Musika

Ez da besterik Marte Lasarteren basamortuan

Marte Lasarte taldeak zortzi abesti bildu ditu ‘Ez da besterik’ diskoan. Horiek guztiak zuzenean emango dituzte urtarrilaren 17an Gasteizen, 18an Logroñon eta 23an Donostian.

Marte Lasarte taldeko kideak, taldearen izena duen pastela jaten. XERRA ESTUDIOA
Marte Lasarte taldeko kideak, taldearen izena duen pastela jaten. XERRA ESTUDIOA
Garazi Karrera
2025eko urtarrilaren 11
04:05
Entzun

Tantaz tanta hasi zen Marte Lasarte taldea abestiak kaleratzen: Basamortua izan zen lehena, eta horren ondotik etorri ziren Marte Lasarte eta Ez da besterik. Baina, bai, baziren, gutxienez, beste bost, zortzi abestirekin ondu baitute Ez da besterik diskoa. Eta horrela osatu dute korronte biziko itsasoa. Izan ere, estilo hibridoa landu eta erakutsi du taldeak, post-punk, drum’n’bass, dark pop, pop-rock, fuzz-punk, indie-pop, new-wave eta musika elektronikoa nahastuz.

Diskoa kantaz kanta eratuz joan den antzera joan da laukotea ere kidez kide osatzen. Donostiako Skakeitan musika taldeko errautsetatik batu, eta, aspaldian egindako zirriborroei helduta, lanean hasi ziren. «Konposatzea gustatzen zaigu, eta gure kabuz proiektu berri bati ekitea erabaki genuen. Egingo dugu, eta kito», azaldu du Armendarizek. Proiektuak martxa hartu ahala, Alex Alonso bateria jotzaileak bat egin zuen bikotearekin. Lehen kantua hiruren artean sortu zuten arren, ordurako Lore Nekane Billelabeitia baxu jotzailearekin hitz egiten ari zirela adierazi du taldeko abeslariak.

Era askotariko gaiak

Ez da lan makala diskoa hitz edo esamolde bakar batean definitzea, era askotariko gaiak lantzen baitituzte: maitasuna, desplazamenduak, denboraren martxa, dialektika, heriotza, gezurra, lana eta beste hainbeste. Grabitaterik gabe kantak abiatzen du diskoa, esaterako, eta harremanak sortzeko era du hizpide. Armendariz: «Literalki hartuz gero, harreman sexu-afektibo mota batez hitz egiten du, baina, horrez gain, guk musikarekin dugun harremanaz ere mintzo da». Hain zuzen, «horizontalak» izaten saiatzen direla esan du.

Zerrendako bigarren kantuak eta diskoak izen bera dute: Ez da besterik. «Gure belaunaldikoei omenaldi bat egin nahi izan diegu», azaldu du, «linbo batean sentitzen baikara». Edonola ere, 30 urteetako krisiari egindako keinu bat ere izan daitekeela iradoki du: «Edo antzerako zerbait». Hala ere, abeslariak argitu du ez dela kritikarik hitzetan. Horren ondotik, taldearen aurkezpen kantua dago: Marte Lasarte. Armendarizen arabera, kontu asko agertzen dira bertan, hala nola taldearen eratze prozesua eta esateko dutena.

«Gure belaunaldikoei omenaldi bat egin nahi izan diegu 'Ez da besterik' abestian, linbo batean sentitzen baikara»

PELLO ARMENDARIZMarte Lasarte taldeko abeslaria

Zaldiak da laugarren kanta, eta askatasunaren inguruan hitz egiten du, metaforak tarteko. Hurrengoa Anek ezagutzen zaitu da, eta, labur esanda, sare sozialetan ligatzeko era du ardatz; ghosting-a, zehazki. Juanjo Berasain musikariarekin elkarlanean egin dute kantu hau. Hileta kantua dator ondoren, eta kasu honetan ere, kolaboratzaile bat izan dute: Sara Zozaya. Armendarizek azaldu duenez, Zozayaren ahotsa «aproposa» iruditu zitzaien kanta horretarako. Horrez gain, beste zenbait musikariren laguntza izan dute abesti horretan: Jonatan Quiñonesek jo du tronboia, Aitor Valcarlosek tronpeta, Maria Bustosek biolontxeloa eta Enekoitz Martinezek biolina.

