Neska-lagunarekin Menorcara oporretara doala-eta, ea etxea eta katua zainduko dizkion eskatu dio Asierrek Marari. «Ondo etorriko zaizu gainera tesiarekin aurrera egiteko, egun batzuk hirian, deskonektatzeko, ezta?», esan zion, eta Marak sentitu zuen Asierren kapazidade hori, guztiari buelta eman eta faborea hark berari egingo balio bezala eskaintzekoa. Hala ere, Asierrek arrazoi zuela pentsatu eta katu eta guzti instalatu da hiriko bere pisuan.
Idazmahaia lekuz aldatu du lehen egunean, inspiratuko bada, leiho parean askoz hobe. Asierrek ez du erretzen, eta hala eskatu ez badio ere, zigarroak haren gelako balkoitxoan erretzen ditu Marak, kiratsa ez dadin paretetara itsatsi. Hiru egun daramatza Asierren etxean, eta tesiari ezin heldu, Facebook, Twitter eta on line egunkarietako udako jario mantsoa irakurtzea besterik ez du lortu.
Iluntzea heldu dela-eta, balkoitxoan eseri da hamaikagarrenez zigarroari ematera. Kalearen beste aldeko etxeek balkoi zabalagoak dituzte, kasik terraza izan zitezkeenak, eta bertan gauarekin bat, hirugarren egunez, neska berbera ikusi du kulero hutsean, lorak ureztatzen. Gaur ordea, ureztatu ez ezik, tiestoz tiesto birlandatzen ari da landare parea. Inbidiaz begiratu dio Marak, haren patxada, udako gau epelean beste kezkarik ez, eta lorak leku-aldatzen.
Eskuekin hartu du lurra Onintzak, ez bat eta ez bi, iruditu zaiolako duela aste bi erosi zuen labanda estu dagoela lorontzian. Eskuekin hartu du lurra, bat-batean otu zaiolako hori, eta ez duelako sukaldera joan nahi goilara bila. Narrats ari da landarea leku-aldatzen, urduri baitago, antsiak jota, duela hiru egun botatako parrandak sortu dion angustia ito nahian. Agian horregatik ureztatzen ditu landareak ere konpultsiboki, kasik ito arte, ea zerbaitek gainezka egingo duen noizbat.
Kuleroetan ateratzen da balkoira, «total, nire etxean nago, ez zaio inori inporta biluzik ateratzen banaiz ere!», baina egia dena da, duela hiru eguneko kulero berak daramatzala soinean, ez dela dutxatu ere egin, sofatik balkoira eta balkoitik sofara egiten baitu bidea. Dena, gau hartakoa ahaztu arte, bere burua barkatu arte; «zergatik bidaliko ote nion mezu hura H.ri?», hor hasi baizen dena, H.ri mezua, eta gero damua, eta ondoren mozkorra eta ondoren H. axola ez zaiola erakusteko X.ren ohean esnatzea, eta… konturatu denerako, labanda landarea estutzearen estutzez akabatu du.
Kalean entzun du bozina orduan, eta auto bat geratu da zebrabide alboan. Neska bat korrika inguratu da autoraino, saltotxo txikiak emanez, pozik kotxean sartu den arte. Inbidia eman dio Onintzari, maitalea izango du agian, nobioa zain, eta gaur afaltzeradoaz porai, besterik gabe, maiteminduta ez bada ere, udako subidoian daudelako ziurrenik.
Autoan sartu eta berehala konturatu da Nadia, entusiasmo gehiegirekin joan dela bozinaren atzetik korrika, nabaritu egin diola ziurrenik, eta lotsatu egin da halako enkontruei jartzen dien enfasiagatik. Berak jakin baitaki Maitanek deitzen dion aldi bakoitza ez dela bere mutil-lagunari gezurra esan diolako, edo bakarrik utzi duelako, edo aspertuta dagoelako. Egia da Maitanek argi utzi diola beti Nadiari haien artean ez dagoela ezer, «dibertitzen diren artean soilik» iraungo duela, eta ez daki zehazki noiztik, baina Nadiak susmoa du aspaldian antsietateak jaten duela dibertsioa.
Ez dira inora afaltzera joan, «ezin dut inork ikus gaitzan arriskatu», eta mendiko bidean gora egin dute, lehenago ere egonak diren txokora, kondoi erabiliek atontzen duten bide bazterrera, ordu erdiz edo topeka aritzeko. Gero azkar esan dio Maitanek «joan beharra daukat, etxean zain daukat…», eta baiezkoa egin dio buruaz Nadiak. Leihatilatik lurreko kondoiei begira, inbidia sentitu du une batez, kondoi horiek maitasunaren ondorio lurreratu dituztela imajinatuz.
Hirian sartu eta berehala utzi du etxe alboan berriz. «Badakizu, nigatik izango balitz beste era batera egingo nituzkeela gauzak, baina oraintxe bertan, ezinezkoa da…», berriz egin dio baietz buruaz Nadiak eta musu eman edo ez dudatan geratu da. Azkenean, autoa musurik jaso gabe utzi du. Etxera bidean, ilun dagoela, pausu azkar batzuk entzun ditu korrika harengana inguratuz, bihotzak salto egin dio Nadiari, «Maitane al da?», korrika imajinatu baitu damuak jota, beregana inguratzen, musu luze bat emateko-edo. Atzera begiratu du orduan, eta mutil bat ikusi du korrika beragana zuzen. Nadia, etsituta eta triste, espaloian geratu da izoztuta. Izoztuta eta, nahi gabe, negarrez.
Egoitzek ez du 01:30etako autobusa galdu nahi eta presaka ari da izerditan geltokira iritsi nahian. Taberna itxi berri du eta bestela beste ordu betez egin beharko du esperoa. Bera ez da konturatu baina, bat-batean neska bat ikusi du larri, atzera begira eta izu aurpegiz espaloian tente, eta bat-batean negarrez. «Kaka, izutu egin dut, bortxatzaile bat naizela pentsatuko zuen», eta ez duenez jakin zer egin, aurrera jo du, irribarre eginez, esan nahian bezala «lasai, ni majoa naiz». Gorroto du neskek gizon guztiak bortxatzailetzat hartzeko duten mania hori.
Autobusa hartu du azkenean, eta gurasoen etxerako bidean dituen 40 minutuak mugikorrari so pasako ditu; lanean egon den bitartean jasotako whatsappak erantzuten, Facebooken… azken horretan barrena dabilela Asierren argazkiak ikusi ditu. «Batzuk lana egin beharra dugun artean, zein gustura dabiltzan beste kabroi batzuk Menorcan!» pentsatu du. Eta ondoren, Atsegin dut.
Asierren mugikorrak soinu txiki bat egin dio norbaitek bere argazkia atsegin duela adieraziz. Mojitoa hartzen ari den Menorcako txiringitoan bihotzak salto txiki bat egin dio, «Mara ote da?». Imajinatu egin du bere etxean, eta itzuleran han topatu nahiko luke eta betirako bertan gera dadin eskatu. Baina, Egoitzek zure argazkia atsegin du. Kaka. Neska-lagunari begiratu dio berriz, «zertaz ari ginen, maitia?».
Narrazioa
Ez da abuztuko gau bat besterik
Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1988an. Nola heldu naiz ni honaino eleberria argitaratu berri du, Igartza sariaren bidez: hori du lehenengo literatur lana. Militante feminista da, eta zutabegintzan eta kazetari aritu da prentsan; BERRIAn, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu