Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren esku utzi ditu Lurmen S. M. enpresari konfiskatutako zeramika pieza batzuk, «giza manipulazioaren zantzu argiak» dituztelakoan. Espejoko (Araba) Las Ermitas aztarnategiko erromatar garaiko zeramika pieza banatan egindako bi grafito dira, eta Neron eta Cesar hitzak idatziak dituzte.
Las Ermitas aztarnategi arkeologikoa erromatar berantiarreko aztarnategi berezi bat da, eta han atzemandako zeramika piezak hasiera batean Lurmen ikerketa taldearen esku egon ziren Iruña-Veleiako instalazioetan —2020an enpresa horren arduradunak ondare historiko-kulturalaren dokumentuak faltsutzeagatik zigortu zituztela ekarri dute gogora Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak—. Ondoren, Bibat Arabako Arkeologia Museoan artxibatu zituzten pieza horiek, eta ez ziren orain arte berrikusi. Baina material hori guztia berrikusi ondoren, «manipulazio zantzu argiak» sumatu ditu Jaurlaritzak, eta Kultura ondarearen aurkako delituetan eskudun den Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren Atalari bidali dio informazioa. Ondoren, Ertzaintzaren esku utzi dituzte piezok.
«Grafiak ez dirudi zaharra eta letraren batek ebaki egiten zuen denborarekin itsatsitako lurra; eta, horrez gain, latinez, bi izenak Nero eta Caesar idazten ziren, hurrenez hurren», azaldu dute.

«Landa testuinguruetako eta erromatar berantiarreko grafitoei» buruz Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako ikerketaren esparruan egin dute aurkikuntza, BIBAT Arabako Arkeologia Museoarekin lankidetzan.
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak adierazi dute «zorrotz, garden eta azkar» jokatu dutela; izan ere, ustezko faltsifikazioaren berri izan dutenean, Ertzaintzara jo dute. «Baieztatuko balitz, berri txarra izango litzateke, ez hainbeste faltsututako materialaren bolumenagatik, baizik eta Arabako ondare arkeologikoaren ospeari kalte egiteagatik».
Hala ere, «praxi txarren adibide hau ikusita», herritarrei berri ematea hobetsi dute, «ibilbide judizialetik harago, pedagogia egiteko balio dezan, arkeologia eta ondarea errespetatzearen garrantziaz jabetu daitezen». Gogorarazi dute Araban balio handiko 3.000 aztarnategi arkeologiko baino gehiago daudela, eta faltsifikazioak, gaur egun, «estatistikoki anekdotikoak» direla.