Eusko Jaurlaritzak % 6,14 handituko du Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko aurrekontua

Kultura sustatzeko programak 43,8 milioi euro izango ditu, eta horietarik hiru laurden inguru «artistak eta sortzaileak zaintzeko» erabiliko dira. Tabakalerak 100.000 euro jasoko ditu artisten eta kultur eragileen nazioarteko egonaldiak antolatzeko.

Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburua.
Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikako sailburua. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko azaroaren 4a
17:57
Entzun

Euskadi Berria. Ongizatean hazten izenburupean aurkeztu ditu Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean izango dituzten datuak, eta «komunitate zentzua indartzearekin» lotu ditu. Kultura, Hizkuntza Politika eta Kirola sustatzeko, 392 milioi euro izango dira guztira, iaz baino %6,14 gehiago; horietarik 79,8 milioi euro Kultura sailburuordetzak jasoko ditu.

Aurrekontuaren oinarrian legegintzaldirako ezarritako helburuak daudela adierazi du lehendakariordeak, eta, besteak beste, kulturaren «euskal sistema indartzea» eta euskararen erabilera sozialean «jauzi kualitatiboa» ematea aipatu ditu ardatz gisa.

Euskal sistema indartu

Kultura Sustatzeko Programa garatzeko aurrekontuak 43,8 milioi izango ditu 2025ean; %9,1 gehiago, iazko kopuruaren aldean. Programa horren barruan, musikak hartuko ditu baliabiderik gehienak, guztira 12,4 milioi euro jasoko baititu. Arlo horretan aintzat hartu dira, besteak beste, Musika Hamabostaldia, EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra fundazioa eta Euskadiko Orkestra.

Ikus-entzunezkoen modalitateak %8,9 egingo du gora; guztira 9,7 milioi euro jasoko ditu.

Arte eszenikoen aurrekontua ere handitu egingo da 2025ean, ekoizpenak, jaialdi estrategikoak edota Euskadiko Antzoki Publikoen Sarea bultzatze alde: 3,9 milioi euro jarriko dira arlo horretarako; iazko aurrekontuaren aldean, %15,4 gehiago da.

Arte plastiko eta bisualen modalitateak 1,1 milioi euro izango ditu (%25eko igoera), eta Tabakalerak 100.000 euro jasoko ditu artista, sortzaile eta kultur eragileei laguntzeko nazioarteko egonaldiak antolatzeko.

Kultura jarduera tradizionalek —hala nola abesbatzek, euskal dantzek eta bertsolaritzak— 170.000 euro gehiago izango dituzte 2025eko aurrekontuen arabera; guztira, 455.000 euro, «belaunaldien berrikuntza, iraupena eta etorkizuna bermatzeko». Literaturaren eta liburuen arloak, berriz, 1,9 milioi euro izango ditu, hau da, iaz baino %5 gehiago.

Talentua garatu

Kultura Sustatzeko Programara bideratuko diren 43,8 milioi euroetatik 33,4 milioi —kopuru osoaren hiru laurden baino gehixeago, alegia— «artisten eta sortzaileen kolektiboa zaintzera» bideratuko dela adierazi du Bengoetxeak: «Talentua garatzeko aukerak areagotu behar dira».

Talentu hori garatzen laguntzeko proiektu eta azpiegiturei lotutako Hazten programak, bestalde, %17,4ko emendatzea izango du. Bestela esanda, 1,3 milioi euro gehiago jasoko ditu: guztira 8,9 milioi euro, beraz, «bitartekaritza eta publiko berriak bilatzeko».

Talentu sortzailea babesteari lotuta justifikatu du Bengoetxeak, halaber, Etxepare Institutuari bideratuko zaion kopurua: «Artista eta profesional kulturalen eta sektorialen mugikortasuna sustatzeko, eta nazioartean euskara eta euskal sorkuntza garaikidea bultzatzeko 2024an baino 350.000 euro gehiago dira». Guztira, 4,2 milioi euro.

EITBren aurrekontuak ere gora egingo du. 199.680.000 euro jarriko dira proiektua bermatzeko, «euskara eta euskal kultura hedatzen diharduen hedabide publiko aitzindaria baita, informazioan erreferente euskal gizartearentzat, eta gure leihoa mundura».

Ondarea

Kultura Ondareari Buruzko Programak 35,9 milioi euro izango ditu (789.502 euro gehiago). Aurrekontu horren erdia kasik Museoen Euskal Sistema garatzeko erabiliko da: guztira 17,6 milioi euro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.