Ez dagoenak hartzen duen lekua

Javier Perez artistaren 'Presentziak. Absentziak' erakusketa irailaren 25era bitarte egongo da zabalik Donostian, Kubo Kutxa aretoan. Azken bi hamarkadetako margolanak, instalazioak eta eskulturak bildu ditu sortzaileak

Vida latente brontzezko piezak bihotzak eta adarrak lotzen ditu. M. ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Doinu zaharrak eta bakarrik dantzatzen diren zapatak. Burko zimurtuak eta ohe hutsak. Itzalak eta bide bakartiak. Jada ez dagoen horretan egiten dute azpimarra Javier Perezen (Bilbo, 1968) artelanetako askok. Baina, aldi berean, ez dagoen horrek orainaldian hartzen duen lekuaz ere ari dira. Oihartzun horiek iradokitzen dituzten margolanak, instalazioak, eskulturak eta bideo lanak bildu ditu artistak Presentziak. Absentziak erakusketan, eta Donostiako Kubo Kutxa aretoan jarri ditu ikusgai, irailaren 25era arte. Perezek azken bi hamarkadetan landu dituen gai nagusiak ageri dira erakusgelan: «Nire obraren ahalik eta ikuspegi zabalena eskaintzen saiatu naiz».

Bilbo, Paris eta Bartzelona artean bizi da Perez. Urteotan, nazioarteko museo eta galeria ugaritan erakutsi ditu bere lanak, eta haien bildumetan ere badira haren piezak. Euskal Herrian, baina, aspaldian ez zuen halako erakusketa zabalik egin. «Perezek teknika eta praktika artistiko askotarikoak erabiltzen ditu bere lanaren adierazpide moduan —marrazkia, eskultura, bideoa...—, beti izaera performatibo batekin eta murgildu zaitezkeen giroak sortuz, erakusketa bere osotasunean instalazio bat bihurtuz», Ane Abalde Kutxa fundazioko Arte eta Ondare zuzendariaren hitzetan. Alfonso de la Torrek egin ditu komisario lanak, baita Kathy De Neverekin batera katalogoa idatzi ere,eta Perezen lana «poesiatik gertu» uler daitekeela nabarmendu du. «Zaila da bere obra definitzea; misteriotsua da, eta gai da hunkitzen gaituzten irudiak sortzeko».

Modu kronologikoan ez, baizik eta lau kontzepturen arabera, lau ataletan atondu dituzte lanak erakusgelan. Ibilbidea sarrera nagusitik hasita, Bideak serieko margolanak ikusi ahalko dira lehenik, eskuinaldeko gelan bilduak. Tamaina handiko hamabi margolan dira, ikatz ziriz zein pastelez onduak 2021. eta 2022. urteetan, eta, beraz, erakusketako obrarik berrienak dira. Bartzelonan du estudioa Perezek, Montsenyko natur parketik hurbil, eta osasun krisia hasi zen garaian sarri joaten zen hara; bertan egindako behaketak nahiz Robert Frosten poema bat izan zituen lanetarako abiapuntu. Hilabetero bide bat pintatu zuen: «Egunero zazpi-zortzi orduz marrazteko lan diziplinan murgildu nintzen; hilabeteko lana du atzean obra bakoitzak, 150 ordu inguru, eta urtebete serie osoak, beraz, aretoan sartzea eta denak kronologikoki kokatuta ikustea denboran bidaiatzea bezala zait».

Hutsuneak dantzan

Areto nagusiaren erdigunean, berriz, erakusketari izena ematen dioten kontzeptuekin, absentziekin eta presentziekin lotutako lanak daude. Eta, erdi-erdian, Denboraren karrusela tamaina handiko instalazioa. Perezek 2012an sortu zuen, Bernd Alois Zimmermannen Die Soldaten operan inspiratua eta Salzburgoko (Austria) musika jaialdiaren enkarguz, eta, bere konplexutasun teknikoagatik, han baino ez zuten orain arte erakutsi. Fonografo zahar baten bueltan eta harietatik zintzilik, 34 zapata pare dantzan ari dira, garai bateko kafe bateko doinuei segika, eta «iraganeko gerra garaien nahigabea» eta orduan galdutako guztia dakar gogora, komisarioaren esanetan. Artistaren ustez, «iraganera daraman espiral batean» sartzen du lanak ikuslea, baina orainera ekartzen du gero, «egungo egoera ez baita obrak iradokitzen duen atmosfera horren oso desberdina». Beste zenbait pieza daude inguruan, tartean, Infinito privado (2019), brontzezko 30 buruk osatutakoa, eta Sombra (1998) bideo lana.

Aldameneko gunean, eta Somnia Insomnia titulupean, ametsekin —eta amesgaiztoekin— lotura duten piezak daude. Nigthmares (2018) obra jarri dute gelaren erdian: Carrarako marmolezko zazpi burko zuri dira, taula beltz baten gainean kokatuak, eta, Perezek azaldu duenez, berak erabilitako benetako bururdiak baliatu zituen haiek sortzeko. Zimur desberdinak dituzte denek, gau bakoitzean forma ezberdinak hartu zituztelako, eta amesgaizto baten izena darama bakoitzak. Inguruko hormetan, berriz, ideia berarekin zerikusia duten margolanak daude: Somnia In Somnia (2020) —itxialdian sortu zuen 33 marrazkiko bilduma— eta Night Currents (2018) serieak, besteak beste.

Bihotzak adarretan

Erakusgelaren beste puntan, goiko aldean dagoen espazioan, elementu naturalak eraldatuz osatutako pieza eskultorikoak bildu ditu artistak, Pultsio Pultsazioak izenburupean. Bizkarrezur baten eta adar baten arteko nahasketa dirudi, esaterako, Médula (2020) obrak. Bihotzetatik adarrak sortzen zaizkie Brotes (2017) serieko hiru piezei, eta adarretatik zintzilik dauden fruituak dirudite bihotzek, berriz, Vida latente (2016) lanean. Brontzezkoak dira denak.

Híbrido III (2007) eta Capilares III (2009) pieza handietan, berriz, zaldien zurdak, burdina, erretxina eta ikatz hautsa erabili zituen artistak, animalien eta landareen arteko hibridazioak iradokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.