Euskarazko zinema «arrisku bizian» ikusten du Ibaia euskal ekoizle burujabeen elkarteak, Espainiako Kultura Ministerioak ikus-entzunezko sektorearen diru laguntzak arautzean egin dituen irizpide aldaketen ondorioz. Euskal Herrian egiten den zinema guztia dago arriskuan, Ibaiaren ustetan, baina «batez ere euskaraz egindakoa, finantzaketan murrizketa handiak» izango baititu, Joxe Portela Abraprod ekoiztetxeko kide eta Ibaiako lehendakariak atzo adierazi zuenez.
Ibaiako arduradun nagusiek jendaurreko agerraldi bat egin zuten Donostiako Tabakalerako kafetegian, egoera berria salatzeko eta Eusko jaurlaritzari «babesteko egitasmoak has ditzala» eskatzeko. Espainiako Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) azken hilabeteetan hartutako hainbat erabakik kalte handia egiten dietela azaldu zuen Portelak. Esaterako, mahai gainean jarri zuen euskal ekoiztetxeek Euskal Telebistarekin (ETB) sinatutako kontratuen interpretazioa aldatu egin dutela: «Historikoki baliagarriak izan direnak orain baliogabetu egiten dituzte, arrazoizko inolako irizpiderik gabe». Erabiltzen duten argumentua, Portelaren hitzetan, Euskal Telebistaren ekarpena «laguntza publiko» gisa ulertzea da, eta, horrenbestez, diru kopuru hori ICAAk ematen duen diru laguntzatik «deskontatzen dute»; aurreikusitako kopuruaren %25 eta %45 artean, hain zuzen ere. Eta adibide zehatzak gaineratu zituen. Esaterako, Loreak eta Lasa eta Zabala filmek bi milioi euro inguruko aurrekontua izan zuten, eta, kasu horietan, 300.000 euro gutxiago jasoko lukete.
«Egoera hau dela eta, euskal ikus-entzunezko sektoreko enpresa asko egoera larrian daude, eta ziurgabetasun egoerak etorkizuneko proiektu asko geldiarazi ditu; izan ere, enpresek ezin dituzte kuantifikatu ICAAk hornitutako laguntzak». Etorkizuneko balizko proiektuak ez ezik, jada martxan direnak ere arriskuan jartzen ditu «erabaki arbitrario» horrek. «Arbitrariotasun hori ez da aplikatzen TVEk egiten dituen ekarpenetan», Portelaren hitzetan.
Euskarazkoak, kaltetuak
Horrez gain, iazko abenduaren 4an Espainiako Gobernuak onartutako dekretu baten arabera, «obra zail» gisa izendatutako zinema lanei eman dakizkiekeen diru laguntzek ez dute aurrekontu osoaren % 60 gainditu behar. Obra zail horien artean, hizkuntza gutxituetan egindakoak daude, eta Europako Batasuneko araudiak ez die mugarik jartzen mota horretako lanei. «Neurri hau Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako ekoizleen elkarteen kontrako irizpideak erabiliz hartu da. Baldintza horiekin, euskarazkoak soilik ez, zinema txiki independenteko beste hainbat lan ere ezin izango ziratekeen egin. Ezin izango ziratekeen egin ez La herida, ez Magical Girl eta ez Pa negre, adibidez».
Ignacio Rotaetxe Ibaiako kudeatzaileak, berriz, salatu zuen ICAAk Espainiako hizkuntza koofizialetara bideratu beharreko funtsa desagertu egin zela 2012an, 2009an bideratu ostean. «Lege hori oraindik ere indarrean dago. Eta, Funts Autonomikoaren 2016ko aurrekontuari aplikatuz gero, 7.200.000 euroren diru hornidura izan beharko luke. Erabaki hauek guztiek Espainiako araudiak berak ezarritakoaren kontra egiten dute, kultura aniztasunaren eta lurralde bakoitzeko hizkuntzen aukera berdintasunaren kontra baitoaz».
Euskarazko zinema, «arriskuan»
Espainiako Kultura Ministerioak diru laguntzen araudi erregulatzailean «egindako aldaketak» salatu ditu Ibaia euskal ekoizle burujabeen elkarteak. Jaurlaritzaren babesa eta esku hartzea eskatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu