Euskarazko kulturgintzaren transmisioan hedabideek duten rola aztertuko dute 'Sormenean hezi, kulturan bizi' jardunaldian

Urriaren 26an eginen dute topaketaren hirugarren aldia, Azpeitian. Mahai inguru eta hitzaldien bitartez, askotariko galderak planteatuko dituzte, hau esaterako: hedabideetan kultur kuotak ezartzea zer neurritan litzateke mesede?

Jardunaldiaren aurkezpena, gaur Azpeitian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jardunaldiaren aurkezpena, gaur Azpeitian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko irailaren 11
16:00
Entzun

Lehendik urratutako bidean aurrera segitzeko asmoz, Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldia antolatu du Kultur Sorkuntzaren Transmisioa egitasmoak. Zehazki, hirugarren aldia da egiten dutela, eta, iragarri dutenez, aurten batik bat hedabideei eginen diete so, erne; euskarazko kulturgintzaren transmisioaren eta hedabideen arteko loturari erreparatuko baitiete. Hau da: adibidez, aztertuko dute komunikabideek zer eginkizun duten kulturaren hedapenean, zehazki zer rol jokatzen duten egun, eta hutsuneak nola bete litezkeen. Izan ere, aurrez ere garbi ondorioztatua dute gabeziak badaudela. Urriaren 26an eginen dute jardunaldia, Azpeitian (Gipuzkoa).

Besteak beste, Ahotseneak, Bertsozale Elkarteak, EIZIEk eta Lanarteak antolatu dute jardunaldia —Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin—, eta gaur Azpeitian eginiko agerraldian eman dituzte egitarauaren gaineko detaileak. Jarduera nagusiak hauek dira: azterketa sakon bat, mahai inguru bat eta bi hitzaldi.

Azterketa Behategiak eta Elhuyarrek gidatuko dute, eta, diotenez, espero dute «kualitatiboki sekulako garrantzia duten» ondorioak ateratzea. Emandako esplikazioen arabera, Euskal Herriko hamar komunikabide digital aztertuko dituzte ikusteko euskarazko kulturgintzak zer presentzia duen; hain zuzen, berria.eus da laginean sartu duten hedabideetako bat. Datu bilketa egiteko, 2023an Kultura kategorian argitaratutako edukiak bilduko dituzte, eta horiei xehe erreparatuta —ikusita, esaterako, aipatzen diren kulturgileak euskaldunak diren edo ez— aterako dira behar adina ondorio.

Bestalde, datuei ez ezik hausnarketei eta esperientzien plazaratzeari inportantzia emateko helburuz, mahai inguru bat antolatu dute jardunaldirako. Izenburua, hauxe: Zertan da euskarazko kulturgintzaren komunikazio-jarduna? Inma Errea itzultzaile, idazle eta kazetariak gidatuta, solasean arituko dira Iñaki Etxeleku aktore, kultur eragile eta BERRIAko kazetaria, Ane Zuazubiskar bertsolari eta kazetaria, eta Josune Velez de Mendizabal aktore, ipuin kontalari eta kazetaria. Mahai inguruak bi ordu irautea aurreikusi dute antolatzaileek.

Diagnostikotik harago

Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria izan da egitasmoaren aurkezpenean mintzatu direnetako bat, eta, hain justu, berak nabarmendu du jardunaldiaren xedea ez dela mugatzen ondorioak atera eta diagnostikoa egitera: «Irtenbide eraginkorrak behar ditugu».

Hain zuzen ere, balizko irtenbideei begirakoak dira jardunaldian izanen diren beste bi jarduera: bi hitzaldi izanen dira, zehazki, eta Kultur kuotak hedabideetan: Nazioarteko ereduak izenburupean jaso dituzte biak. Emandako informazioaren arabera, asmoa da Hego Euskal Herrian ez beste tokietan indarrean diren zenbait lege eta plani erreparatzea, aztertzeko zer neurri izan litezkeen eredu euskarazko kulturari mesede egiteko. Hitzaldietako batean, Amagoia Gurrutxaga Uranga Lanarteko koordinatzailea mintzatuko da, kultur kuotek nazioartean izandako bilakaeraz. Bigarrenean, Pol Cruz-Corominas arituko da —Plataforma per la Llengua-ko kidea da— , Kataluniako egoeraz eta Espainiako ikus-entzunezkoen lege berriaz.

Eman dituzte pistak dagoeneko. Esate baterako, galdera hauek planteatuko dituzte hitzaldietan: azken urteotan zergatik areagotu da kultur kuoten beharra? Eta, bestalde, hizkuntza gutxituetan ardaztutako kultur eta komunikazio sistemei zein ekarpen egin diezaieke kuoten ezarpenak? Gainera, adibide bat ekarri dute gogora, aurrerapen gisa: Frantziako Gobernuak legez zehazten du irratiz zabaldutako musikaren zer portzentajek behar duen Parisek ofizialtzat dituen hizkuntzetan kantatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.