Diskoko azken bi kantuak Basamortua eta Business Punk dira, hurrenez hurren. Lehenak gezurra du hizpide: «Gezurraren inguruan egindako hausnarketak dira, ez da kritika bat, baina hor dago gezurraren inguruan dugun ikuspuntua». «Familiakoa» den Olatz Salvadorrek eta Jon Badik egin dituzte koroak abesti horretan. Bestalde, azken pista «egungo enpresari modernoei» zuzenduta dago. Izan ere, Armendarizen aburuz, orain arteko enpresaburuen helburu bera dute horiek, «lagun plantak» egiten dituzten arren.

Bai minez, bai umorez

Honela dio taldeaz hitz egiten duen abestiak: «Kanta bat minean oinarrituta eginez gero, ez da zail irteten». Armendarizek aitortu duenez, aspaldian tristeago zegoenean konposatzen zuen, horrek lagundu egiten baitzion: «Marte Lasarte horrelako bolada batean sortu nuen, eta horregatik dago esaldia hor, baina orokorrean, ez da horrela izan». Horren adibidetzat jarri ditu Anek ezagutzen zaitu, Business Punk, Ez da besterik eta Grabitaterik gabe abestiak, umorez eta beste perspektiba batetik idatziak baitaude. Horiek guztiak Haritz Arreguy estudioan grabatu dituzte, Usurbilen (Gipuzkoa).

Musikak ez ezik, irudiak ere garrantzi handia du egungo musika industrian, nahiz eta taldearentzat ez den horren garrantzitsua: «Azken finean, garai estetikoan gaude, eta estetika ere bihurtu da edukiaren parte. Hasi gara pixkanaka irudiari garrantzi handiagoa ematen, baina bueno, aukeran, guk nahiago dugu soinu hobea izan irudi ona izan baino». Edonola ere, Jabier Rodriguez diseinatzailearen ardura da arte zuzendaritza. Taldeko abeslariak esan du «oso gustura» daudela hark egiten duen lanarekin; areago, Marte Lasarte bideoklipean egindako ekarpena ere azpimarratu du.

'Marte Lasarte' abestia. MARTE LASARTE

Nolanahi ere, Rodriguez ez da bakarrik aritu lanean. Ondoan izan ditu Ander Perez de Arenaza eta Maialen Arozena. Baita Xerra estudioko Laida Zapre eta Ane Lusarreta ere, diskoaren azala egiteko orduan.

Kontzertuak

Urtarrilean hiru kontzertu iragarri dituzte. Lehena Gasteizen, Jimmy Jazz aretoan, hilaren 17an. Hurrengo egunean, berriz, Logroñon (Espainia) izango dira, eta handik sei egunera, 23an, Dabadaban, Donostian. Azken horren ostean, otsailetik aurrera emango dituztenak jakinaraziko dituzte: «Oraingoz, maiatzera bitarte, sei edo zazpi izango ditugu, baina ezin ditut berretsi, oraindik erdi lotuak daude eta».

«Ez da hit arrakastatsu bat izan, baina ez genbiltzan horren bila. Guretzat berezia izan da, eta gure ingurukoen artean erantzun oso ona izan du. Gainera, gure helburua izan da egindako lanarekin oso gustura geratzea, eta lortu dugu»

PELLO ARMENDARIZMarte Lasarte taldeko abeslaria

Diskoa iazko urrian kaleratu zuen taldeak, eta Durangoko Azokan ere izan zen. Entzuleek emandako feedback-az galdetuta, erantzun «ona» izan dutela adierazi du Armendarizek: «Ez da hit arrakastatsu bat izan, baina ez genbiltzan horren bila. Guretzat berezia izan da, eta gure ingurukoen artean erantzun oso ona izan du. Gainera, gure helburua izan da egindako lanarekin oso gustura geratzea, eta lortu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.