Giza eskubideen aldeko nazioarteko hainbat taldek eta atzerriko zenbait gobernuk eragindako presioaren eraginez, 1991n Hassan II.a Marokoko erregeak erabaki zuen Tazmamart kartzelan oraindik preso zeudenak —300 lagun inguru— aske utzi eta kartzela bera ixtea. Preso ohietako batzuek atzerrira jo zuten, eta gutxi batzuk Marokon bertan geratu ziren; guztiei debekatu egin zitzaien Tazmamarten jazotakoa jendaurrean azaltzea, auzipetuak izan nahi ez bazuten. Handik urte batzuetara, ordea, argitara ateratzen hasi ziren lau hamarkada luzez sekretuan jardun zuen presondegi hari buruzko testigantzak. Horren adibide dira Ali Bourequaten Dans les Jardins Secrets du roi de Maroc (Marokoko erregearen lorategi sekretuetan, 1998) eta Ahmed Marzoukiren Tazmamart Cellule 10 (Tazmamart 10. zelda, 2000). Denetan ezagunena, baina, Tahar Ben Jelloun idazlearen (Fez, Maroko, 1944) Cette aveugante absence de lumière (Argirik ez itsugarri hau, 2001) nobela da. Azken horrek soldadu baten bizipenak ditu hizpide: 1971ko ekainean armadako zenbait buruzagik Hassan II.aren kontra bultzaturiko estatu kolpearen ondorioz atxilotu zuten soldatu batenak.
Gauza jakina da Ben Jellounen liburuan Salim izenarekin agertzen den narratzailea Aziz BineBine soldadu ohiarengan oinarriturik dagoela. Idazleak hiru orduko elkarrizketa izan zuen harekin Tazmamarten gertatutakoaren inguruan, eta hortik abiatuta osatu zuen nobela. Gerora, komunikabideetara bidalitako gutun baten bidez,BineBinek arbuiatu egin zuen Ben Jellounen lana, behartu egin zutelako bere historia idazlearen esku uztera —Ben Jellounek azaldu zuen BineBineren anaiaren eskariz idatzi zuela nobela—. Zortzi urte geroago, BineBinek berak idatzitako testigantza agertu zen: Tazmamort, dix-huit ans dans le bagne de Hassan II (Tazmaheriotz: hamazortzi urte Hassan II.aren kolonia penalean, 2009). Berez, alde handirik ez dago Ben Jellounek fikzioaren bidez azaltzen duenaren eta BineBinek memoria moduan aurkezten duen historiaren artean. Horrek esan nahi du material hutsa baino gehiago eskaini ziola BineBinek idazleari: historia nola konta zezakeen ere azaldu zion. Bere oroitzaoenetan bertan, BineBine kontalari trebea dela antzeman da. Azken batean, horixe egin zuen Tazmamarten igaro zituen hamazortzi urteetan: bera bezala preso zeudenei denetariko istorioak eta historiak kontatu, adimena galdu ez zezaten.
Iruzurra eta sarraskia
1971ko ekainean, Hassan II.aren kontrako estatu kolpea gertatu zenean, antzinatasun gutxiko soldadua zen Aziz BineBine. Bere soldadu kideei esan zieten antzera, erregea ariketa militarretan aritzekoa zela esan zioten armadako goi kargudunek, baina erasoari ekin ziotenean iruzur egin zietela ohartu zen: erregea jai handiosa eskaintzen ari zen udako bere jauregian, eta, horren ondorioz, sarraski handia eragin zuten kolpean parte harturikoek. BineBinek lehen tiroak hasi zirenean alde egin zuen jauregitik, bere pistolan bala bat bera ere falta ez zela.
Konexio onak zituen familia batetik zetorren BineBine. Aita erregearen konfiantzazko aholkularia zen, baina horrek ez zuen eraginik izan jasoko zuen zigorrean. Hain zuzen, aitak semetzat ukatu egin zuen kolpearen ostean. Epaiketa sumario batean hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten BineBineri estatu kolpean parte hartzeagatik. Okerrena etortzeko zegoen, ordea. Urte berean gertatu zen eta arrakastarik izan ez zuen bigarren estatu kolpe baten ostean, bere soldadu kideak eta bera beren sententzia betetzen ari ziren presondegi zibiletatik atera, eta ofizialki existitzen ez zen —eta hamazortzi urtez existitu gabe jarraituko zuen—kartzelara eraman zituzten.
Tazmamart Atlas mendikatean propio eraikitako ziega bat zen; udan bero kiskalgarria egiten zuen, eta neguan, berriz, hotz jasanezina. Alegia, infernu bat zen urteko hamabi hilabeteetan. Presoei janari urria eta maiz usteldua ematen zieten, eta ura edaten zuten asko gaixotu eta hil egiten ziren. Baina jendea etengabe hiltzen zen Tazmamarten, eta ez uragatik bakarrik. Zeldak estu-estuak zirenez, BineBinek «bizitza diagonala» izendatzen duen hori bakarrik gerta zitekeen haietan: «Lau urrats egiten zenituen alde baterantz, beste lau urrats bestalderantz, bira erdi egin ezkerrera edo eskumara, ez zorabiatzeko». Gainera, leihorik ez zen ziegetan, eta estoldak zabalik zeudenez —eta komunek estalkirik ez zutenez—, hondakinak azalera ateratzen ziren norbaitek barrua husten zuen bakoitzean.
Desagerraraztea helburu
Zaindariek ez zuten batere laguntzarik eskaintzen. Pobreziak jotako landa eremuko herrixketakoak jatorriz, zaindariak ezjakinegiak ziren, ala ez zitzaien presoen ongizatea axola, ala goikoek zigortuak izatearen beldur ziren. «Koldarra gizon krudela baino arriskutsuagoa da», dio BineBinek, eta hala zen Tazmamarteko zaindarien kasuan, beren arduragabekeriak, edozein zelarik haren arrazoia, presoen bizi itxaropen jada ezegonkorra are larriago egiten baitzuen. Dena den, Tazmamarten funtzioa horixe zen, azken batean: bertan sartzen zirenak betiko desagerraraztea. Presoei une oro gogorarazten zieten handik ateratzeko modu bakarra heriotza zela.
Amnesty Internationalek egindako txostenaren arabera, 1960ko hamarkadatik erregimenaren aurkari izatearen aitzakian ehunka lagun desagerrarazi zituen Marokoko Gobernuak Tazmamart kartzelaren bidez, haien artean 500 bat saharar. Kartzela behin betiko itxi zutenean, BineBine bezala estatu kolpearen ondorioz preso eramandako 58 gizonen erdiak baino gehiago hilda zeuden.
Literatura
Existitu ez zen kartzelakoak
Hainbat urtez Marokoko Tazmamart kartzelari buruzko aipamenak debekatuta egon arren, urteekin hasi ziren agertzen hari buruzko nobelak eta lekukotzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu