Ez da denbora bakarrik

Tenpora boskoteak 'Mundu berria' estreinako lana plazaratu du.Popa eta jazza batu dituzte, dotorezia estilistikoz eta arriskurako tarteaz

gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Denbora eta tenpora, biak ala biak behar ditu musikariak sorkuntza doitzeko. Denbora eta mundua ulertzeko modu berriak behar ditu pertsonak aurrerabidea lantzeko. «Tenpora ez da denbora bakarrik / denbora ez da tenpora soilik / tenpora gu gara eguratsaren lihoan / gu eta guztiok batera bakarrik / elkarrekin behin eta berriz mundua sortuz». Karlos Linazasoro idazlearen hitzak dira, eta Tenpora taldeak Mundu berria estreinako lan luzeko lehen kanturako baliatu ditu.

Tolosako Leidor antzokian taldearen kontzertu bat ikusi eta bizi ostean idatzi zuen poema, eta Juantxo Zeberio Etxetxipia musikari eta Tenpora taldeko kideari bidali zion. Bi egunen buruan, kantu bihurtua zuen. Aurrez ere beste letra batzuk idazteko mandatua egina zioten, musika baten gainean, ordea. Elkar ezagutzen zuten, beraz. Zeberio Etxetxipiarekin batera, Elene Arandiak (ahotsa), Beñat Barandiaranek (gitarra elektrikoa), Itsaso Etxebestek (baxua) eta Hasier Oleagak (bateria) osatzen dute Tempora. Estreinako lana izanagatik, eskarmentu handiko musikariak dira guztiak. «Talde sendoa da, potentea, eta Euskal Herriko musika panoramari ekarpena egingo diona», zehaztu du Linazasorok berak.

Duela bi urte sortu zuten taldea, eta, tartean sei kantuko maketa bat kaleratu bazuten ere, batez ere entsegu lokalean jardun dute lanean. «Zerbaitek batzen bagaitu guztiok, prozesuak eta hartutako denborak batzen gaitu. Entsegu lokalean bildu gara astero, eta kantuei forma, kolorea eta soinua bat eman diegu», azaldu du kantu gehienen musika sortzaileak, Zeberio Etxetxipiak.

Bi bertsio

Dozena bat kantu dakartza Mundu berria-k; horietako sei, lehen maketan bildutakoak. Beste lau disko luzerako propio sortuak dira, eta bi bertsio ere badira: bata, Agur Euzkadi, Antton Valverdek 1978an Lauaxetaren hitzekin konposatua, eta bestea, Gure hitzak, Mikel Laboak Atxagaren hitzekin eginikoa.

Karlos Linazasorok, diskoa zabaltzen duen kantuko letrak idazteaz bat, beste bost idatzi ditu: Beti da orain, Zure bila ibili naiz bart, Argia (eta finish), Neguko Kabaret eta Non zaude. Harkaitz Canorenak dira, berriz, Hauskorrago ni, Bai mundu berria eta Zaldiak, denbora. Taldeko kideek kantuaren edo musikaren lagin bat bidaltzen zieten bi idazleei, eta musika horren gainean idazten zituzten hitzak. Etxetxipiak berak idatzia da Frustration kantua.

Denboraren kontzeptua jorratzen dute kantuetako batzuek, naturaren hilezkortasuna, bakardadea, inkomunikazioa... eta bada kritika sozialik ere. «Porlanezko izateko badago laguntza: / zubi, errepide edo... gauerdiko ahuntza. / 'Ideiaz beterik nator, zer egin dezaket?'. / Hobe pobre izatea laket», dio, esaterako, Canok idatzitako Bai mundu berria kantuak.

«Uste dugu mundu azkarrotan musikak eta kulturak egin dezaketela ekarpenik, eta hau da gure alea», xehatu du aurkezpena Beñat Barandiaran gitarra jotzaileak. Jazza eta popa ditu arnasa nagusi diskoak, baina ez dio muzinik egiten rock progresiboari eta esperimentalismoari ere, kideen hitzetan.

2014ko azaro-abenduan grabatu zuten diskoa, Beasaingo Pottoko estudioan, Fredi Pelaez zutela soinu teknikari. «Guztiok batera grabatu genituen kantuak. Horrela gozatzen dugu gehien, eta, beraz, halaxe egin genuen, nahiz eta gero osagarri modura beste instrumentu edo ñabardura batzuk gaineratu genituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.