Musika

Exotismoak eta bidaiek ardaztuko dute 85. Musika Hamabostaldia

Abuztuaren 1etik 30era bitartean, laurogei ekitaldi eskainiko ditu musika klasikoko jaialdiak. Ekoizpen propioen, nazioarteko zuzendari eta interprete entzutetsuen eta dantzaren alde egin dute. Sarrerak asteartetik aurrera eskuratu ahalko dira.

Riccardo Chailly orkestra zuzendaria izango da 85. Musika Hamabostaldio izen handietako bat. MUSIKA HAMABOSTALDIA
Riccardo Chailly orkestra zuzendaria izango da 85. Musika Hamabostaldio izen handietako bat. MUSIKA HAMABOSTALDIA
itziar ugarte irizar
Donostia
2024ko maiatzaren 17a
16:30
Entzun

Normalean azken punturako utzi izan duela esanez abiatu bada ere, aurten Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiaren zuzendariak erabaki du aurrekontua zehaztuz hastea 85. aldiaren aurkezpena: 2.317.000 euro. Iaz baino 100.000 euro gehiago dira horiek, eta jaialdiaren aurtengo aldirako baikor dauden erakusgarri ere bada hori, Alfayaren hitzetan. «Publikoaren aldetik, gorakada bat izan genuen aurreko urtean, eta aurtengorako ere baikor gaude: jaso ditugu aldeko lehen zantzuak jada», adierazi du. Abuztuaren 1etik 30era bitartean, jaialdia ohiko zikloekin hedatuko da Donostian, baina baita beste zenbait herritan ere. Denera laurogei ekitaldi antolatu dituzte, eta Uda, emadazu musika leloak bilduko ditu guztiak.

Jaialdiaren babesle pribatu eta publikoetako ordezkariak bilduta (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza), aurkezpen jendetsua egin dute gaur goizean Kursaalean, eta, hain justu, bai Alfayak eta bai Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak nabarmendu dute jaialdia «elkarlan pribatu-publiko» horrek egiten duela posible. Iturbek «euskal kultur sistemaren barruko proiektu estrategikotzat» jo du Hamabostaldia, eta hiru arrazoi zehaztu ditu: «talentua bultzatzea», nazioartekotzea, eta jaialdiak duen «inpaktu artistiko eta musikalaz gain», haren eragin «sozial eta ekonomikoa».

Aurkezpenean gogoan izan dituzte Nestor Basterretxea eta Eduardo Txillida artisten mendeurrenak, eta jaialdiko egitarauan ere leku egin nahi izan diete biei. Sarrerei dagokienez, datorren asteartean jarriko dituzte salgai, hilaren 21ean, Hamabostaldiaren web orrian eta Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan; Hamabostaldiaren Lagunek %25erainoko beherapena izango dute. Gaurdanik osorik kontsultatu daiteke egitaraua jaialdiaren webgunean.

Ekoizpen propioak eta estreinaldiak

Alfayak azpimarratu duenez, jaialdi batek «kreatiboa» izan behar du, ez soilik «programatu», eta, horregatik, ekoizpen propioek eta estreinaldiek leku esanguratsua izango dute beste urte batez Hamabostaldian. Ekoizpen propioetako bat Georges Bizeten Carmen operaren bertsio berri bat izango da, Emilio Gomezek sinatua —abuztuaren 8an eta 10ean taularatuko dute, Kursaal auditoriumean—, eta hark ekarri du, hain justu, aurtengo jaialdiaren ildo tematikoa: bidaiak eta exotismoa.

Bach Collegium Japan taldea, 2008an; Masaaki Suzukiren gidaritzapean helduko da. MARCO BORGGREVE
Bach Collegium Japan taldea, 2008an; Masaaki Suzukiren gidaritzapean helduko da. MARCO BORGGREVE

Haurren Hamabostaldiaren barruan, Egia ala geRuza opera ere propio sortu dute jaialdirako. Lewis Carrollen testuetan oinarrituta eta Walter Slaughterren musikarekin, hizkuntzaren geruzak arakatzea du helburu ikuskizunak, eta abuztuaren 26an erakutsiko dute, Viktoria Eugenia antzokian. Inaugurazio eguneko iluntzean, Haizearen Orrazian, Txillidaren omenez sortutako Hiru pieza ere estreinatuko du Kresala dantza taldeak.

Ziklo ugaritan interpretatuko diren partituretako batzuk ere lehen aldiz entzun ahal izango ditu publikoak; tartean, Felix Ibarrondoren Glass eta Ziyi Taoren Notspur.

