Kudeaketa komunitario eta parte hartzailean ardazturiko Plateruena bat, horixe irudikatu zuten duela bost urte gune hori pizteko asmoz lanean hasi ziren herritarrek eta kultur eragileek. Orduko ametsak, baina, urardotuta geratu dira Durangoko udal gobernuak ondutako Plateruena Musika Aterpearen proiektuan. Horrela iritzi diote, bederen, 2022an prozesu kolektiboaren gidaritza hartzeko sortutako kultur mahaiko kideek. Hain zuzen ere, udalak proposatutako ereduarekin ados egon ez, eta mahai hori desegitea erabaki dute. Joan den astean eman zioten erabakiaren berri udal gobernuari, gutun bidez.
Bederatziehun kideko kooperatiba batek jarri zuen martxan Plateruena kafe antzokia, 2004an, Berbaro euskara elkartearen bultzadarekin. Kulturgintza eta euskara izan ditu ardatz gerora ere, hemezortzi urteko jardunean. 2020ko abenduan ateak itxi zituenean, eraikina udalaren esku geratu zen, baina, itxi bezain laster, dinamika bana abiatu zuten herritar talde batek eta udalak, modu paraleloan, hura berrabiarazteko asmoz. Eta biek ala biek ondorio bertsuak atera zituzten: kudeaketa publikoa eta komunitarioa behar zuen Plateruenak.
2022an, iragarri zuten antzokia udalarena izango zela baina herritar talde batek gidatu eta kudeatuko zuela, horretarako espresuki sortutako kultur mahaiaren bidez. 2023ko udal eta foru hauteskundeek, baina, aldaketa ekarri zuten Durangora, eta EAJren eta PSEren udal gobernuak bertan behera utzi zuen Plateruenako ordura arteko kudeaketa plana. Geroztik ondu duten egitasmoa duela bi aste plazaratu zuten: Plateruena Musika Aterpea 2025ean zabalduko dute; musika sortzeko eta profesionalizatzeko erreferentziazko gune bat izango da, eta, eraikina udalaren esku egongo den arren aurrerantzean ere, enpresa pribatu batek kudeatuko du.
«Udalaren proiektuak ez du zerikusirik kultur mahaiaren planteamenduarekin, ez filosofian, ez planteamendu orokorrean, ezta kudeaketa ereduan ere». Kultur mahaiko kide izan da Ibon Larrañaga musikaria, eta haren hitzek ongi islatzen dute mahaiko kideek udalaren proiektuari buruz duten ikuspegia. Larrañagak azaldu duenez, kultur mahaiak defendatzen dituen oinarrizko planteamenduek ez dute islarik izan proiektu berrian, eta horregatik erabaki dute azken urteotako dinamikari amaiera ematea. «Ez gara prozesuaren parte sentitu», laburtu du.
«Udalaren proiektuak ez du zerikusirik kultur mahaiaren planteamenduarekin, ez filosofian, ez planteamendu orokorrean, ezta kudeaketa ereduan ere»
IBON LARRAÑAGAMusikaria
BERRIAk iritzia eskatu dio Durango Udalari kultur mahaiaren erabakiari buruz, baina ez du baloraziorik egin nahi izan. Asteon aztertuko dute erabakia dagokion batzordean.
Eredua da gakoa
Plateruena kudeatzeko eredua da desadostasunaren muina. Antzokia askotariko diziplinetako sortzaileen elkargune euskaltzalea izatea nahi zuten kultur mahaiko kideek, parte hartzailea izatea eta kulturaren transmisioa bermatzea, baina hori dena zapuztu dela ikusi dute udal gobernuaren proiektuan. «Guk kudeaketa publiko eta horizontalagoaren alde egiten genuen», azaldu du Maite Lopez Las Heras Karrika antzerki taldekoko kide eta kultur mahaiaren kide izandakoak. Eta harrigarri zaio udalak gunearen kudeaketa enpresa pribatu baten esku utzi izana: «Hau ez da gure eredua».
Eskualdeko kultur eragileen parte hartzea ezerezean geratzeko arriskuaz ohartarazi dute Larrañagak eta Lopezek. «Guk egiten genuena enpresa pribatu baten esku uzten badute, non geratuko gara kultur eragileok?», galdetu du Larrañagak. Haren ustez, proiektu berria «musika kontsumoa bultzatzeko» egin dute, eta, beraz, Plateruenak utzi egingo dio tokiko euskal talde askoren erreferentzia izateari. Sortzaile askoren kezka da hori: «Guk amesten genuen toki bat non sortzaileek aukera izango genuen sortzeko, irakasteko... baina hau...».
Euskalgintzak ere kezkaz hartu du proiektua. Pello Zabarte Berbaro elkarteko kudeatzaileak azaldu du hemezortzi urtez bizirik egon zen gune hori «erreferentziazkoa» izan zela euskalgintzarentzat, eta oro har herritar askorentzat, eta hura itxi eta beste egitasmo bat abiatzeko zabaldu zen prozesu parte hartzailearen helburuetako bat horixe bera izan zela: «Plateruena ahalik eta euskaldunena, euskaltzaleena eta parte hartzaileena izatea». Lan horretan buru belarri ibili da kultur mahaia azken bi urteotan, baina, Zabarteren aburuz, mahaiak irudikatzen duen eredutik «urrun» geratu da Durangoko udal gobernuak ondutako proiektua.
«Guk kudeaketa publiko eta horizontalagoaren alde egiten genuen. Hau ez da gure eredua»
MAITE LOPEZ LAS HERASKarrika antzerki taldeko kidea
Batetik, kudeaketa eredua kritikatu du Berbaro elkarteko ordezkariak, udalak enpresa baten esku utziko baitu aretoaren gestioa, eta uste du horrek albo batean uzten duela kolektibotasunaren ideia. «Enpresa batek gidaritza hartzeak apal uzten du esku hartze publikoa», salatu du. Gainera, haren esanetan, musika ikuskizunak «merkatuaren logikatik» abiatuta programatuz gero herriko eragileen ekarpenak «hankamotz» geratuko dira.
Bestetik, esan du zume nahikorik ez diotela ikusten euskaran oinarrituta eta euskaraz errotutako proiektu bat izateko. Kultur mahaia osatzen duten eragileek aukera izan dute Plateruena berriaren proiektuari ekarpenak egiteko, eta euskalgintzako eragileek bereak aurkeztu dituzte euskararen alorrean atzemandako gabeziak konpontzeko. Anboto-k, Ibaizabal ikastolak, EHEk, AEK-k eta Berbaro elkarteak galdegin dute euskara izatea proiektu berriaren ardatza.
«Plateruena ahalik eta euskaldunena, euskaltzaleena eta parte hartzaileena izatea nahi genuen, baina kultur mahaiak irudikatzen duen eredutik urrun dago udalaren egitasmoa»
PELLO ZABARTEBerbaro elkarteko kudeatzailea
Udalaren proiektuan zehazten da gune berriaren xedea izango dela «euskararen arnasgune» izatea, baina, Zabarteren ustez, egitasmoak ez du «irizpide argirik» ezartzen hori gauzatzeko. Hori hala, euskalgintzako eragileek proposatu dute, besteak beste, gune berriak bete beharreko baldintzen artean egotea kultur sorkuntzaren erdia gutxienez euskaraz izatea, eta aretoaren barne eta kanpo komunikazioan euskara lehenestea.