Nerea Ibarzabal: «Ez da bakarrik bertsotan egiteko modua; oholtzan egoteko modua ere aldatzen ari da»

Bigarrenez jantzi du Bizkaiko txapela Ibarzabalek. Taldea izan du indargune nagusi txapelketara «konektatuta» iristeko, eta pozik dago publikoaren aitortza kolektiboa izan delako.

BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA - NEREA IBARZABAL
Nerea Ibarzabal, Bizkaiko txapela eta aginte makila eskuetan, Ziortza-Bolibarren. ARITZ LOIOLA / FOKU
oihana arana
Ziortza-Bolibar
2023ko abenduaren 19a
05:05
Entzun

Abenduko egun eder bat. Zerua urdin eta giroa hotz. Ziortza-Bolibarren (Bizkaia) elkartu gara Nerea Ibarzabalekin (Markina-Xemein, Bizkaia, 1994), Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela bigarrenez jantzi berritan. Esku biak kikararen bueltan jarrita hasi da kafe usaineko elkarrizketa.

Zer dela-eta Ziortza-Bolibar?

Nire ama bizi delako hemen. Lasai egoteko lekua da niretzat. Eta komeni da lasaiago ibiltzeko lekuak edukitzea.

Zure laugarren finala izan da. Bigarren txapela eta bigarren aginte makila. Esango nuke 2021ean bai izan zinela izarra, eta aurtengoa lausoagoa izan dela alde horretatik, eta horrek beste edertasun bat eman diola finalari. Nolabait esateko arrakasta askoz kolektiboagoa dela.

Bai, maila pertsonalean egia da bris-bris gutxiago eta erresistentzia gehiago edo, ez dakit... sator lan gehiago egin behar izan dut, baina bueno, horrek daukan edertasunarekin. Baina gero, bris-bris kolektibo bat egon da, batez ere amaierako agurretan islatu zena, bakoitzaren ahotsaren edertasuna eta edertasun horren aitortza bat egon zelako. Ze askotan ikusi ditugu bertsokideak distira egiten txapelketetan, eta publikoa ez da ibili beti distira hori aitortzen edo ikusten edo ulertzen... Eta nik aurten sentitzen nuen zortzion lanaren apreziazioa eta balorazioa eta, gainera, ahotsen unibertsalizazio moduko bat. Bost emakume oholtzan... titular tipiko horretatik harago, denon ahotsak direla unibertsalak eta denok izan gaitezkeela denen erreferente. Poza ematen du horrek.

Arantza gelditu zitzaidan Xabatena. Xabatek egindako lana itzela izan da, eta nik benetan buruz burukoan bera neukan. Joneren izena entzun nuenean, bere izena espero nuen ehuneko ehunean, eta sentsazio hori berkokatu nahirik pasatu nuen geroko saioa. Gero, berarekin berba eginda, berak pozistre hitza erabili du, pozik eta triste. Bada, hori da zaporea, eta, agian, hori da bizitza, eta askotan hori da txapelketa. Errespetatzen dut epaileen balorazioa, eta hain puntu gutxira gelditu ginen denok ere... Pozik nago, baina poz apur bat gaingabetua da.

Benetan espero dut txapelketan ondo egin duen jende horrek orain plazan maitatua izateko aukera edukitzea, herriz herriko jardun horretan.

Aurtengo txapelketako zure agurrei erreparatuta egin nahi dizkizut hurrengo galderak. Izan ere, uste dut agurrek txapelketako B aldeari buruzko informazio asko ematen dutela. 2021eko finaleko hasierako agurra Harry Potter-en doinuan egin zenuen. Aurtengoa, Habanera-n. Uste dut doinuaren aukeraketek zure aldarteari buruzko datuak eman zizkigutela kasu bietan.

Bai, bai. Erabat ados. Aurten anbizio neurtuekin-edo joan naiz. Badaezpada, edozertarako prest. Eta, akaso, 2021ean bai sentitu nuen txispak edo su artifizialak erakutsi beharra atzean dagoen animalia izutia ezkutatzeko edo motibatzeko. Ze, akaso, ez neukan horrenbeste sendotasun gaur egun daukadanarekin alderatuta. Eta aurtengo finaleko agurra Habanera-n egitea beste leku batetik nentorrela esatea zen. Bueno, agurrean bertan gero igual ideia abstraktu bat hasi nintzen garatzen, edo esaten nuena ez zen hain erraz ulertzen... Bada, doinu tradizional, erraz eta pausatu horrekin, nahi nuen entzun zedila esateko daukadana, eta entzulea ez distraitzea beste estimuluekin. Batzuetan, estimulu horiek automotibazio kontu bat dira, eta aurten, akaso, taldearen bidez, patxadaren eta egonarriaren bidez lortu dut hori. Prozesu diferenteak izan dira.

Txapela irabaztetik nentorren... Bestela bai, joaten zara jendea berotu nahirik edo jendea limurtu nahirik agurretan edo bertsotan, oro har. Eta aurten zen: «Bueno, maita nazazue naizena izaten beste barik ere. Ez dizuet ezer gehiago saldu nahi. Saldu dizuet, erosi duzue eta orain hemen gaude elkarrekin». Bada, hori da Habanera.

Uste dut agurrak ematen dizula zure sintonia zein den pentsatzeko parada hartzeko aitzakia. Ez da bakarrik zeure burua aurkeztea. Da pentsatzea: «Nola noa? Zer esatera noa?». Beste urte batzuetan, akaso, askoz aurkezpen karta pertsonalagoak edo intentzio garbidunak egin ditut, baina aurten esaten nuen: «Ez zait ateratzen 'haginak zorroztuta nator' esaterik». Irteten zait: «Ze gauza ederra den hau, eta bale, txapeldun moduan nator 2021etik, baina honen parte izan nahi dut eta ondo pasatu nahi dut».

Lemoan kantatu zenuen: «Lagunarte ederrean/ pozik hastea bertsotan/ hauxe defendituko dut/ ezer defenditzekotan». Orain ere aipatu duzu taldea. Zer da lagunarte ederrean pozik hastea bertsotan?

Bada, uste dut bertsoak beti izan duela hortik niretzat, baina aurten bereziki sumatzen nuen ez neukala indar indibidual eta aspirazio pertsonal eta abarizioso handirik. Agian, beste txapelketa batzuekin konparatuta, bertso eskolako taldea izan da nire indargune nagusia txapelketa honetara konektatuta iristeko. Gainera, taldeak oso emaitza politak eduki ditu banaka ere: Garazi, Josune, Aissa, Xabat, Onintza... Elkarrekin entrenatu gara Lea-Artibai eta Busturialdeko bertsolari batzuk, eta hortik motibatu nintzen. Lemoan tokatu ginenean sailkapenez ere hainbeste bertso eskolako kide, eta beste bertsokide eta lagun batzuk... Hasi nintzenean agurra pentsatzen, derrigor kantatu behar nion taldeari.

Horrekin lotuta, uste dut sekula ez ditudala ikusi txapelketako final batean bertsolariak elkarrengandik horren gertu. Elkarri fisikoki ere babesa adierazten.

Bai. Esaten dugunean bertsolaritza aldatzen ari dela, ez da bakarrik bertsotan egiteko modua. Oholtzan egoteko modua ere aldatzen ari da. Oholtzan dauden gorputzak aldatzen ari dira, nahiz eta oraindik asko falta den. Baina zenbat egin den ere ezin dugu ahaztu. Maitasuna ere landu egiten da, lehia deseraikitzea lan bat da, eta gu horretan ari gara. Aspirazio indibidualen gainetik elkarrengatik poztea lantzen eta ikasten den zerbait da.

Zorionez, plaza eraldatzeko eman ditugun pauso denak, eta hor sortu ditugun saio posible eta gai posible denak, eta kantatu ditugun eta bertsokideak dirdiratsu ikusi ditugun egoera guztiek eramaten gaituzte txapelketan ere horren gramo batzuk eta izpi batzuk erakustera. Guk astebururo bizi dugu hori. Gero, noski, garrantzi sinbolikoa dauka 4.500 lagunen aurrean hori egiteak. Baina gu jada horrela bizi gara bertsotan leku askotan. Ez beti, baina leku askotan bai.

Lagunartean, bai. Baina nola prestatu duzu txapelketa?

Nik uste dut gutxixeago egin dudala txapelketarako lana, objektiboki, aurreko bi urteetan egin dudanarekin alderatuta. Aurreko urte bietan bertso eskola gehiago ere egin nituen. Astean pare bat egiten nituen. Aurten, astean bat egin dut, eta sumatzen nuen ez neukala energia gehiagorako. Aurreko bi urteetan egindako lanak oraindik nigan irauten duelako konfiantza izan dut.

Azkenean, «txapelketa prestatu» esaten da, baina ezer ezin da prestatu. Bertsoa ezin da prestatu aurretiaz ehuneko ehunean. Presta dezakezuna da momentuan gertatzen den deskalabru bakoitzerako zure gorputzaldia. Eta, gainera, hori ere ez duzu lortuko.

Begoña Iturrizak jantzi zizun txapela, eta, entzule askok espero ez zuten arren, bertso bat ere kantatu zuen.

Amaierako protokoloaren politena hori da, bertsozaleak igotzea gauzak ematera. Bertso eskoletako jendea, urte osoan plazarik ez epikoenetan hor dagoen jende hori, guri eusten, gure eboluzioa ikusten... Begoña da halako aurpegietako bat Bizkaian eta Bilbo inguruan. Gainera, hor egon zen askotariko hainbeste arnasarik ez zegoen garaietan. Egoera beste bat izan balitz esperoko genukeena amaieran bertso bat abestea izango litzatekeelako, akaso, bertsolari aktibo bat. Niretzako zorragarria izan zen bera ikustea etortzen txapelarekin, ikustea bere urduritasuna, bere bertsoa... Oso polita.

Inoiz ez nuke amestuko Bizkaiko bi txapel edukitzearekin; orain dela lau urte amestuko ez nukeen zerbait da. Eta sentitzen nuen aurten neure burua apur bat arrastaka eraman dudala txapelketara. Hau da, gorputzak esaten zidala: «Berriro egin behar didazu hau?». Eta, orain, eskertzen diot neure buruari egin izana. Pasatu da. Datorren udazkenean deskantsua hartzeko gogoz nago: neure buruari maite-maiteak egin, eta lo egiteko.

Nekatuta egon arren, balorazio positiboa egiten duzu orduan.

Benetan sentitzen dut bertsolaritzak eman dizkidala nire bizitzako lagun onenetako asko. Eta hori nik bertsolaritzari eskertuko diot beti. Bertsolaritzak erakutsi didana erakutsi dit bertsolaritzako jendearen bitartez. Eta elkarrekin pentsatzen ari gara bertsolaritza, baina ez hori bakarrik. Elkarrekin ari gara pentsatzen mundua, eta gure arteko harremanak ere bai. Ez dakit jende askok esan dezakeen hau. Munduan egoteko leku eder bat da. Geldituko da dena super idiliko, nahiz eta gero ez den beti hala. Baina gaur zilegi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.