Donostiako 71. Zinemaldia

Evoleren 'No me llame Ternera' lanak hasiko du Made in Spain saila Zinemaldian

Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari egindako elkarrizketa bat da 'No me llame Ternera' dokumentalaren ardatza. Jordi Evolek eta Marius Sanchezek zuzendu dute.

'No me llame Ternera' dokumentaleko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Andoni Imaz
2023ko irailaren 7a
15:25
Entzun

Duela bi aste zabaldu zuten albistea: Jordi Evole kazetari katalanak Josu Urrutikoetxea ETAren ordezkari ohiari egindako elkarrizketa bat emango dute Donostiako 71. Zinemaldian. Jaialdiak gaur osatu du informazioa: lanak No me llame Ternera du izena, Evolek eta Marius Sanchezek zuzendu dute, 101 minutu irauten du, eta Made in Spain saila abiatuko du.

ETAk 2018an desegin zen arte izandako «une erabakigarri» batzuez arituko dira dokumentaleko elkarrizketa «tirabiratsu eta sakonean», Donostiako Zinemaldiak adierazi duenez. Gainera, hizketaldi horrek «ETAren biktima batek duela ia 50 urte jasan zuen atentatuaren inguruko zalantzak argitu ditzake».

Producciones del Barrio ekoiztetxeak —Evolek sortu zuen, 2015ean— eta Netflixek ekoitzi dute dokumentala. Zinemaldian estreinatu ondoren, plataforma horren katalogoan sartuko dute.

«Film hau egin dugu gure herrialdearen historiarekiko erantzukizuna dugulako, neurri batean ETAren terrorismoak asko markatu duelako historia hori. Aukera paregabea iruditu zitzaigun erakunde terrorista horretako kide izan den norbait elkarrizketatzea», esan dute filmaren egileek. «Halaber, ahaztea edo gure historiaren zati horri ez begiratzea erabaki duen belaunaldiarentzat funtsezko balio pedagogikoa du. Memoria historikoko ariketa bat da».

BERRIAk 2020ko abenduan elkarrizketatu zuen Urrutikoetxea, espetxetik atera eta hilabete gutxira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.