Musikaria

Xabier Zeberio: «Ez da nik egindako disko bat: ni naiz»

Zerbaitetan hasteak beti du segurtasun gabeziatik, baina baita bide lengoaia propio baten bilatzeko lehen urratsetatik ere. Pausa bat beti da ongarri zerbaiti ekiteko, eta entzuleari ere 'Pause' bat proposatu dio Xabier Zeberiok.

Xabier Zeberio
Xabier Zeberio, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU
gorka erostarbe leunda
Tolosa
2023ko abenduaren 23a
05:30
Entzun

Ilusioaren dirdira begiradan marraztuta sartu da Tolosako Fronton kafetegira. Herrikide pare bat agurtu leihotik beste aldera, eta solastatzeari ekin dio Xabier Zeberio Etxetxipiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1978). Bakarkako estreinako diskoa du Pause (Forbidden Colours). Ezin kontentuago dago harrerarekin: «Bere neurrian, oihartzuna izaten ari da; disko hau ni naiz, eta harro nago». Hiru kontzertuko biratxoa hasiko du bihar Gasteizko Aitzina Folk jaialdian –Jesus Ibañez de Matauko antzokia, Hegoalde Gizarte Etxean. 19:00etan–. Abenduaren 28an etxean ariko da, Tolosako Leidor aretoan (19:00), eta, abenduaren 30ean, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Arretxinagako San Migelen (19:00). Laukote moldean ariko da lehen bietan: Aitor Etxebarria (teklatuak, sintetizadoreak eta soinu diseinua), Iñar Sastre (pianoa), Eñaut Zubizarreta Trigger (txeloa) eta Xabier Zeberio (biola, nyckelharpa eta biolina). Hirugarren kontzertuan Iñar Sastrerekin ariko da, bikote formatuan.

Pause musikal bat behar du mundu honek?

Musikala eta modu guztietako pausa behar du munduak. Ez dut nik ezer asmatuko, baina ez goaz oso bide onetik. Gelditu beharra dauka munduak zentzu askotan, eta baita musikaren esparruan ere. Saiatu naiz nik gustura entzungo nukeen musika hori egiten, eta konturatu naiz barrura begira egindako musikak erakartzen nauela, behar dudala. Horrek ez du esan nahi jai giroko musika ez dudanik maite; asko jorratu dut, eta izugarri gustatzen zait, baina pause bat behar da gizartean, eta uste dut jendeak eskertzen duela.

«Musika bada baltsamikoa», zioen Ruper Ordorikak.

Bai, barnera begirako musika ez dago bogan egun, baina konturatu naiz bai zuzeneko horretan, eta bai diskoko kantuak partekatu ditudanean, feedback handia izan dela. Konturatzen zara zenbat eta zenbat jende dagoen eremu barnerakoi-lasaigarriago hori arakatzeko beharrean, pausa bat egiteko, bai musikan, bai gizartean, bai eguneroko bizi erritmoan. Eta ni naiz horietako bat; Pause jarri diot izenburu diskoari, baina azeleratua nabil guztiz. Gure egunerokoa da agenda hartu eta gauzak ezabatzen joatea. Abiadan egiten dugu aurrera, bideaz batere disfrutatu gabe. Eta musikak eragin dezake baltsamo hori: niri eragiten dit, eta besteei sorrarazi nahi nieke hori ere, jakina. Gaur egun ez da erraza norbaitek disko bat osorik entzutea, baina ez da disko bereziki luzea, 35 minutu inguru ditu, eta gonbita egiten du lasai entzuteko eta pausa hartzeko. Hori lortzen badu diskoak, ni pozik.

Balsa ere baltsamoa da.Beti da genero erakargarria dantzarako eta musikarako gonbita egiteko. Zure unibertsoan sartzeko gonbita egiten duzu Lautadako valsa-rekin, hain zuzen ere.

Ia hogei urtez egon nintzen Arabako lautadan lanean, Aguraingo musika eskolan. Nire bigarren etxea izan da, eta omenaldi moduko bat egin diot. Gonbita balsarekin egiten dut, bai; egia da oso elementu gutxirekin egindako konposizioa dirudiela, eta hala da, baina asko landutako elementu sinpleak ditu. Disko osoak ere bai, eta gustura nago lortutako osotasunarekin. Horretan Aitor Etxebarriaren eskua ezinbestekoa izan da. Hark lortu du orain artean nire musikarekin lortu ez dudana: hasi eta buka obra oso bat izatea. Nahiz eta oso kantu, giro, atmosfera desberdinak izan, osotasun gisa entzuten da. Musikari lagun batek esaten zidan eskultura bat bezala entzuten zela, eta hori lorpen bat da, harro egotekoa.

