Miren Vives Almandoz. Balentziaga museoko zuzendaria

«Existitzen soilik xahutzen dugu aurrekontuaren %70»

Urte erdia darama karguan, eta ikusi du museoak ezin diola eutsi orain arteko erakusketa moldeari. Muturreko aldaketarik egin gabe, datozen hiru urteetan trantsiziozko eredu bat garatzea du asmo, «funtzionamendua arinduko duena».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Getaria
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Balentziaga museoa gaindimentsionatuta jaio ote zen galdetzen zaionean, ironikoki moduan barre egiten du Miren Vives Almandoz zuzendariak (Donostia, 1972). «Gisa honetako eraikin bat bera ere ez da sortzen polemikarik gabe». Badaki museoaren sorreraren kudeaketaren bueltako kalapitek haren irudiari negatiboki eragiten diotela oraindik ere, baina ziklo bat amaitu dela iruditzen zaio, eta unean unekoari heltzen dio: «Getarian gaude, 9.000 metro koadroko eraikin batean. Museoa garatzea eta daukagun azpiegitura aprobetxatzen lagunduko digun programa bat osatzea dagokigu». Ekonomia eta Enpresa Zientziatan lizentziaduna da, eta kulturaren sektoreko hainbat enpresatan lan egin du bideragarritasun planak eta beste eratzen. 1,3 milioi pasatxoko aurrekontua dauka esku artean museoa kudeatzeko —horren %75, gutxi gorabehera, instituzio publikoek betetzen dute—. Beste zenbaki batzuk nabarmentzen ditu, ordea, batez ere. «Utzitako eta deposituan eman dizkiguten piezen artean, aurten beste 500 pilatu ditugu». 2.000 bat dauzkate guztira.

Orain urte erdi hartu zenuen Balentziaga museoko zuzendari kargua. Zerekin topo egin zenuen? Zein egoeratan zegoen?

Martxan zegoen. Aurreko zuzendaritzak orain arte, gutxi gorabehera, iraungo zuen programa bat zeukan diseinatuta. Iritsi berritan egin nuen lehen gauza izan zen aurrekontua berrikustea; izan ere, urteko aurrekontuaren orekari eustea zen gure helburua. Beraz, behin hori edukita, prozesu museologikoen berrikustea egin genuen. Eta, azkenik, azpiegiturei erreparatu genien. Elementu horiek guztiak kontuan hartuta, lehentasun batzuk planteatu genituen.

Baina zein egoeratan zegoen? Zerbaitek onerako edo txarrerako harritu al zintuen?

Ez. Ordura arte, 2011n inauguratu zenetik, lehentasuna zen museoak jarduera bat eduki zezala. Beraz, beste aspektu batzuk ez zeuden hain garatuta.

Zein aspektu?

Bada... Ez dakit nola azaldu... Barne protokoloak, prozedurak, prozesuak...

Protokolo kontuak?

Gauzatzen ziren, baina ez zeuden idatzita. Hori egonkortu beharra zegoen esparru guztietan.

Esan izan duzu museoaren tamaina arazo izan daitekeela; ez dela ez nahikoa txikia ez sobera handia. Zer esan nahi duzu?

Museo txiki batek bere aurrekontuen zirkunstantzietara errazago egokitzea ahalbidetzen dion azpiegituren kostu bat eduki dezake. Honek gastu handia dauka azpiegituraren kostu finkoetan; aurrekontu osoaren %70, gutxi asko, existitzen bakarrik xahutzen dugu. Mantentze gastuak daude, hornidurakoak, harrera zerbitzukoak, langileenak... Azpiegitura astuna dauka... Eta astunagoa zen! Dezente arindu da. Baina zuk beste era bateko antolakuntza baduzu, azpiegituren pisua ez bada hain nabarmena, eta zure eskaintza gehiago oinarritzen baduzu kostu aldakorreko ekintzetan, bada, zu zeu egokitu zaitezke egoerara, eta oreka lor dezakezu. Hori hala da beti. Baina gurean ez da hain erraza alderdi finko horiek egokitzea; denbora gehiago behar da, eta nabaritzen da programazioaren alderdian.

Azkeneko sei hilabeteotan egokitzapen horiek egitea izan al da zure egiteko nagusia? Edo, hein batean behintzat, neurri horiek hartuta al zeuden?

Nahiko egokituta zegoen, baina neurriak berrikusi ditut. Hemendik aurrera, beharbada, baldintza errealistagoak-edo jarriko ditugu kontratazio planteamenduetan-eta. Dena den, ordutegien [joan den urtearen amaieran murriztu zuten], kanpo kontratazioen eta besteren egokitzapenak ni sartu aurretik egin ziren. Orain, horren guztiaren eragina aztertu behar da. Hori alde batetik.

Beste aldetik, diru sarreren kontua dago. Gure jarduerekin diru sarrera propioak sortzeko prestatu behar dugu. Instituzioek ematen duten diruari eutsiko diotela uste dugu.

Hori garatzeko ideiaren bat ba al duzu buruan?

Guk, toki guztiek bezala, bisitarien datuak biltzen ditugu: nondik datozen, adina... Ezer gutxi gehiago. Baina ez da horri buruzko ikerketarik egin. Ez dakigu zergatik datozen; zer espero duten; zer egiten duten hona etortzeaz gain; nola eduki duten museoaren berri... Hori guztia jakingo bagenu, beste ezagutza bat edukiko genuke geure eskaintza prestatzerakoan. Hortaz, hasi gara publikoaren ikerketa bat egiten.

Beraz, ikerketa horien emaitzen zain egongo zarete...

Dena den, joan gaitezke gauza batzuk egiten. Izan ere, erraz eta azkar kontrasta daitezke; ez dute inbertsio handiegirik behar.

Noiz izango dituzue emaitzak eskura? Noiz jarri ahal izango duzu martxan zuk buruan daukazun museo eredua?

Oraingoz, hartu ditugu berehalako neurriak aurrekontuari eragingo diotenak. Gero, egin behar dugu, esaterako, urteko lau urtaroen ikerketa, eta horien emaitzak edukiko ditugu. Egin ahala neurtzen ditugu emaitzak kasu horietan; ez dugu bi urtez itxaron behar zerbaitek funtzionatzen duen ala ez ikusteko. Azkenean, funtzionamendua arintzea edo bizkortzea da ideia. Inoiz ez dugu jakingo zein ereduk funtzionatzen duen ondoen, baina inportanteena da jarduera txikiak egitea, probatzea, zuzentzea eta egokitzea. Hori da prozesua.

Prozesu bat da, baina izango duzu museoarentzako eskaintza eredu bat buruan; kontzeptualki behintzat.

Balentziaga du oinarrian kontzeptualki: bere figura eta bere obra. Orain arte aldi baterako iraupen luzeko erakusketak egin dira, eta horiek, gure bildumatik tiraka edo kanpotik ekarritako materiala baliatuz, Balentziagaren obra erakutsi dute. Eskaintza hori tamaina txikiagoko eta modarekin zuzenean edo zeharka harremanduriko beste erakusketa batzuekin osatu da. Balentziaga zutarri izango da aurrerantzean ere, baina aipatutako erakusketa eredu hori ezin dugu mantendu.

Zergatik?

Aurrekontu txikiagoa dugu, egoera berrira moldatu beharra daukagu, eta erakusketa molde horrek denbora asko kentzen du. Eraikinaren bi solairuetan urtero sei hilabete-urtebeteko aldi baterako erakusketak antolatzeak eta Aldamar jauregian tamaina txikiagoko erakusketak jartzeak, erritmo horrek, esfortzu handia eskatzen du. Kontuan hartuta badakigula udaran etortzen dela bisitari gehien, eta horiek ez dutela errepikatzen, pentsatzen dugu erakusketa egonkorrago bat Aldamarren antolatutako programazio biziago batekin —beste gisa bateko formatuak edukiko dituena, beste gai batzuk jorratuko dituena— konbinatzen badugu orain arteko eredua baino funtzionalagoa eta iraunkorragoa izan daitekeela.

Hiru urte besterik ez du museoak. Eskain dezakeena baloratzeko nahikoa denbora al da?

Argi dagoena da ez dela komeni hasierako boom hori kontuan hartzea balorazioak egiterakoan. Garatzeke dago museoa. Nazioarteko oihartzuna, esaterako, denborarekin helduko da. Horretarako, erakutsi behar dugu museo profesionala dela gurea, gurekin kolabora daitekeela, kalitatezko eduki propioak sortzen ditugula, koprodukzioak egiten ditugula, ikertzaileak hartzen ditugula...

Iaz, 45.000 bisitari eduki zituen; 2012an, berriz, 69.000. Aurtengo kopuruari buruzko kalkuluren bat egin al duzue?

Balantzea urtearen amaieran egingo dugu, baina, noski, ez gara 2012ko kopuruetara helduko. Beherakada hori aztertzerakoan hainbat aldagai hartu behar dira kontuan. Museo baten inaugurazioaren ondoren, bi urtera beherakada bat gertatzen da bisitariei dagokienez; hori datu objektibo bat da. Halere, gure kasuan ez dakigu, zehazki, portzentualki, zeri erantzuten dion beherakadak.

2012ko kopuru horrek hasierako boom horri erantzuten al dio soilik?

Kopuru horrek harritu egin ninduen. 2013ko kopurua, dena den, ona iruditzen zait.

Ez daukazue argi zein motibo dauzkaten bisitariek museora etortzeko...

Bisitarien datu demografiko oinarrizkoenen berri besterik ez dugu. Halere, hemendik hiru urtera aurreikusten dudan eskaintza ereduaren eta oraingoaren artean ez dugu muturreko aldaketarik bultzatuko; trantsiziozko eredu bat garatuko dugu.

Javier Gonzalez de Durana aurreko zuzendariak esaten zuen 1990eko hamarkadaren erdialdera arte arraroa zela modari buruzko erakusketak egitea, baina orain, aldiz, jendeak jakin nahi duela zein den modaren errealitatea. Nabaritzen al duzue?

Zuzen zebilen. Piezak eskatzen dizkiguten erakundeen profila aniztunagoa da orain. Guk nabaritzen duguna da mugimendua dagoela. Hori bai, sektoreko agenteekin kolaboratu behar dugu, haiekin eskutik hartuta joan; Balentziaga ez da sektorearen motorra, haren zerbitzura egon behar du. Euskal Herrian modari buruzko kluster bat egin daiteke.

Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan Hubert de Givenchyri buruzko erakusketa bat dago irekita, eta Londresko Barbican Art Galleryn Jean Paul Gaultierri buruzko bat egin berri da. Mostra horiek, adibidez, hona ekartzeko hitzarmenak aurreikusten al dituzue?

2015-2016rako erakusketa bat koproduzitzen ari gara Calaisko [Frantzia] zentro batekin. 2016an hona ekarriko dugu. Eta bai, gisa horretako lerroak landu behar dira, tamaina handixeagoko erakusketei hainbaten artean eusteko. Halere, museo entzutetsuek planteatzen dituzten erakusketa handi ibiltariak ez dituzte doan uzten; kostu batzuk dauzkate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.