Donostiako 71. Zinemaldia. Made in Spain

Evole: «ETAren ikuspuntua jaso nahi genuen, minkorra izan badaiteke ere»

Egindako lanaz «harro» daudela esan dute 'No me llame Ternera' lanaren zuzendariek. Filma erakutsi osteko solasaldian, alde bietako biktimen aldeko txaloak izan ziren

Marius Sanchez eta Jordi Evole No me llame Ternera lanaren zuzendariak, atzo, Donostiako Kursaalean. JON URBE / EFE.
itziar ugarte irizar
Donostia
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Ez zen gure asmoa agerraldi honetara hainbesteko espektazioarekin iristea. Gai arantzatsua da, hartzen duzun lekutik hartzen duzula. Baina komunikatua atera zutenek markatu dute agenda. Nahiago genuke zarata gutxiago egin izana, eta filma ikusi ostean hitz egin izan balitz». Hitz horiekin hasi zuten atzo Jordi Evole eta Marius Sanchez No me llame Ternera dokumentalaren egileek prentsa aurrean egindako agerraldia. Jendez beteta zegoen aretoa, eta halaxe egon zen tarte batera egin zen pelikularen aurkezpena ere.

Hainbeste polemika sortu duen filmaren emanaldi orokorra izan zen atzokoa, eta jende ezaguna joan zen emanaldira, besteak beste, Aintzane Ezenarro, Gogora institutuko zuzendaria; Jose Antonio Rodriguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordea; Karlos Ioldi, preso ohia eta Harrera elkarteko kidea; Gonzalo Boye, abokatua —Urrutikoetxearena, tartean—; Jesus Egiguren, PSE-EEko presidente ohia; Pello Rubio, Txillarre baserriko jabea; Gorka Landaburu, kazetaria eta ETAren biktima; Mariasun Quiñones, Athleticeko atezaina; Pili Zabala, GALek hildako Joxi Zabalarena arreba; Francisco Ruiz, ETAren biktima eta pelikulan agertzen dena. Emanaldiaren osteko solasaldian hitza hartu zutenen artean egon ziren Ruiz eta Zabala —aitortu gabeko biktimak aldarrikatu zituen—, eta biek jaso zituzten txaloak.

Prentsaurrekoan, sortutako «zarataren» ingurukoak izan ziren lehen galderak. Zuzendariek aitortu zuten «ohituta» daudela zer esana ematen duten lanak egitera, baina ez «zuritzea» bezalako kontzeptuetara. «Galdetzea ez da zuritzea. Ez gaituzte ezagutzen hala uste dutenek».

Ondoko polemikaren aldean, filmaren sortze prozesuan «oso lasai» egon direla aipatu zuten. «Emandako pauso guztiak oso pentsatuak izan dira, eta konforme gaude emaitzarekin». Konforme bakarrik ez, kazetarietako batek zoriondu egin zituenean—«etorkizunari ate bat ireki» diotela esanez—, egindakoarekin «erabat harro» daudela ere aipatu zuen Evolek.

Urrutikoetxea nola ikusten duten galdetu zioten, zehatzago, zer adjektiborekin definituko luketen, eta «militantea» izan zen egileek nabarmendu zuten hitza. Evole: «Militante bat, bere erakundea denaren gainetik jartzen duena». Kazetari batek estutu egin zituen, Urrutikoetxea «hiltzaile» bat dela esanez, eta ez «militante bat». Aurretik esandakoari beste hitz bat gehitu zion orduan Evolek: «Militante fanatiko bat da».

Filmaren xehetasun batzuk ere aletu zituzten. 2020an hasi zirela lantzen «ETAren amaierako negoziazioak» erretratatu zitzakeen filma, eta 2022ko udaberrian elkartu zirela Urrutikoetxearekin—hiru goizez, bakoitzean hiru orduz—, aurretik haren inguru hurbilarekin urtebetez aurrelanetan aritu ostean. Filmean ageri den Ruizekin, berriz, aurtengo udaberrian grabatu zuten elkarrizketa. Urrutikoetxeak elkarrizketan aitortutakoei tiraka heldu ziren harengana.