Non ziraeta Agur t’erdi: euskal kantu tradiziozkoak zure lengoaiara ekarri dituzu.

Ekidin ezina den harremana dut tradiziozko musikarekin, Oskorriko garaietatik sortu zitzaidan maitasun handi bat. Oso gaztea nintzen Oskorrin sartu nintzenean, eta irakasbide izugarria izan zen. Beraz, ia ezinbestean automatikoki ateratzen zaizkit halako kantuak nire errepertoriora. Euskal Herrian izugarrizko ondarea dugu kantutegian, eta bi kantu horiek erdi jolasean atera zitzaizkidan. Etxean neuzkan maketa batean gordeta, eta erabat beste eremu batera eramanda daude. Gertatu izan zait inguruko jendeari erakustea, eta ez ohartzea zer kantutatik eratorriak diren, baita musikarien artean ere; batez ere Non zira-rekin pasatu zait hori. Harrigarria egin zait, nik hain ebidente ikusten bainuen, baina horregatik da hain interesgarria kanpoko ikuspuntua ere musikan.

Aurkezpen testuan, Harkaitz Canok dio iparraldeko lurralde eta paisaietara daramala diskoak.

Beti izan dut sekulako erakarmena Eskandinaviako musikarekiko. Nyckelharpa instrumentua bera Suediakoa da. Islandiako musika ere izugarri gustatzen zait. Aurten izan gara han, eta zoragarria da: magia berezi bat dauka kulturalki. Agian argiaren eta iluntasunaren arteko kontua da, hotza… baina asko erakartzen nau, asko eragiten dit. Asko entzuten dut Sigur Ros eta Olafur Arnaldsen musika, adibidez. Oskorriren garaietan asko egokitu zitzaigun han jotzea, Suedian, Finlandian…

Orduan ezagutu zenuen nyckelharpa?

Bai, uda pare batean izan ginen Suedian Oskorrirekin. Instrumentua ezagutzen nuen lehenagotik, baina, han, musika tresna nazionala da. Han bereziki erabiltzen dute herri musikarako, dantzarako… hemen trikitia erabiltzen den modu bertsuan, gehienbat Stockholmetik iparralderako lurraldean. Han ezagutu nuen oraindik ere asko maite dudan talde bat: Vasen. Hirukote instrumentala da: nyckelharpa, biola eta hamabi sokako gitarra. Jaialdietan ezagutu, eta haiekin harremanetan jarri nintzen, 2000. urtean edo. Pixka bat irakatsi zidaten, eta, hasieratik, maitasun istorio bat bizi izan dut tresnarekin. Askoz identifikatuagoa sentitzen naiz nyckelharparekin biolinarekin baino.

Zurearen gisako musikak sarri dakartza berarekin etereoa, dotorea, zinematografikoaeta gisako izenondoak. Eta izan badu hortik zureak ere, baina motz geratzea litzateke, bai baitago zerbait konkretuagoaren bilaketa.

Bai, zinematografikoa bada, baina horrekin badirudi zerbait oso etereoa, abstraktua, eta uste dut disko honek baduela mamia. Irudiak iradokitzen ditu, baina ez da hondoko musika soila. Badauka edukia, nire iritziz. Badauka melodia, badauka harmonia, eta pieza bakoitzak idiosinkrasia oso markatua du.

Oinarri klasiko-garaikidea izanik, pop pieza bihurtzeko saiakera bat?

Bai, hori da. Asko gustatzen zait nire musikaz hitz egitea eta hura sailkatzea. Izan ere, sarri geratu ohi naiz inoren bidean, eta hori izan liteke aldeko, baina nik handikap gisa bizi dut. Gaur egun,  hardcorea egiten duzu, edo folka, edo reggaetona, edo musika klasikoa, edo popa… baina askotan geratzen naiz non nagoen ez dakidala. Eta arazo bat da, zinez. Etiketa bat ez baduzu, eta sailkatzen ez bazaituzte, ikusgaitasuna galtzen duzu, eta han edo hemen jotzeko aukera ere bai; izan ere, jaialdi asko genero edo etiketen arabera antolatzen dira.

Bada, ez dago erraza zurea etiketatzen…

Nire musika iritsi da jendearengana, hainbat proiektu eta taldetan aritu izan naiz, eta 170 disko baino gehiagotan ere bai, eta zorionez asko entzun izan dira; baina musikari gisa ez da erraza egiten dudana etiketatzen, ez naiz folkeko biolin jotzaile bat, edo musika klasikoko biolin jotzaile bat… Bidegurutze moduko batean nago, eta, musika sortzen dudanean, beste hori guztia ere banaiz. Izugarri gustatzen zait Eñaut Elorrietarekin jotzea bere pop abestietan, izugarri disfrutatu dut folk hutsa egiten Oskorrirekin, eta herri kantagintza Benito Lertxundirekin; musika klasikoa izugarri gustatzen zait. Saiatzen naiz beti belarriak adi izaten, egiten dudan hori errespetuz egiten, eta beti ikasteko prest egoten. Horretatik guztitik ateratzen dena naiz ni.

«Saiatzen naiz beti belarriak adi izaten, egiten dudan hori errespetuz egiten, eta beti ikasteko prest egoten».

Aitor Etxebarriaren belarriak zer dira?

Azken urteotan topatu dudan harribitxia izan da Aitor. Duela sei-zazpi urte ezagutu genuen elkar, eta, hasieratik, guztiz ondo hartu dugu elkar. Aitor fenomeno musikal bat da: fenomeno bat da, sekulako intuizioa baitu. Nola esan…

Ez dauka aurreiritzirik.

Horixe bera: aurreiritziz beteta gaude guztiok, eta zer esanik ez musikaren munduan. Kontserbatoriotik igaro garenok, eta tira, alderantziz ere bai. Eta Aitorrek badauka halako xalotasun bat, oso garrantzitsua dena sorkuntzan, baita obra bati dirdira ematen dion ikuspuntu bat ere. Niri sekula bururatuko ez litzaizkidakeen gauzak bururatzen zaizkio, eta oso ondo hartzen dugu elkar, osagarriak baikara guztiz. Elkarrekin lan asko egin dugu azken urteetan: hura nire proiektuetan izan da, eta alderantziz ere bai; esaterako, zinemarako haren soinu banda ia guztietan aritu naiz. Jende askorekin elkartzen zara musikaren bidean, baina askorekin ez daukazu inolako sintoniarik: gurea hasieratik izan zen berezia. Nik dauzkadan hutsuneak betetzen ditu hark, eta berak dituenak betetzen ditut nik.

 

«Oskorri goian bukatu genuen; ez daukat pena nostalgikorik»

(ID_13437475) (Gorka Rubio/@FOKU) 2023-12-18, Tolosa. Xabier Zeberio musikaria
GORKA RUBIO / FOKU
Iragan azaroan zortzi urte bete dira Oskorrik azken kontzertua eman zuenetik. Denboraren ikusmirarekin, zer-nolako marka utzi dizu gorputzean agur hark, nola gorpuztu da zure baitan?

Oskorriren agurra momentu gogorra izan zen. Oskorri nire bizitza izan da, Oskorri nire unibertsitatea izan da. Ikasketak bukatu bezain pronto sartu nintzen Oskorrin, artean umemoko bat nintzela. Nire lagunak unibertsitatera joan zirenean, ni Oskorrin sartu nintzen, eta han ikasi nuen ikasi nahi nuen guztia. Musikari izaten ikasi nuen, zentzurik zabalenean. Musika ogibide hartzea zer den, talde batean aritzea zer den, sorkuntza zer den, zuzenekoa zer den, kultura desberdinak ezagutzea zer den… dena edo ia dena. Talde batean beti egoten dira gorabeherak, ez da ezer idilikoa, baina ikasketa handia izan zen. Talde funtzionamendua zuen nahiz eta Natxo De Felipe izan liderra. Esperientzia izugarria, nahiz eta bukaera gogorra izan zen. Erabaki genuen uztea, eta orain zer?

Eta zer erantzun eman diozu «orain zer?» horri?

Gordina iruditu arren, esaten dut: «Eskerrak utzi genuen, bestela ezingo nituzkeen egin ditudan beste gauzak egin». Ate bat itxi zen, baina leiho asko ireki ere bai. Sentsazioa daukat egin behar zena egin genuela; garai onean hartu genuela erretiroa, alegia. Ondo bukatu genuen, goran, eta ez daukat pena nostalgikorik. Askotan pentsatzen dut gaur zer izango ote ginatekeen, eta uf… zalantzak sortzen dizkit. Urte gutxian–azken bost urteetan– hainbeste aldatu da musika panorama, ez baitakit nola funtzionatuko genukeen gaur egun. Gogorra izan zen, baina damurik gabekoa. Eta harreman itzela dugu gure artean, aldiro elkartzen gara.

Noizbait atera liteke proiekturen bat Oskorriren errauts horietatik?

Ez dut uste, edo zaila ikusten dut, behintzat. Hura bukatu zen, eta listo, bukatu zen. Batek daki, baina revival-ik ez da izango. Pena ere ematen du, noski, zuzenean oso gustura joko bainuke talde horrekin. Banda handi bat da, eta zuzeneko sentsazioak izugarriak izan dira Oskorrirekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.