Nazioarteko izen handiak

Kursaal auditoriumeko kontzertuek arreta berezia bereganatzen dute urtero, eta Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak irekiko du aurten ziklo hori. Kontzertu bikoitza emango dute jaialdiaren lehen bi egunetan, eta Gustavo Gimeno ariko da zuzendari. Lehen eguneko emanaldian, Bruce Liu pianista sarituarekin ariko da orkestra, eta biharamunean, berriz, Easoko Ahots Mistoen Abesbatza eta Alexander Vinogrado baxua ariko dira haiekin, zeinak lehen aldiz Xostakovitxen Stepan Razinen exekuzioa ekarriko duen Hamabostaldira.

Ziklo beraren barruan, Masaaki Suzuki Kursaalean ariko da abuztuaren 11n, Bach Collegium Japan talde barrokoarekin; eta Kursaaletik igaroko den beste izen handi bat Riccardo Chaillyrena izango da. Milango Scalako Orkestra zuzendaria da —«orkestra zuzendaritzako pertsonaia handienetako bat», antolatzaileen arabera—, eta Txaikovskiren obra bat eta Ravelen beste bat gidatuko ditu, abuztuaren 27an.

Ivan Sischer eta Gustavo Gimeno zuzendari entzutetsuak ere jaialdian izango dira aurten, baita Sol Gabetta, Patricia Kopatchinskaja eta Alexandra Dovgan bakarlariak ere. Azken hori Viktoria Eugenia antzokian arituko da, abuztuaren 19an, eta, harenaz gain, beste hiru emanaldi hartuko ditu aurten agertoki horrek: Titulurik gabeko komedia, Ursula Lopez flamenko konpainiaren eskutik, abuztuaren 6an; Krystof Haranten Odisea kontzertua, «mendialdetik ekialderako bidaia bat», Ramon Barearen narrazio batekin lagunduta, abuztuaren 20an; eta Egia ala geRuza haurrentzako opera.

Formatuak zaharberritzen

Jaialdiaren azken urteetako nahietako bat dantzari gero eta leku handiagoa egitea dela ere azaldu du Alfayak, eta horren erakusgarri da aurten diziplina horri lotutako hamar emanaldi baino gehiago prestatu izana. Zikloen barruan erakutsiko dituzte gehienak, eta Kafig konpainiak, esaterako, dantza klasikoa, kaleko erritmoak eta antzinako musika uztartuko ditu Folia ikuskizunean, Kursaalean. Nobedade moduan, dantzari preseski leku egingo dion zikloa Tabakalera Dantzan izenekoa izango da, eta Myriam Perez Cazabon, Hotel Col·lectiu Escenic, Javier Arozena eta Mal Pelo konpainia ariko dira haren barruan.

Ursula Lopez Flamenko konpainiaren 'Titulurik gabeko komedia'. M. HAMABOSTALDIA
Ursula Lopez flamenko konpainiaren 'Titulurik gabeko komedia'. M. HAMABOSTALDIA

Bide bertsutik, «askotariko formatuak» sustatzen segitzeko borondatea ere berretsi du jaialdiko zuzendariak, eta, hala, proiekziodun kontzertu bat, eta aktore eta artista plastikoen parte hartzea hartuko duten emanaldiak prestatu dituzte.

Ohiko ildoetan sakontzen ere segituko dute, eta musika koralak presentzia nabaria izango du aurten ere, esaterako. «Abesbatzek oso presente egon behar dute Musika Hamabostaldian», esan du Alfayak. Ohi bezala, Euskal Herriko eta atzerriko abesbatzek parte hartuko dute askotariko emanaldietan.

Ganbera musika eta antzinakoa San Telmo museoan entzungo da, batik bat, eta organo zikloa, berriz, Donostiako eta Gipuzkoako organo erromantiko handietan. Izan ere, urtez urte, Donostiatik kanpo ere finkatuz joan da Hamabostaldia, eta Euskal Herriko lurralde ugari zeharkatuko ditu aurten ere. Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa) bilakatu da helmuga finko horietako bat, eta aurten Abraham Cupeiro musikari galiziarra arituko da bertan, Eñaut Elorrietarekin, Oreka TX taldearekin eta Agus Barandiaranekin batera. Jaialdia amaitu bezperan izango da, abuztuaren 29an.

85. Musika Hamabostaldiaren aurkezpena, Donostiako Kursaalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
85. Musika Hamabostaldiaren aurkezpena, Donostiako Kursaalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.