Euskarazko sei antzezlan izango dira Gasteizko Nazioarteko Antzerki jaialdian

Urritik abendura, 37 antzezlan eskainiko dituzte Gasteizko nazioarteko jaialdian. Gizarte etxeetako antzokietan antzeztuko dituzte obrak, Principal antzokian egiten ari diren zaharberritze lanak direla eta.

Gaur goizean aurkeztu dute jaialdiaren 49. aldiaren programazioa. GASTEIZKO UDALA
Gaur goizean aurkeztu dute jaialdiaren 49.aldiaren programazioa. GASTEIZKO UDALA
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko irailaren 12a
14:00
Entzun

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 49.aldia egingo dute aurten, eta 37 ikuskizun jasoko dituzte Gasteizko oholtzek. Horietako sei euskaraz izango dira, eta hemezortzi —ia antzezlanen erdia— euskal jatorrikoak. Marta Monfort udal antzokien arduradunak tokiko konpainien presentzia nabarmendu du: «Dramaturgia ez hain konbentzionalen aldeko apustuari eusten diogu, eta bereziki azpimarragarra da jaialdi honek euskal eta euskarazko sorkuntza eszenikoari eskaintzen dion leku handia». 

Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak azaldu duenez, jaialdiak «bere oinarriari eutsiko dio», eta genero, formatu eta publiko ezberdinen arteko oreka mantenduko du aurten ere. Horretarako, besteak beste, Juan Diego Botto, Malen Alterio, Pedro Casablanc eta Ane Gabarain aktoreak igoko dira oholtzara. Urtero bezala, nazioarteko ikuskizunak ere jasoko ditu jaialdiak; Argentinatik, Uruguaitik, Frantziatik, Esloveniatik, Espainiatik, Italiatik eta Norvegiatik iritsiko dira proposamenak. 

Urriaren 24an hasiko da jaialdia Felix Petite antzokian, Guillermo Cacace argentinarraren lan berri batekin: Gaviota —kaioa, euskaraz—.  Anton Txekhoven Chayka (Kaioa) lanaren bertsio libre bat da, Juan Ignacio Fernandez dramaturgoak egina, eta Txekhovenganako interesa inoiz galtzen ez duen Guillermo Cacacek zuzendua. 

Euskarazko lehen proposamena, ordea, urriaren 29an helduko da Jesus Ibañez de Mataukora: Ilargiaren alabak. Existentziaren faseei buruzko kontakizun berri bat osatzeko ahalegina da, iruditeria kolektiboan iraun dezan, iragan hurbileneko emakumeen lekukotasunak begirada berri eta errukitsu batekin berriro jaso ditzan, eta, aldi berean, egunerokotasuneko ohiko eszenetan barnera dadin. Pez Limbo konpainiako Susana Teruelo eta Ainhoa Alberdik antzeztuko dute. 

Hiru hilabetez aurpegi ezagunak eta ezezagunak argiztatuko dituzte Gasteizko fokuek, eta abenduaren 15ean amaituko da jaialdia, Roi Borrallasen Solo antzezlanarekin. Bakardadeari buruzko umore intimoa landuko du publikoarekin bere barruak hustuko dituen pailazo batek. Irudimenari bidea emango dio pertsonaiak, umorearen, bakardadearen eta egunero janzten ditugun maskaren bidez.

Ohiko programazioaz gain, Off lokal atal osagarria izango du jaialdiak. Azken urteetako «onena» berreskuratuko dute Gasteizko konpainiek, eta espazio ez konbentzionaletan pieza berri txikiak sortuko dituzte. Eta Off lokal atalaz gain, beste programa batzuk ere martxan jarriko dira jaialdia ospatu bitartean: Haurtxoak proiektua, talde artistikoekin egingo diren topaketak eta gorrentzako eta ikusmen mugatua dutenentzako emanaldi egokituak. Egitarau osoa —jaialdiarena zein Off lokal eta beste programena— Gasteizko Udalaren eta Principal Antzokiaren webguneetan ikus daiteke. 

Sarrerak, irailaren 23tik aurrera

Principal antzokian egiten ari diren zaharberritze lanen ondorioz, bertan egingo ziren ikuskizunak gizarte etxeetan egingo dituzte. Hala, hemezortzi ikuskizun Felix Petite antzokian (Ibaiondo gizarte etxea) egingo dira; hamar Jesus Ibañez de Mataukon (Hegoalde gizarte etxea) eta Federiko Garcia Lorcan (Lakua gizarte etxea); eta, bederatzi, bestelako espazioetan. 

Hala ere, jaialdiko sarreren aldez aurreko salmenta Principal antzokiko leihatilan egingo da. Irailaren 23tik 25era —biak barne— bertan erosi ahalko dira sarrerak, 16:00etatik 20:00etara. Irailaren 26tik 30era leihatila itxita egongo da, eta urriaren 1ean Plaza berrira lekualdatuko da, zehazki, turismo bulegora. Urriaren 1etik aurrera sarrerak erosi nahi dituenak turismo bulegora joan beharko du: asteartetik ostiralera 16:00etatik 18:00etara, eta larunbatetan, 11:30etik 13:30era. Online eta telefono bidez ere sarrerak erosi ahalko dira, eta aurrez aurreko salmentan ezartzen diren deskontu berak izango dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.