Euskozenoak «euskal nortasunaren adierazpen libreak» sustatu nahi ditu

Euskalduntasunaren inguruko hausnarketa saioak antolatu dituzte, eta «interpretazio sortzaileak» irudikatu, diziplina askotako artistekin

Javi Rivero, Ana Gazpio eta Amaia Lejarreta, Errenterian. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Andoni Imaz
Errenteria
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Plataforma bat da Euskozenoa, plataforma «independente, aske eta ireki» bat, eta «kultura astintzera dator», Ana Gazpio kidearen esanetan. Bilboko Dot kooperatibak abiarazi du, Errenteriako (Gipuzkoa) Badalab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Euskalduntasunaren inguruan jarduteko proiektuak lantzen ari dira, «euskal nortasunaren adierazpen libreak» azaleratzeko asmoz. Atzo aurkeztu zuten orain arte egindako lana, Badalaben egoitzan.

«Uste dugu imajinario berri bat behar dugula euskalduntasunetik etorkizun posibleak irudikatzeko», kontatu du Gazpiok; «erakargarria izan behar du, eta komunitateari indarra eta autoestimua eman». Horretarako bultzatu dituzte «artefaktuak».

Hitzak proiektuan, hizkuntzaren bilakaera islatu nahi dute, hitz batzuk desagerraraziz (adibidez, jaun eta jabe eta amazulo) eta beste batzuk sartuz (lesbiama, inshallabedi). Munduratzeak izeneko proiektuan, euskal nortasunari buruzko hausnarketa saio kolektiboak antolatu dituzte. Bi egin dituzte oraingoz, bata euskal herritarrekin eta bestea euskal diasporakoekin.

Hirugarren sorta Gorpuzteak da: «euskal kulturaren protagonista berriak irudikatzeko interpretazio sortzaileak». Bi egin dituzte: batean, El Chivo Peludo artista bisualak etorkizun distopikoak irudikatu ditu; bestean, Javi Rivero sukaldariak argazki bat sortu du diasporarekin egindako saiotik abiatuta.

Hausnarketa saioan entzundakoen artean, Riverori arreta piztu zion nola parte hartzaile batek baino gehiagok aipatu zuten mahai baten inguruan izandako egoeraren bat. «Euskal Herrian, mahai inguruek garrantzi handia dute». Horrela sortu du bere proposamena: ez da plater bat, ezta menu bat ere, baizik eta kontzeptu hori biltzeko argazki bat, Momento estudioak egina. Bideo batean jaso dute prozesua.

Gogoeta saiotik antzerkira

Hurrengo gorpuztea Amaia Lejarreta artistak egingo du. Margolaria da eta body painting teknika lantzen du. Euskaldunen etorkizunari buruz hausnartuko du, Janire Etxabe dantzariarekin elkarlanean. «Etorkizunik ba ote dugun galdetzen dugunean, ni iraganera joaten naiz, eta hango informazioa eraldatzen dut, etorkizun bihurtzeko. Etorkizuna ibilian egiten da», esan du artistak.

Euskozenoak datorren larunbatean egingo du hirugarren munduratze saioa, SOS Arrazakeriarekin elkarlanean, Badalaben egoitzan. Parte hartzaileek aukera izango dute prozesu artistiko bat abiatzeko Dejabu konpainiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.