Hala ere izena du Willis Drummond taldearen estudioko zazpigarren diskoak. Euskal rockak eman duen talderik geldigor eta fidagarrienetako bat da Jurgi Ekiza (ahotsa eta gitarra), Vincent Bestaven (gitarra eta teklatuak), Xan Bidegain (baxua) eta Felix Buff (bateria eta perkusioak) kide dituen laukotea. Gaurko munduak denen bizitzetara ekarritako kontraesanak argitara ateratzeko modu bat aurkitu du Ekizak (Baiona, 1980) bakoitzaren barruko hala ere horietan.
Noizkoa da diskoaren ideia?
Bere prozesua izan zuen. Printzipioz, bira akustikoan gitarra eta teklatua jotzeko batu zitzaigun taldera Vincent, baina, berriz elektrikoan hasi ginenean, taldean jarraitzea proposatu genion, eta hark onartu. Disko berri bat eginez gero parte hartuko ote zuen erabakitzeko, hitz egitea baino ideia hobea iruditu zitzaigun lokalean batzea, eta Shorebreaker estudioan izan ginen lau egunez. Bakoitzak bere ideiak eraman zituen, eta hainbat grabazio egin genituen. Han zeuden diskoko bederatzi abestiak sortzeko bederatzi ideiak.
Taldekide finko bihurtu da, hortaz? Zer eman dizue?
Grabazioan parte hartzen bazuen, ezinbestekoa izango zen diskoaren zuzeneko aurkezpenetan ere: ezin genuen argitaratu zuzenean jo ezin genuen disko bat. Oso animatuta agertu zen, eta horrela erabaki genuen grabatzen hastea. Petit Fantome, Botibol eta Rudiger taldeetan jotzen zuen, Felixekin batera, eta bagenekien tipo eta musikari bikaina zela. Ez da zuzenekorako musikari bat soilik, gure laugarren taldekidea da; denean parte hartzen du. Gauzak desorekatu ditu, eta hori onerako dela uste dut: zerbait berria sartzen duzunean, automatismo batzuk aldatu egiten dira.
Johannes Buffekin grabatu duzue, Shorebreaker estudioan. Nolako esperientzia izan da?
Oso ona. Felixen anaia da Johannes, aspalditik ezagutzen genuen; aurreko diskoa harekin grabatu genuen, eta Ane filmerako abestia ere bai. Orain urte batzuk, grabazioetara dedikatzea erabaki zuen, eta Baionan finkatu zen berriz. Hor hasi zen Shorebreakerren abentura. Gure estudioa dela esaten dugu, baina, egiazki, Johannesena da. Grabatzeko estudio on bat nahi zuen, baina baita musikariek esperientzia on bat izatea ere; horregatik dago guztia horren zaindua. Libre dagoenetan erabil dezakegu, eta hara doazenak ezagutzeko ere balio digu.
Azala deigarria da: zer adierazten du mandarina horrek?
Diskoa osatuta zegoela etorri zen ideia. Hasiera batean, Guillaume Fauveaurekin atera genituen talde argazkietako bat jartzea zen gure asmoa, baina, hitzak berriz entzutean, pentsatu genuen objektu ikoniko bat jartzea: tramankuluren bat, landareren bat, animaliaren bat... Eta hortik etorri zen mandarinarena.
Lehen kanta da Mandarina.
Kontatzen duen moduan, behin, Tahitira joateko hegaldian nintzela, plastiko batean batuta zegoen mandarina bat eman zidaten afaritan, Groenlandia gainean. Egoera surrealista iruditu zitzaidan: konfinamendutik atera berritan, hegaldi merke batean...
Hegazkin batean doan edozeinek izan ditzakeen hausnarketak eragin zizkidan: nora doa mundua, arazo bat naiz, zertan gabiltza... Baina, era berean, askotan ez dugu gure plazera alboratzen, eta, nire kasuan, pentsatzen ari nintzen Tahitin zer ondo pasatuko nuen, hegazkinean zer pelikula ikusiko nuen...
Izan ere, bizitzako kontraesanek badute beren tokia diskoan, izenburutik hasita...
Bai, diskoak bakoitzaren eta munduaren kontraesanak bilatu nahi ditu. Uste dut kontraesanek badutela alde ezkor bat gure bizitzetan. Gauzak oso gaizki doaz, badira irtenbideak, baina, hala ere, beldurra dugu gauzak aldatu eta daukaguna galtzeko; beraz, ez dugu ezer egiten. Eta badute alde baikor bat ere. Berrietan gauzak gaizki eta izorratuta daudela ikusten dugu, eta borroka batzuk ia galduak daudela ere bai, baina, hala ere, borrokan jarraitzen dugu. Nire ustez, norberaren osasun mentalagatik, jendarteagatik eta munduagatik, hobe da zerbait egin daitekeela pentsatzea: ez dago itxaropena beste biderik.
Taldearen garai guztietako ezaugarriak antzeman daitezkeen arren, gaur egungo Willis Drummond entzuten da diskoan. Nolako soinua du?
Garai askoren konbinazioa dela esaten dugu. Batetik, grabazio prozesuarengatik, 1970eko hamarkadako ezaugarriak ditu. Energia eta soinu gordina atxikitzea zen helburua, eta, horretarako, laurok batera grabatu genuen, bat-batean ateratzen zitzaigun moduan, aurrez sekula landu ez bagenu bezala. Bestetik, 1990eko hamarkadako ukitu bat du, orduan jaso baikenituen gure influentzia nagusiak. Azkenik, gaur egungoa da. Johannesen ekoizpena eta nahasketa modernoak dira, eta uste dut hori ere islatzen dela. Hitzek ere erakusten dute gaur egungo disko bat dela.
Aipatzekoa da Bidasoa abestia.
Musika sortzen dugu lehenik, eta gero hitzak. Nahiko soinu emozionala zuen, eta aspalditik idatzi nahi nuen horri buruz. Azken bi urteetan, bederatzi migratzaile hil dira Bidasoa ibaia zeharkatzen; Mediterraneora begira egon ohi ginen, baina etxean bertan antzerako zerbait genuen. Gainera, gu Iparraldeko taldea garenez eta zuzenean jotzen gehienbat Hegoaldean aritu garenez, muga hori existitzen ez zen sentsazioa izan dugu beti, harik eta pandemian itxi zuten arte. Konturatu ginen ez zuela zentzurik gure herri barruan muga bat jartzeak.
Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo webgune honetara: www.badok.eus