Egoera ekonomikoa «oso kaxkarra» denean, eredu aldaketaren beharra askoz ere garbiago ikusten da, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako (EI) lehendakariaren ustez. EIren diru sarrerak ia erdira murriztu dira hiru urteren buruan —1,5 milioi euro inguruko aurrekontua du aurten—, eta, horregatik, egoera horri aurre egitea da elkartearen lehentasuna une honetan. Baina egungo abaguneak berak akuilatuta, EIk elkarlana sustatu nahi du euskal kulturaren ingurumarietan lan egiten duten bere antzeko elkarteekin, kluster bat osatzeko asmoarekin. «Elkarrizketa horien bidea ireki dugu, baina oraindik ere oso fresko dago ideia. Lehenengo bueltatxoa egin dugu elkarrekin harremanetan jartzeko», jakinarazi du Dorronsorok.
Buruz mintzo da, baina oraingoz Aranzadirekin, Labayrurekin, Elhuyarrekin, Jakinekin eta Euskaltzaindiarekin harremanetan jarri da. «Instituzio historikoak dira gehienak, EIren garai bertsuan [1918an] sortutakoak, eta ekarpen handia egin dutenak». Elkarrizketetan «jarrera irekia» azaldu dute elkarteek. «Baina bakoitza bere gauzetan murgilduta dago, eta bakoitzak bere arazoak dauzka; batez ere ekonomikoak. Horiek konpontzea da denen lehentasuna».
Klusterraren bidez elkarganatzeko bidea zabaldu dute, ordea. «Gurea bezalako erakundeek batak bestea ezkutatzen dute batzuetan; eremua jaten diogu elkarri. Hori guztia garbitzearren ona litzateke bide hori egitea».
Dorronsorok Mondragon Taldeko kooperatibetan egin du bere ibilbide profesionala, batez ere kudeaketa arloan. Ikusi eta ikasitakoa EIren errealitatera egokitu nahi du. Klusterra, zera da harentzat: «Bezero multzo batentzat lan egiten duten enpresa, ikerketa gune eta inguruko eragileak elkarte batean batzea, gauzatu behar diren proiektu edota ekintzak indar gehiagorekin antolatu ahal izateko. Lehiakorragoak izatea bilatzen da horrela». Oraingoz, hitz egiten hasi dira. «Dena den, luzera begirako kontuak izaten dira horiek».
Hausnarketa prozesu batean murgilduta dago orain Eusko Ikaskuntza, eta zeregin horretan «amaitutzat» eman dute lehen fasea. 60 bat pertsona elkarrizketatu dituzte, bazkideak edo bazkide izandakoak, esparru diferentetakoak, eta elkarrizketetan bildutakoarekin «dokumentu txiki bat» osatu dute. «Argazki baten modukoa da dokumentua; desegituratua baina polita. Hori aintzat hartuta hainbat bilera egin ditugu». Izan ere, EIren zereginaz eta ereduaz hausnartzea behar-beharrezkotzat jo zuen Dorronsorok joan den uztailean, lehendakarikargua hartu zuenean.
Badaki, esaterako, ikusgarritasun arazo bat dutela. «Gizartean ondo ikusgarri egon nahi baduzu, zure zereginak ondo antolatuta behar dituzu. EIk ekintza asko egin ditzake, baina oso sakabanatuta daude horiek. Eta horregatik izaten da elkarteen ikusgarritasuna geroz eta kaxkarragoa. Sakabanaketa hori fokalizatu behar dugu». Zortzi hilabete daramatza karguan, eta hori nabarmenduko luke. «Arazo ekonomikoarena saihestezina da epe ertainera, eta pisua handia dauka gure jardunean. Halere, gure jardunerako eredu moderno edo egokitu bat diseinatu dezakegu eta aurrera eraman. Horretan baikorra naiz».
Proiektu berriak sortzeko beharra sentitzen du, aldi berean, Dorronsorok. Eta horientzako finantzaketa lortzeko «talde txiki bat» jarri nahi du lanean. «Motorra deitzen diot horri. Badugu motorra, baina oso txikia da».
Zazpi langile, kalera
Egoera ekonomikoa dela-eta, EIk 23 langiletatik zazpi kaleratu berri ditu. LAB sindikatuak salatu du erabakia aurrez aurre komunikatu gabe kaleratu dituztela. Dorronsororen ustez, «formazko akatsak» denok dauzkagu. «Eta horrelako erabakiak hartu behar direnean, ez da erraza izaten dena oso ondo egitea. Kaleratzeko prozesu horretan egindako akatsak nire gain hartu ditut». Halere, pentsatzen du «ezinbestekoa» izan dela.
Eusko Ikaskuntzak kluster bat sustatu nahi du antzeko elkarteekin
Une honetan ez da lehentasuna, baina, EIko lehendakariaren ustez, ona izango litzateke bide horri jarraitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu