Ander Iriarte. Zinemagilea eta ekoizlea

«Ez badugu hau denon artean kontatzen, ez du inork kontatuko»

JON URBE / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Krask. Tortura pairatu dutenek erabili ohi duten hitza, barrua hautsi zitzaiela sentitu zuten unea deskribatzeko. Krask. Ander Iriartek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986) bere laugarren filmaren izenburura eramango duen hitza: Krask soinua dokumentala. Paco Etxeberriak zuzendutako Torturaren ikerketa proiektua Euskal Herrian (1960-2014) txostenetik abiatuta, eta bere aitaren istorioa adibidetzat hartuta, zientziak torturari buruz baieztatutakoa gizarteari helarazten saiatuko da Iriarte. Mirokutana, Irusoin eta Gastibeltza etxeekin lankidetzan ekoitziko du, eta finantzaketa kolektiboa abiatu dute.

Zein izan da dokumentalaren abiapuntua?

Paco Etxeberriak zuzendutako torturaren ikerketaren inguruko txostenaren aurkezpenera gonbidatu nindutenean hasi zen dena. Han entzun nituen lehen aldiz tortura modernoa eta tortura ikusezina bezalako kontzeptuak. Torturaren helburua egun jendea psikologikoki birrintzea dela esan zutenean, eta prozedurak deskribatu zituztenean, ezagunak egin zitzaizkidan. Nire aitak [Joxe Iriarte Bikila] idatzitakoa irakurri nuen [Borrokaren gorrian liburuan], eta entzundako guztia betetzen zela konturatu nintzen.

Nolakoa izan zen zure aita torturatu zutela ulertzeko prozesua?

Hasieran, ukazioa egon zen: aitari galdetu nion, eta esan zidan bera ez zutela torturatu. Beste batzuekin hitz egitean ere ateratzen ziren hitzak ziren: «Hori tortura bada, denok izan gara torturatuak». Orduan konturatu nintzen: torturatuen zenbakia hain handia da, agian, gizartearen trauma uste duguna baino handiagoa dela. Hori kudeatzen hasi ginen, eta aitak ere ulertu zuen torturatu egin zutela.

Hemengo kasuetatik abiatu zarete. Zer bereizgarri dituzte?

Hemen gatazka luze bat izan da, testuingurua oso konplexua izan da urte luzez, eta horrek egiten du hemen sistema horiek argiago ikustea. Zenbakiak erlatiboak dira: Euskal Herriko atxiloketetan izandako tortura kasuen portzentajeari begiratuta, ezin da esan sistematikoa izan denik, baina sektore jakin batzuei begiratuta, agian, bai.

Euskal Herritik kanpo zabaldu nahi duzue fokua, halere.

Ez dugu bereziki zentratu nahi tortura kasu jakin batzuetan. Balioetsi nahi dugu zientzialariek egin duten lana, ulertzeko nola funtzionatzen duen torturak, eta zer eboluzio izan duen. Torturen Biktimen Erreparaziorako eta Ikerketarako Zentrora ere joango gara, Kopenhagera. Zientziak dioena hor dagoela erakutsiko dugu; prozedurak aldatu arren, torturatzeko orduan mundu osoan daudela elementu komun batzuk: pertsona fisikoki higatzea, eta, gero, bere izatea apurtzea.

Krask hitza erabili duzue. Zerk egiten die krask torturatuei?

Tortura pairatu duten guztiek une batean izandako sentimendu bera deskribatzen dute: portzelana erori eta haustea bezalako sentsazioa, labezomorro bat zapaltzea bezalakoa; krask egitea. Norbere osotasuna apurtzea, barruan haustura sentitzea. Hori gertatzen zaizunean, uzten diozu zarena izateari: torturatzaileak nahi duena egingo eta esango duzu.

Hainbeste kasu izanda ere, maila batean, tortura ikusezina da oraindik. Zergatik?

Tortura hor dago, baina jada ez du markarik uzten. Tortura psikologikoekin, ikusezina bihurtzea lortu dute. Gizartearentzat ikusezina izan arren, baina, tipifikatuta dago zer den tortura: lo egiten ez uztea ere tortura da; drogak ematea tortura da. Garrantzitsua da kontzeptua definitzea.

Finantzaketa kolektiboa abiatu duzue. Nola doa?

Harrera izugarria izan du. Gutxieneko kopurua bete dugu [10.473 euro], baina jendearen laguntza behar dugu optimora iristeko [28.699 euro], Kopenhagera joateko. Garrantzitsua da: ez badugu hau denon artean kontatzen, ez du inork kontatuko. Historia bat idazten ari dira, milioi askorekin. Patria eta halakoak hor egongo dira; baina beste batzuek ere egon behar dute: Non dago Mikel?, Bi urte, lau hilabete eta egun bat eta Caminho longe bezalakoek herri ekimenez egin behar dute aurrera.

Dokumentalak harrera ona izatea espero duzue?

Espero dugu giza eskubideen alde dauden guztiengana iristea, ez mugatzea tortura dagoela dagoeneko sinesten duten horietara. Gizarteak ezagutu dezala txosten hori, gauza bat delako ikerketa bat onartuta egotea, eta beste bat gizartearengana iristea. Abagune handia dago eta zulo hori bete nahi dugu. Ikus-entzunezkoek lan hori bete dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.