Bere obsesioetan «autozentratuta» idatzi zituen Ur Apalategik (Paris, 1972) Fikzioaren izterrak liburuko ipuinak. Horregatik, «harrituta» dago liburua izaten den harrerarekin. Liburuaren gaztelaniazko itzulpena egina du dagoeneko Angel Errok —narratiba arloko Espainiako Sari Nazionaleko epaimahaikideek irakur dezaten—, baina Apalategik ez daki oraindik itzulpen hori noiz eta nola argitaratuko den.
Lehenik, Beterriko Liburua eta gero Euskadi saria. Harrera ona izaten ari da Fikzioaren izterrak liburua.
Niretzat, Beterriko Liburua Euskadi saria bezain garrantzitsua da, Beterriko Liburua irakurleek ematen baitute. Fikzioaren izterrak liburuko ipuin batean Euskadi sarien epaimahaia aipatzen da… Nik ondo dakit zein erlatiboa den halako epaimahai baten iritziaren balioa. Jende kopuru mugatu batek osatzen du epaimahaia, zirkunstantzia berezi batzuetan… Euskadi saria irabazteak izugarrizko poza ematen dit, baina Beterriko Liburuari ere berebiziko garrantzia ematen diot.
Liburuko ipuin batean, konplot baten gertaleku dira sariak. Bitxia da Euskadi sariei buruzko ikuspegi hori ematen duen liburu batek jasotzea, hain zuzen ere, sari hori.
Bai, ironia bat da, dudarik gabe. Beterriko Liburua saria eman zidatenean egin zen ekitaldian esan nuen Beterriko Liburua bezalako saria irabazteak ez nauela behartzen ipuin horretan erratu nintzela esatera. Oraingo sari honekin, ezin dut halakorik esan. Ematen du sariak gezurtatu egiten duela ipuina bera. Ez dakit ipuinak epaimahaiko kideengan eragin inkontziente bat izan duen, ez zedin ipuina profetikoa gertatu [irriz] .
Ipuinaren irakurketa aldatu egingo du zuk saria jaso izanak.
Bai, dudarik gabe, [irriz] orain ni bainaiz, konplotik izatekotan, konplotaren onura jaso duena.
Bikote bizitza eta idazle bizitza dira zure orain arteko liburuetako gai nagusi behin eta berriro errepikatuak, Fikzioaren izterrak-en ez ezik, Gauak eta hiriak eta Gure Gauzak S.A. nobeletan ere. Zergatik?
Bai, esan daiteke trilogia moduko bat osatu dudala, eta beti idazletzaren inguruan nabilela bueltaka. Ez da kalkulu bat, hori ateratzen zait.
Euskal literaturaren mundua ezinikusiz, gorrotoz, bekaizkeriaz, tranpaz eta trikimailuz betea ageri da zure obran. Den bezalakoa erretratatzen saiatu zara, ala hiperbolea bilatu duzu, exagerazioa?
Edozein arteren ezaugarrietako bat hiperbolerako berezko joera. Hartzailearen atentzioa zerbaitetan fokalizatzea nahi duzulako, zerbait hori ahalik eta erakargarrien edo inpaktagarrien bihurtuta. Baina hala ere askotan errealitatea liburua baino urrutiago doa. Hori gertatu zitzaidan Gure Gauzak S.A.-rekin. Liburua argitaratu osteko gertakizunak liburukoak baino arraroagoak eta harrigarriagoak izan ziren. Beraz, ez dut uste exageraziorik dagoenik. Bestalde, inbidiak, konplotak eta gisakoak giza errealitatearen parte dira, ez bakarrik mundu literarioan. Batzuetan mingarriak dira, biktimak eragiten dituzte, baina bestalde bizitza soziala hain interesgarri bada horiengatik da. Idazleok ez ginateke ezer bizitza guztiz ordenatua eta harmoniatsua balitz.
Euskadi literatura sariak. Ur Apalategi. Idazlea
«Ez da kalkulu bat idazletzaz idaztea, hori irteten zait»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu