Gazterik eta denbora tarte laburrean osatu zuen bere obra Gurutz Sarasola Martinez Lotsati-k (Itsasondo, 1915-Donostia, 1936), eta haren poesia oso urrun dago bere garaiko poeta nagusiek —Lizardik, Lauaxetak, Orixek...— iritsi zituzten gailur formaletatik, baina hala ere haren figura ahanzturaren zulotik jaregiten saiatu dira —begirune eta txera bereziz kasurik gehienetan—, hainbat idazle eta ikerlari ezagun azken hamarkadetan: Ibon Sarasola, Jon Arano, Iñaki Segurola, Xabier Mendiguren Elizegi, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Alvaro Rabelli... Duela ehun urte jaio zen Lotsati, Itsasondon (Gipuzkoa), 1915eko maiatzak 3 zituela.
Lotsatiren ekarpena «garrantzitsua» ote den zalantza agertu zuen Lertxundik, Argia aldizkarian 2004ko martxoan, Lotsatiren poemak ezagutzen hasi berri zen garaian, argitara emandako artikulu batean —Otsaileko hostoak—, baina ez zuen batere zalantzarik izan Lotsatiren ekarpena «polita» zela egiaztatzeko. «Bere garaikideek ez bezalako poesia egiten zuela ematen du irakurri ahal izan ditugun poemen arabera», idatzi zuen artikulu hartan Lertxundik.
Ildo berekotzat jo daiteke Ibon Sarasolak Goierritarra aldizkariaren 3. zenbakian, 1990ean, agertu zuen ikuspuntua; honela laburbildu baitzuen Lotsatiren poesia —Koldo Mitxelenaren bitartez— ezagutu zuenean izan zuen lehen irudipena: «Literatur balioaren aldetik beharbada maila gorenekoa ez zirudien arren, argi zegoen mamiaren aldetik garaiko poemagintzan zeharo arrotz gertatzen zen pentsamolde bat adierazten zela bertan».
Xabier Mendiguren Elizegiren iritzia ere Lertxundirenaren zein Sarasolarenaren antzekoa da: «Nolakoa da ba Lotsatiren olerkiera?», idatzi zuen Arbelaren gainean liburuan (Elkar, 2004) Lotsatiri eskaini zizkion pasarteetako batean. «Ez punta-puntanekoa, baina zinezko zerbait adierazten duena: ezinegon bat, munduarekin bat ez etortze bat».
Amodioari eta desamodioari buruz gaztetasunaren suhartasunetik idatzitako poemek ematen diote, nagusiki, Lotsatiren poemagintzari berezitasun eta bestelakotasun hori. Ankea ebakiko nuke poema, adibidez, honela amaitzen da: «Basamortuan/ Arkituko baziñake,/ Gosez ill bearrean,/ Janik gabe,/ Ta ni zure aldamenean/ Egongo banintzake.../ Aizkorea artuko nuke,/ Ankea ebakiko nuke.../ Eta jana emango nizuke./ Horrela biziko baziñake/ Asko poztuko nintzake!».
Poema horren dramatismoarekin bat egiten du Lotsatiren hiltzeko moduak ere, bere burua trenaren aurrera boteaz egin baitzuen bere buruaz beste, Donostiako burdinazko zubian, 1936an, 21 urte baino ez zituela. Ezinezko amodio batek bultzatu zuela pentsaraz dezakete idatzi zituen poemek, baina depresio baten edo gisako gaitzen baten ondorio ere izan zitekeela dio Alvaro Rabelli idazle eta ikerlariak Lotsatiren poemak bilduz osatutako Ilunpetik argira. Olerkiak (1935-1936) edizio kritikoan (Alberdania, 2010).
Orotara, Lotsatiren 25 poema bildu zituen Rabellik liburu horretan, denak 1935ean eta 1936an argitaratuak. Horietatik 19, El Día egunkarian argitaratutakoak, Lotsatiren iloba Jon Gurutz Olaskoagak bilduak zituen lehendik. Gainerako seiak beste argitalpen batzuetatik eskuratu zituen Rabellik, Julen Urkizari eta Koldo Izagirreri esker batez ere.
