Eusko Jaurlaritzak zozketa bidez erabakiko du kulturgileen eskaerak zer ordenatan aztertu

Eskaera bakoitzari zenbaki bat emango diote, eta zozketa bidez erabakiko dute zer ordenari jarraitu eskaerak aztertzeko. Baldintzak betetzen dituztenei emango dizkiete laguntzak, diru poltsa bukatu arte. Bihar zabalduko da epea laguntzak eskatzeko.

Jon Urbe / Foku. VIKTORIA EUGENIA ANTZOKIA, ITXITA, KORONABIRUSAREN KRISIAREN ONDORIOZ.
Ane Eslava.
2020ko maiatzaren 11
16:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du zozketa bidez erabakiko dutela zer ordenatan aztertu kultura arloko profesionalentzako ezohiko diru laguntzen eskaerak. Gaur jakinarazi ditu prozeduraren inguruko xehetasunak EAEko aldizkari ofizialean. «Eskabide bakoitzari zenbaki bat esleitu eta, horiek aurkezteko epea amaitzean, notario aurrean zozketa eginda zenbaki bat hautatu, eskabideak ordena horretan aztertu, eta deialdiko baldintzak betetzen dituzten guztiak esleituko dira, funtsak agortu artean», azaldu dute aldizkarian.

Modu horretan, nahi dute eskaera egin duten guztiek aukera berak izan ditzaten. Hala azaldu du Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak: «Ez genion lehentasuna eman nahi kudeaketan trebeena den horri, prozedura telematikoak hobekien ezagutzen dituenari, edo bere zenbakiak txukunen kudeatzen dituenari. Guztiei eman nahi genien aukera berbera; beraz, eskaera aurkezteko hamar egun guztientzat, eta gero, dosierrak aztertzean nondik hasi erabakitzeko, zozketa egingo da, notarioaren aurrean». Zozketa horrek erabakiko du zein izango den aztertuko duten lehen eskaera, eta gero, hurrenkeran, beste guztiak aztertuko dituzte.

Hala, aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eskaerak onartuko dituzte, finantzaketarako funtsa hustu arte. Osotara, 2,5 milioi euroko poltsa da. Dirua amaitutakoan, geratzen diren eskabideei ezezkoa eman eta horren berri argitaratuko da EAEko aldizkari ofizialean, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. «Ez dakigu deialdiaren dirua bukatuko den, agian ez; hala ere, deialdi irekietan beti jasotzen da dirua amaitu artekoa dela», zehaztu du Muñozek.

Eskaerak, bihartik aurrera

Kultur arloko profesionalek bihartik aurrera eskatu ahal izango dituzte laguntzak, Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. Laguntzak jasotzeko, «beren kontura» lan egin behar dute —nahiz eta beste batzuek kontratatu ahal dituzten—. Eskatzaileek «bakarka edota ondasunen komunitateen edo sozietate zibiletako bazkide gisa» jardun beharko dute, baina diru laguntza euren izenean eskatu beharko dute. Halaber, frogatu beharko dute «bakarrik» kulturaren arloan jarduten dutela: alegia, gutxienez diru sarreren %60 jarduera horietatik jasotzen dutela.

Baieztatu dute laguntzak 950 eurotik 1.200 eurora bitartekoak izango direla hilean, «alarma egoera amaitzen den edo kultur jarduerara itzultzeko baimena ematen den hilaren azken egunera arte».

Laguntza onartu ondoren, hura ordainketa bakarrean emango dute, eta dagokion PFEZaren atxikipena kenduko dute ordainketatik. Laguntza horiek kobratzea bateraezina izango da jarduera eteteagatik bestelako laguntzaren bat jasotzearekin, langabezia laguntzarekin edota beste edozein sarirekin.

Lanbidek eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu dute laguntza programa, eta Gobernu Kontseiluak apirilaren 29an onartu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.