2020. urtean erosi zituzten lehen artelanak elkarlanean Gasteizko Artium museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Donostiako Tabakalerak, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta. Orduz geroztik, 97 artistaren edo kolektiboren 172 lan bereganatu dituzte Bilduma Partekatua osatzeko. Gaur aurkeztu dituzte azken erosketak, Artium museoko pintura biltegian.
2024. urtean hamazazpi artistaren 28 lan gehitu zituzten hiru museoen sorta komunera. Hiru zentroek elkarrekin adostu dute aurtengoan ere zer obra erosi. Guztira, bederatzi emakume eta zortzi gizon sortzaileren lanak eta obra multzoak dira, eta hautatutako piezen artean margolanak, argazkiak, eskulturak, bideoak, instalazioak, marrazkiak eta beste daude. Artium izango da funts horren egoitza, eta gainerako museoekin partekatuko du bilduma.
Honako artista hauen lanak erosi dituzte: Juan Azpitarte, Ana Laura Alaez, Itziar Barrio, June Crespo, Mikel Diez, Jon Gorospe, Tom Johnson, Kimia Kamvari, Jesus Mari Lazkano, Abigail Lazkoz, Claudia Rebeca Lorenzo, Juan Mieg, Gabriela Muñagorri, Juan Perez, Alex Reynolds, Natalia Suarez eta Dario Urzay. Batzuk ekitaldian bertan izan dira, eta Bilduma Partekatuaren parte izatea «ohorea» dela esan dute. Esker oneko hitzak izan dituzte museoetako arduradunentzat eta agintari politikoentzat.
Artelan eta artista multzo horren aukeraketaren zergatiak aletu dituzte Miguel Zugaza Arte Ederretako Museoko zuzendariak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak, eta Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak. Kontatu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arte sarearekin lotura duten sortzaileak hobetsi dituztela, artista egonkortuak zein hasiberriak aukeratu dituztela, eta atzoko eta gaurko lanei tokia egin nahi izan dietela.
Esaterako, Miegen eta Suarezen lan bana bereganatu dute. Biak dira gasteiztarrak, eta tamaina handiko pintura lantzen dute nagusiki, baina lehenak 87 urte ditu, eta bigarrenak 31. Miegek kontatu du saldu duen koadroa margotu zuenean Suarez oraindik jaio gabea zela: «1980ko hamarkadan introspekzio etapa bat abiatu nuen. Horren emaitza da». Suarezek, berriz, iaz margotu zuen Venir al mundo; eskuz egindako marrazki txiki batzuk tamaina handira eraman zituen serie bat osatzeko, eta serie horretako azken lana da saldutakoa.
Milioi bat euro
«Zertarako?», galdetu du Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak: «Tokatu zaigun garaia hobe ulertzeko. Ez da lan makala. Horregatik, erakundeok zuen lana babestu behar dugu politika publiko zehatzekin». Horrez gain, iragarri du Bilduma Partekatuak jarraipena izango duela 2025. urtean eta, gainera, lanak erosteko diru saila %50 handituko dutela, 300.000 euroraino. Duela bost urteko sailarekin alderatuta, bikoitza da kopurua.
Denera, milioi bat euro baino gehiago bideratuko ditu Jaurlaritzak Bilduma Partekatua osatzeko. Garrantzia eman nahi izan dio Bengoetxeak: «Kulturak gizarteari egiten dion ekarpen positiboa azpimarratu nahi dugu. Sarri, artisten lanekin identifikatuta sentitzen gara, eta munduari erakusten diozue euskaldunak nolakoak garen. Horregatik, munduan tokia izan nahi duen herrialde orok azpiegitura eta sare sendoak behar ditu. Alabaina, azpiegitura eta sare horiek alferrikakoak dira edukiz beteko dituzten artistarik ez badago».
Zugazak adierazi du «proiektu on asko» atzean gelditzen direla babes faltagatik, eta Ormazabalek gaineratu du Bilduma Partekatuak euskal kultura hauspotu egiten duela: «Elkarrekin lan egiten dugunean aberatsagoak gara, ezaguterrazagoak». Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Artium Fundazioaren Patronatuko lehendakariak esan du «ondasun honek publikoa» izan behar duela.