Euskarazko lehen operak

Bilboko Koral Elkarteak Charles Colin konpositorearen eta Etienne Decrept idazlearen XIX. mendearen amaierako 'Maitena' euskarazko opera berreskuratu du, eta diskoan grabatu

Bilboko Koral Elkarteko eta instituzioetako ordezkariak, atzo egindako aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
XIX. mendearen amaiera aldera estreinatu zuten Charles Colin konpositoreak eta Etienne Decrept idazleak sortutako euskarazko Maitena opera, eta, orduan izandako arrakasta gorabehera, adituen arteko zurrumurru huts bilakatzeko arriskuan utzia zuen historiak. Musikologo askok aipatzen zuten lana mugarritzat, baina entzun, denbora luzez, inork ez du entzuterik izan. Orain arte. Bilboko Koral Elkartearen ekimenez, partitura eta libretoa artxibotik berreskuratu, zaharberritu, transkribatu, entseatu, estudioan interpretatu, eta CD bikoitz batean kaleratu dute orain, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren lankidetzarekin eta Ibs Classical diskoetxearen zigilupean. Irailaren 12an hasiko dute diskoaren banaketa fisikoa, eta, irailaren 24tik aurrera, eskura jarriko dute musika entzuteko atari digitaletan.

«Zulo beltz bat» izan da Maitena euskal musikaren historian. Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak azaldu du zergatik. «Denek hitz egiten zuten hari buruz, baina zer musika zeukan?». Eta, ondorioz, berreskuratze lana ez ezik, interpretazio lan handia egitera behartu ditu hutsune horrek. «Garai hartako interpretazio modu batzuen lekukotzarik ez da geratu, eta asmatu egin behar izan ditugu». Eta, azaldu duenez, musikariek eta abeslariek ez dute topatu beren lanari buruz gogoeta egin ahal izateko ispilu handirik. «[Giuseppe] Verdiren La Traviata bat egiteko hogeita hamar mila bertsio daude, baina Maitena egiteko ez dago inongo bertsiorik, eta horrek lana dakar».

«Ardura» eta «erantzukizuna» dira, hain zuzen ere, Miren Urbieta-Vega sopranoak nabarmendu dituen bi hitzak. Hark jarri dio ahotsa Maitenari diskoan, eta kantaera lantzeko egin beharreko lan historikoa nabarmendu du. «Lan hori egiten duzunean, argi duzu partitura berri bat ikasten ari zarela. Teknikoki ondo egin behar duzu lan hori, baina, gainera, disko hori hor geratuko da, eta hemendik aurrerako belaunaldi guztiek hori izango dute erreferentziatzat».

Grabazioan, Iker Sanchez zuzendariaren esanetara aritu da Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta, Urbieta-Vegarekin batera, hauek ere osatu dute abeslari taldea: Mikel Atxalandabaso tenorrak, Marife Nogales mezzosopranoak, Jose Manuel Diaz baritonoak, Fernando Latorre baxuak, Jabier Tome tenorrak eta Estibaliz Sanchez sopranoak. Pandemia sasoi betean sartu ziren estudioan, iaz, eta zailtasun bereziak ekarri dizkie horrek. Musikariek elkarren arteko distantziak mantenduz aritu behar izan dute, esaterako, eta bi txandatan egin dituzte lanak. Orkestra goizean aritzen zen, eta hark grabatutakoaren gainean kantatzen zuten koruko kideek arratsaldean. Emaitzaren kalitatea nabarmendu dute arduradunek.

Maitena pertsonaia du ardatz Colinen eta Decrepten operak. Lapurdin kokatuta dago kontakizuna, Mendiburu baserrian, zehazki, hangoxe alaba baita protagonista, eta, funtsean, garaiko konbentzioen arabera sortutako maitasun istorio bat kontatzen du. Aitak Ganitxekin ezkondu nahi du alaba, gizarte klase oneko gazte batekin, baina Maitenak Domingo pilotaria maite du. Maitaleak Buenos Airesera joango dira, ihesi. Urte onak izango dituzte, hasieran, baina, gero, senarra eta semea galdu, eta jaioterrira itzultzea erabakiko du Maitenak. Ez du harrera onik jasoko hasieran, baina, azkenean, aitak geratzeko eskatuko dio, eta Ganitxekin ezkontzeko, hark ez baitu sekula ahaztu.

Substratu komun bat

Euskarazko lan lirikoak sustatzea zen Bilboko Koral Elkartearen asmoa XIX. mendearen bukaeran, eta Colini ez ezik, beste hainbat euskal konpositoreri ere egin zizkien eskariak, horregatik. Hala sortu zen Maitena, beraz, eta harekin batera, euskarazko lan lirikoen zerrenda horretan dira Jose Mari Usandizagaren Mendi-mendiyan, Santos Intxaustiren Lide ta Ixidor, eta Jesus Guridiren Mirentxu, besteak beste. Eta lan haiek eta euskaraz sortutako beste batzuk berreskuratu eta ezagutaraztea da orain elkartearen helburua. «Substratu komun bat dute lan horiek», azaldu du koraleko kudeatzaileak. Alberdi: «Pertsonaien rolak errepikatu egiten dira, pertsonaia tipoak, eta tramak ere antzekoak dira».

Multzo horren barruan, ordea, Maitena-k baditu bere berezitasunak, Alberdiren hitzetan. «Oso ondo idatzitako musika da. Euskal melodiak daude, baina lengoaia sinfonikora eraldatuta, eta konposizioaren aldetik zapore frantsesa du, Colin Baionakoa zelako, eta eragin hori igartzen zaiolako. Garaiko produktu bat da, maila handikoa».

Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Inaemen eta Petronorren laguntzari esker egin dute Maitena operaren ekoizpena, eta 25.000 euroko aurrekontua izan du, guztira. Bilboko Koral Elkarteko ordezkariek, datu ekonomiko horren berri eman eta berehala, abeslariek proiektuari azaldutako babesa eta izandako konpromisoa nabarmendu dituzte.

Intxaustiren Lide eta Ixidor umeentzako opera izango da grabatuko duten hurrengo lana.

Mikeldi Atxalandabaso abeslariak zuzeneko emanaldiak egiteko aukera eskatu du. «Euskal antzokiek ekoizpen honen mailako lanen bat taularatu beharko lukete urtean behin; bestela, ahaztu egiten dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.