Donostiako 85. Musika Hamabostaldia

Exotikoaren lilura

Marta Garcia
2024ko abuztuaren 22a
05:05
Entzun

cappella mariana & constantinople

Zuzendariak: Vojtech Semerad (ideia eta Cappella Marianako zuzendari artistikoa), Tabassian (setar, ahotsa eta Constantinopleko zuzendari artistikoa). Narratzailea: Ramon Barea. Egitaraua:Krystof Haranten odisea: K. Harant, K. Tabassian, A. Mo’men, S. Murad, K. Misri eta abarren obrak. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: abuztuaren 20a

Emanaldi liluragarria izan zen asteartean Viktoria Eugenia antzokian, denboran zein espazioan bidaia egiteko gonbita ere bazena, ekialdeko eta mendebaldeko kulturak batu zituena. Mediterraneo aldeko musika instrumentala ekarri zuten Constantinople taldeko kideek, eta Herbehereetako polifonia Cappella Marianako abeslariek. Krystof Harant zen programan hizpide, XVI. eta XVII. mendeen artean bizi izan zen noble, soldadu, bidaiari, idazle eta konpositorea. Haren obraren zati handi bat galdu bada ere, esan daiteke txekiar humanista handia izan zela. Bohemiatik, bere jaioterritik, Jerusalemera iritsi zen, Mediterraneoa eta gaur egungo Turkia zeharkatuz. Enperadorearen aginduz erail zuten Krystof Harant, heresiagatik salatuta, duela403 urte.

Garai hartan ohikoa zen gisan, Harantek bere egunerokoan jaso zituen ibilbideari eta tokiei buruzko iritziak eta sentipenak. Gazteleraz espresuki egindako itzulpenari esker, Ramon Barearen ahotsetik jakin genuen nola egin zuen Sion mendirako igoaldia, nola bi arabiarrek salbatu zuten monje bat ibaian itota hiltzetik, nola jartzen zituen zalantzan lekusantuak, hain zuzen, ezinezkoa baitzen hainbeste leku santu existitzea, eta nola izendatu zuten Hilobi Santuaren Zaldun, nahikoa diru eta jabetza bazuela egiaztatu ondoren. Haren idatzietan, exotikoa eta arrotza zen hori ezagun bihurtzeko desioaz gain, bada ironia puntu bat, Bareak prosodia bikainaz eta dramaturgia finaz azaleratu zituenak.

Tartean, Harantek berak idatzitako Missa quinis vocibus-en zatiak izan ziren, Cappella Marianak gardenki eta ia ezinezkoa zirudien afinazio perfektuaz interpretatu zituenak, bai eta XVI. mendeko Mediterraneoko doinuak ere, Constantinopleko musikariek fintasun osoz landuak, setarra, kanuna eta kemenchea lagun. Bereziki ederrak Hafez poeta persiarraren poema musikatuak, Tabassianek errotik interpretatuta, flamenkoaren erro arabiarrak argiro identifikatzea ahalbidetu zutenak. Urrutira egindako bidaiek erakusten dute, batzuetan, zeinen gertu gauden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.