Koldo Izagirrek Maizterraren negarra poema berreskuratu zuen 2010ean, Lotsatik El Pueblo Vasco egunkarian argitaratua. Poema horretan, baserria uztera behartutako maizter familia baten egoera larriaren eta saminaren berri ematen du Lotsatik, eta baserri jabearekiko gaitzespena erakusten du amaieran: «Agur baserria bai/ Agur baserria/ Zu maite zaitut/ Bañan ez zeure nagusia». Poema horretan «urruntzen da garaiko ideologiatik gehien» Lotsati, Koldo Izagirrek BERRIAri 2004ko otsailean, poema berreskuratu berritan, adierazi zionez. «Baserria kantatu gabe, baserritik bota duten baserritarra kantatzen du. Eboluzio batean zegoela hil zen, zoritxarrez». Lotsati ez zela hala ere «heterodoxoa» izatera iritsi uste du Izagirrek. «Sabinianoa da, eta katolikoa. Euskadi lohikeriatik garbitzeko eskatzen dio Arantzazuko Amabirjinari... Horretan Lauaxetaren arrastoan dabil».
Amodio eta desamodio kontuetatik landa, «mezu ideologikoa ematen duten olerkiak» nagusitzen dira Lotsatiren olerkigintzan, Rabellik Ilunpetik argira liburuaren sarreran egindako azterketaren arabera. «Horietan Ene Euskaria!, Arantzazuko ama birjiñari eta Jetxi Sabiñ lurrera izenburukoak ideien aldetik ortodoxoenak suertatzen direla esan genezake», dio Rabellik. «Olerkiok ederki adierazten dute Lotsatiren ildo ideologikoa, zeinetan garaiko topiko guztiak azaltzen diren. Ikuspegi manikeoa nabarmena da: ustez garbiak diren euskal ohiturak kanpotik omen datozen ohitura zikinei kontrajartzen zaizkie».
«Errebeldia punttu bat»
Aitortzen dio, dena den,«errebeldia punttu bat» Lotsatiren poemagintzari Rabellik, Eta papera atera bear poema aipatuz adibidetzat: «Ezkondu bear dezula ta/ papera atera bear dezu/ ikasi bear dezula ta/ papera atera bear dezu,/ papera atera bear dezu/ ta papera atera bear dezu./ Au il dala/ ta ura jaio dala ta/ papera atera bear dezu./ Au egin bear dezula ta/ ura egin bear dezula ta/ papera atera bear dezu/ Ta papera atera bear dezu./ Zera... garbitzeko ere/ papera atera bear dezu!!!».
Lotsatik idatzitako poemen artean «bitxienetakotzat jo daitekeena» da Eta papera atera bear dezu, Rabelliren ustez. «Jon Aranok esaten zuen bezala, erraz 60ko edota 70eko hamarkadetako olerkia izan zitekeen horrekin batera Erreberoa izenekoa ere gogoratu beharrekoa da», dio Rabellik, arestian aipatutako hitzaurrean. Erreberoa poema behi-esne jetzi berriaren aldeko aldarri umoretsua da. «Bi olerki horietan Lotsatiren doinu larria, dramatikoa, alde batera utzi eta estilo xeheago bat azaltzen da, eguneroko zereginei lotua», dio Rabellik hitzaurrean. «Eta papera bear dezu horretan, gainera, gizartearen kontrako errebeldiatxoa daukagu, txikia bada ere, matxinadarako deirik gabe, baina besteetan agertzen ez den ironiaz apainduta, olerkariaren barne sentipenaren isla ere izan zitekeena».
Duela bost urteko maiatzean omenezko ekitaldi baten bidez gogoratu zuten Gurutz Sarasola Martinez Lotsati haren jaioterrian, Itsasondon, Ilunpetik argira poema liburu orduan argitaratu berria aurkeztearekin batera.1990a arte —Jon Aranoren zuzendaritzapean Goierritarra aldizkariak haren berri eman zuen arte—guztiz ahaztuta zegoen poeta hura neurri batean behintzat berreskuratuta zegoela erakutsi zuen ekitaldi hark, eta Lotsatik egina duela leku bat euskal literaturaren historian.
Ez bikaina, bai bestelakoa
Bihar izango dira ehun urte Gurutz Sarasola 'Lotsati' poeta jaio zela.Oso gazterik hilik, ez zen bere garaiko poeta batzuen maila formalera iritsi, baina idazle eta ikerlarien interesa piztu du azken urteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu