo sistemak eskatzen duelako, baina inork ez dio bere buruari galdetu ama izan nahi duen edo ez, eta zer-nolakoa; beraz, hori, niretzat, indarkeria da. Horrek biltzen ditu. Gero, ezaugarri desberdinak dituzte, baina benetan ez dago amatasunaren inguruko nahi bat, pentsatze bat, kontzientzia bat. Inork ez du askatasunik eduki ama izatea aukeratzeko.

Matilderen alaba Teresak beste garai bat ezagutu du, baina amarekin izan duen harremanak bizitza markatu dio. Herentzia horretan jarri duzu fokua, gai nagusietako bat izateraino.

Hor errepikapenak daude, baina igual intentsitate ezberdinekoak. Teresa ama bihurtzen da pentsatzen duelako seme-alabak edukiz eta haien maitasuna jasoz maitatzen ikasiko duela. Matildek ere bilatu zuen maitasuna Martin semearengan, eta Teresa ez da Matilde, baina lege bera errepikatzen du. Hor bada gogoko dudan esaldi bat: «Gauza bat da maitatzea, eta beste bat maitatzen jakitea». Eta, normalean, gehienok, edo bueno, nik behintzat, maitatzen ikasi behar izaten dugu. Teresa indarkerian jaioa da, eta, kontzientzia ariketa hori egin, eta ikasi egin beharko du maitatzen, ez zaiolako berez ateratzen: ez daki zer den ere.

Horretan asko pentsatu dut: uste dut badaudela pertsona batzuk —edo egon garela, edo gaudela— kasik maitasuna zer den ez dakitenak; igual ez eman ez dizutelako, baizik eta termino hori ez dakizulako oso ondo zer den, ematea, jasotzea, zaintzea... Maitasunaren ideia, eta aurretik indarkeria bat egon denean... Nik ez dakit maitasuna gauza natural bat den. Esaten da umeak berez maitatzen direla; bada ni zalantzan jartzera ere iristen naiz, ez dakit... Maitatzea naturala da? Ume bat babestea bai, seguru asko zurea denean gehiago... baina maitatu-maitatu, nik behintzat denborarekin ikasi dut. Maitatzeak uste dut eskatzen duela, lehenengo, ziurrenik, zeure burua maitatzea. Amak beren izatearekin asebeteta daudenean, orduan uste dut beste era batera bizi dutela amatasuna ere. Baina zu zeure buruarekin zapuztuta bizi bazara, ez dut uste maitasuna berez irteten denik. Behintzat nire esperientzia da maitatzen ikasi egiten dela. Hori da Teresa: maitatzen ikastea. Eta gero Amaia jarri dut [Teresaren alaba]; une batean esaten dut berez maitatzen dakien pertsona bat dela... Bueno, uste dut berak ere ariketak egin beharko dituela maitatzen ikasteko.

Gizarteak berezkotzat jotzen du, ordea; amei dagokienez, ez da zalantzan jarri ere egiten...

Nik pertsona guztiengan jarriko nuke zalantzan. Eta amaren kasuan, kontua da gizarteak gailur batean jarri dituela amatasunaren onberatasuna eta maitasuna.

Bide horretan, euskal literaturan azken urteotan zenbait lan eman dira amatasuna idealizaziotik urrun agertzen dutenak. Zure ustez, argitara ateratzen ari al dira beste diskurtso batzuk?

Bai, noski, eta, nire ustez, oso mesedegarria da. Amak, aitak bezala, pertsonak dira, eta ezin zaio amatasuna pertsonari gailendu. Bereiztu ere ez, ez dakit... Ama zarelako ez diozu uzten lehen zinena izateari. Amatasunari ematen diozun jantzia da lehen zenuena, baina tokatzen zen jantzia jartzera behartu gaitu gizarteak. Jokaldia da: prototipoa zure ezaugarriekin bat badator, ez dago arazorik; baina ez badator bat, krak bat sortzen da. Amatasunarekin hori gertatzen da, eta aitatasunarekin berdin, baina, emakumeak ari garenez ariketa hori egiten,hori pixka bat desmuntatzen ari gara.

Teresaren bidez, alabatasunean ere sakondu duzu. Ama ezagutuz bere burua ulertu nahi du.

Umerik eduki nahi ez zuten emakumeek zer sortu dute? Ba, alaba umezurtz mordo bat; abandonatuta daude zentzu horretan: maitasun eza hori igartzen da. Denok behar dugu maitasun lokarriren bat, eta Teresak maitasuna behar du: horren bila dabil une oro.

Bestalde, asko gustatzen zait ordezko amen gaia. Urteekin konturatu naiz haiek eman digutela gure amek eman ezin zigutena, normala delako, ama batek ezin dituelako bete zure behar eta hutsune guztiak, beste pertsona bat da. Ordezko amak izan litezke lagunak, maistrak, bizilagunak... Eta haiek ere zilegi dira, eta beharrezkoak. Baina zergatik espero dugu bestea? Norbere nahi, behar eta ezin guztiak konpontzeko eskatzen zaio amari, eta ez. Hori ere ikasi behar dute alabek. Bueno, pertsonaiak muturrera eraman ditut, eta pentsatu nahi dut horko egoerak portzentaje txiki bat direla.

Protagonista zehatzak izanagatik, nobela korala da pertsonaietan, guztira 99 agertzeraino. Hasieratik zenuen buruan halako sorta zabala aurkeztea?

Ez, ez zegoen pentsatuta. Baina jabetu nintzen pertsonak besteekin harremanetan gaudenean definitzen garela. Beste pertsonaiak bide bat izan dira pertsonaia nagusien beste alde batzuk aurkezteko, argiak eta itzalak. Bakoitzak bere pertsonaia konstelazioak ditu inguruan, eta punturen batean beste batekin erlazionatzen dira, eta, horrela, unibertso handi bat sortzen da. Bigarren mailako pertsonaiak, gainera, gozamena dira, haiekin askeago ibiltzen baitzara.

Dokumentazio lan handia egin duzula nabari da, bereziki garai hartako ogibide, ohitura, jantzi, aldizkari eta abarrak deskribatzean. Nora jo duzu haiez jakiteko?

Internet hor dago, baina jakin behar da bilatzen! [barrez] Ea, nikaitona-amonekin pasatu nuen haurtzaroa, etxe zahar batean, eta nobela hau egitean konturatu naiz zenbat gauza ditudan hor: freskera, bakailaoa beratzea, ostiraletan bijilia, txikoria bila mertzeriara joatea... Asko hartu dut nire bizipenetatik: badaukat gure etxe zahar-zahar hartako memoria. Datu zehatzik ez, baina irudi asko nituen. Gero, bila aritu, eta horrek ekartzen zidan mundu bat.

Hain zuzen, memoria da nobelako gai nagusietako bat, historikoa zein norberarena. Bolañoren aipu bat dakar pertsonaia batek: «Eleberriak idazteko ez da irudimenik behar; memoria bakarrik. Oroitzapenak bateratuz idazten dira». Bat zatoz?

Bai. Egia esan, nobela aurrera joan ahala, beti izan dut sentsazioa hitz egiten ari nintzela nitaz, nire gurasoez, aitona-amonez... Iruditzen zait nire memoria zati txiki asko berreraiki ditudala, nik ezagutu ditudan senide, lagun, herriko jende horien memoriak. Esaterako, badira pertsonaia batzuk politikaz paso egiten dutenak edo ezkerreko jende oso konprometitua; nik halako jende asko ezagutu dut, eta iruditu zait haien memoria berreraikitzen ari nintzela. Matilderik ez dut ezagutu, baina ez zait arrotza egiten bere umeak maite ez dituen andre bat. Denak ezagunak egin zaizkit. Hori, pertsonaiei lotuta; eta, gero, memoria historikoarena nabarmena da.

