'Eutsi goiari' lana ondu du Kupelak, plazak alaitzen jarraitzeko asmoz

Larrañagaren hitzekin eta Zabaleren doinuekin osatutako hamabi kantu jaso ditu taldeak bere bosgarren diskoan.Etzi Aristerratzun joko dute

Kupelako Larrañaga eta Zabale, diskoa aurkezten, Donostian. A. CANELLADA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko urriaren 31
00:00
Entzun
Bosgarren diskoa kalean du jada Kupelak: Eutsi goiari (Elkar). Hamabi kantu bildu dituzte lan berrian, eta festa giroari gorazarre egiten diote beste behin; plazak alaitzeko asmoz jarraitzen dute.

Anjel Larrañagak sortu ditu hitzak, eta Xabier Alberdi Zabale-k doinuak. Askotariko gaiez jardun nahi izan duela azaldu du Larrañagak, bertsolaria izanik, beti izaten dela erne, inguruak zer emango. Hala, inguruan dituenak eraman ditu hitzetara: festa giroa, lagunartea, udako egunak, izkingileak, soinu jotzaile eta bertsolarien emanaldiak, natura...

Herri musika, dantzagarria eta alaia egitea da Kupelaren sekretua. Zeregin horretan hainbat lagunen kolaborazioa izan dute oraingoan, tartean Aitor Furundarena trikitiarekin hainbat kantutan, eta Garikoitz Mendizabal txistularia Epelarre fandangoan, «txistuaren eta trikitiaren arteko ezkontza berezia sortuz».

Kupelaren doinuek egunerokotasun azeleratutik bestelako giro batera eramaten dute entzulea, Anjel Valdes Elkar argitaletxeko musika arduradunaren ustez. «Bizitzak erritmo bat eraman du mendeetan, eta hogei urteotan hasi da azeleratzen, azkartzen; batez ere DJak eta Internet agertu zirenetik, badirudi dena efimeroa dela, gauza berriak direla inportanteenak», Valdesen hitzetan. «Eskerrak batzuk konturatzen garen iraunkorrak diren, sustraietan dauden hainbat adierazpidek, batez ere musikan, iraganarekin lotzen gaituzten horiek,bere garrantzia badutela eta beren jarraitzaileak ere badituztela. Kupela eredu bat da horretan». Taldea sortu zutenetik hamaika emanaldi eskaini dituzte plazaz plaza, eta «ideia bat» sortzea lortu dutela uste du Valdesek: «Korronte azeleratu horren kontrako indar bat sortu du, berriz ere ohartu gaitezen herri txikietako erromeriak, festa xumeak, alaitasuna, dantza, hurbiltasuna oso garrantzitsuak direla gure bizitzetan». Musika ona egiteaz gain, giro horretan «pausatzera» eramaten du entzulea.

Laster plazaz plaza jardungo dira Kupelako kideak berriro, disko berriko kantuak aurkezteko eta lehenagokoak ere jotzeko. Aristerratzun izango dute hurrengo emanaldia, larunbatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.