Interes «eztabaidaezina»

Filma egiteko motibazioen inguruan, gazteen artean nabari duten historia hurbilarekiko ezezagutza —Evole: «Inkestetan ikusten ari gara askok ez dakitela nor izan zen Miguel Angel Blanco»—, historiaren gaineko «ardura»—Sanchez: «Ezagutu nahi genuen nola arrazoitzen diren gertatu diren hainbat ekintza»—, eta gaiaren «berezko interesa» nabarmendu zituzten. «Erakunde terrorista bateko lider bati egindako elkarrizketa batek duen interesa eztabaidaezina da kazetaritzaren ikuspegitik».

Lanarekin «inoiz heldu gabeko leku batera» heldu direla ere uste dute. «ETAren jardun armatuaren hamargarren urtemugan, egin ziren hainbat telesail, dokumental...baina bakarrean ere ez zen jaso ETAren ikuspuntua. Niretzat inportantea da ikuspuntu hori ezagutzea, oso minkorra izan badaiteke ere».

Argitu dute lanari ekin ziotenean ez zutela kontatzen Netflixekin, baina plataformari eskaini ziotenean, berehala agertu zuela hark interesa, eta horri esker lehen aldia izango dela «ETAko lider batek nazioartean zabalduko den elkarrizketa bat» emango duena. Data ere aurreratu dute: abenduaren 15ean jarriko du ikusgai Netflixek.

BERRIAn esandakoez

Urrutikoetxeak asteon BERRIAri emandako elkarrizketa ere atera zen pare bat unetan hizpidera atzoko prentsaurrekoan —baita filmaren osteko solasaldian ere—. ETAko militante ohiak herenegun egunkari honi aitortu zion filma ez zela berak «espero zuen emaitza», eta horretaz zer iritzi duten galdetuta, umoretik jo zuen Evolek. «Eskerrak ez zaion gustatu, bestela ja ez dakit zer esango zuketen bakarren batzuek. Josu Urrutikoetxeak lanaren inguruan izan dezakeen iritzia nik errespetatu egingo dut, gutxienez, lana ikusi ostean baloratu du».

Egileek ere aipatu zuten Urrutikoetxeak esandakoak ez zirela izan eurak esperotakoak. Evoleren esanetan, nahiago izango zuketen «elkarbizitzaren aldekoago den irudi bat» eman ahal izan balute, Urrutikoetxeak «hitz atseginagoak» eduki izan balitu. «Uste dugu askoz gehiago hitz egiten zuela barrura begira, militantziari, ETAko presoei... eta ez hainbeste kanpora begira. Hori da elkarbizitzaren aldeko diskurtso bat oztopatzen duena. Une batean, Miguel Angel Blancoren hilketa kondenatzen du, eta gustatuko litzaiguke kondena hori zabalagoa izan balitz».

Biktimek lanaren aurrean izan dezaketen iritziaren inguruan ere galdegin zieten, eta biktimak «askotarikoak» direla eta ez direla «homogeneizatu» behar defendatu zuen Evolek: «Ziurtatzen dizut asko hurbildu zaizkigula».

Bezperako prentsa emanaldia bezala, aparteko gertakaririk gabe joan zen atzoko emanaldia ere. Jendea arratsaldeko saiora sartzen hasia zenean, hiru lagun orri batzuk itsasten hasi ziren Kursaalaren atari inguruan, No olvidar (Ez ahaztu) mezuarekin, baina Ertzaintzak berehala apartatu zituen. Evole heltzerakoan, txalo jo zioten hesien bi aldetan zeuden herritar batzuek. Emanaldi ostean ere pozik agertu zen lanak izandako harreragatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.