Lehenago ere landu zenuen...

Bai, gai horrek ez nau uzten [barrez]. Etxetik datorkit: gure etxean ere bada memoria bat, bizikizun batzuk, eta hortik tiraka hasi nintzen, seguru asko nire etxeko zenbait gauza ulertu nahian, eta nire etxekoak ulertzeak eman dit beste gauza asko ulertzea. Bai, gai hori hor egon da beti, eta hor dago; oraingo honetan, nobelan.

Fikziotik jo duzu oraingoan. Zer eman dizu fikzioak?

Niretzat, fikzioa askatasuna da, eta baita errealitate berri bat sortzea ere, baina errealitate erreal bat; esan nahi dut: iruditzen zait zentzu batean nire aitaren edo amamaren memoria berreskuratu ditudala, fikzioan jarriz. Dibulgazio lan batean ezingo nuen hori egin, baina fikzioak askatasuna ematen dizu zuretik berreraikitzeko. Ez zen asmo kontziente bat... Azkenean, uste dut askotan norberak bere burua eta bere mundua ulertzeko ariketa izaten dela literatura egitea; idazten dela berreraikitzeko, ulertu ezin dugun horri egitura bat, forma bat emateko. Nobela honetan, bazegoen pertsonaiak azaldu, ulertu, sendatzeko ariketa bat: «Hau halakoa zen, baina honengatik eta honengatik; orain ulertzen dut, eta onartzen dut».

Historiari lotutako liburuez gain, urteotan haur literaturako hainbat lan eman dituzu, helduentzako poema ilustratu bat gero, eta nobela orain. Munduon arteko jauzia handia izan zen zuretzat?

Nik uste dut kontua dela une bakoitzean jakitea zer egin dezakezun eta zer ez. Ez dut esango inportantzia gutxiago eman niela lan haiei, baina seguru asko banekien ez zela nobela hau egiteko momentua. Izatez, uste dut nobela hau ezingo nuela beste momentu batean egin, eskatu izan didalako esperientzia pertsonal asko, denbora asko... Seguru asko, oso lotuta dago bizimoduarekin, baldintza materialekin, eta hori detektatzea ere inportantea da. Nobelarekin aspaldi hasi nintzen, eta tartean beste gauza guztiak idatzi ditut, eta disfrutatu dut, beste arnasaldi bat eman dit, ikasi dut...

Bitartean ondu zenituen, beraz, Nire amak ez dauka erremediorik, Ama gaiztoaren ipuina, Emakume burugabea... Zure lanetan bada kezka konstante bat?

Amatasunarena... [barrez] Pentsatzen dut neura pertsonal bat dela. Uste dut nahiko unibertsala dela, baina bai, badago hari bat.

Idazten ere bai, baina editore aritu zara urteotan; hori duzu lanbide. Nola eragin dizu horrek idazketan?

Egia esan, asko eragin dit. Batetik, badakizu argitaratzea zer den, eta zure onena eman nahi duzu.Niri erantzukizuna eta zintzotasuna eskatu dizkit. Sistema barrutik ezagutzea... ez da oso leku erosoa izan niretzat. Baina, aldi berean, editore izanda asko ikasi dut, eta, seguru asko, hori abantaila bat da; denbora guztian ari zara irakurtzen, euskal literaturan zer argitaratzen ari den ikusten... eta horrek elikatzen zaitu. Binomio hori hor dago, bere abantaila eta desabantailekin, eta nik ez diot uko egiten.

Nola bizi izan duzu, beste aldetik, idazle-editore harremana?

Bi gauza aldarrikatu nahi ditut, bi tokitatik: batetik, uste dut idazleak lan handia egin behar duela, baita testu txiki bat idazteko ere; eta, bestetik, edizioa ere sormen prozesu bat dela, eta idazle batek editore on bat aurkitzea gauza handia dela. Hori ikasi dut: idazleak lan egin behar duela, eta editoreak idazleak bezainbeste, eta osagarriak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.