Pizgarri fiskalak

Euskarazko ikus-entzunezkoek %70erainoko kenkari fiskalak jaso ahalko dituzte Bizkaian

Egun indarrean diren pizgarri fiskalak indartuko dituen lege aurreproiektu bat aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta arte eszenikoentzako kenkari berriak ere ezarriko dituzte

Alex de la Iglesia zinemagilearen 'El cuarto pasajero' pelikularen filmaketa, iaz, Bilbon. MARISOL RAMIREZ
Inigo Astiz
2022ko uztailaren 12a
13:53
Entzun

Orokorrean Bizkaiko ikus-entzunezko sektorea bultzatzeaz gain, espezifikoki euskarazko ikus-entzunezko sektorea ere sustatzeko kenkari fiskal sorta bat ezarri nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Gaur aurkeztu duten lege aurreproiektuaren arabera, gastuetan %35etik %60rainoko kenkariak izango dituzte Bizkaian ekoitzitako filmek, eta %45etik %70erainokoak izango dira kopuru horiek ikus-entzunezkoak euskara hutsezkoak diren kasuetan. Zuzeneko arteak ere hartuko ditu kontuan proposamenak, eta sozietateen gaineko zergaren kuota likidoan %30eko kenkaria ezarriko zaie arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunen ekoizpenei. Eta, kasu horretan ere, %40koa izango da kopuru hori lanak euskara hutsezkoak direnean. Liburuak argitaratzeko kenkaria %5ean mantenduko dute.

Egun indarrean diren kopuruen nabarmen gainetik daude Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako neurri fiskalak. Une honetan, kasurako, gehienez ere, %40koa da euskarazko film baten ekoizpenari ezarritako kenkaria, eta %70eraino igo asmo dute zenbateko hori. Orain arte hartutakoak baino esparru gehiagori ere eragingo die arauak, gainera: Bizkaiko elkarteek ez ezik, atzerriko ekoizpenek ere izango dute onura fiskalak lortzeko modua, baldin eta Bizkaian kokatutako ekoizle exekutibo batekin lan eginez gero edota Bizkaian bulego egonkor bat irekiz gero. Eta, bestalde, sareko produkzioak ere hartuko ditu kontuan legeak.

Europako bermea

Gastuak izango dira kenkarien zenbatekoa ezartzeko neurgailua. Eta Bizkaian egindako gastuaren %50etik gorakoa denean ezarriko zaie kenkaririk altuena. 2023ko urtarrilaren lehenetik aurrera nahi dute indarrean zerga sistema berria. Horretarako, aurrez, Bizkaiko Foru Batzar Nagusietan eztabaidatu beharko dute aurkeztutako aurreproiektua, eta ondoren onartu.

Europako Batzordearen oniritzia dute Bizkaiko Aldundiak proposatutako kenkariek. Eta gutxienez bost aldiz nabarmendu du datua Jose Mari Iruarrizaga Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuak neurriak aurkezteko egindako prentsaurrekoan. «Berariazko baimena» jaso dutela zehaztu du, eta, beraz, neurriek «bermea» daukatela iragarri. Gainera, erabat ziurtzat jo du ezingo zaiola helegiterik jarri. Eta ez da debaldeko aipamena, aurrez Europak atzera bota izan baititu Euskal Herriko ogasunek proposatutako hainbat neurri fiskal, besteak beste lehiakortasuna kaltetu zezaketela argudiatuta. Eta, hain zuzen, horren aurka babesteko aurkeztu dio aldundiak aurreproiektuari buruzko kontsulta Europako Batzordeari.

Euskarazko lan gehiago

«Egun Bizkaian dauden ikus-entzunezko enpresak bertan gera daitezen lortzea eta oraindik ez daudenei etortzeko gogoa piztea»: laburrean, esaldi horrekin azaldu du kenkarien azken helburua Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Kultura eta Euskara diputatuak. Azaldu duenez, euskara ere sustatu nahi dute, eta horregatik ezarri dituzte kenkari bereziak euskaraz ekoitzitako lanentzat.

2021ean, guztira, 162 ikus-entzunezko lan zenbatu ditu Bilbao Bizkaia Film Commissionek, eta 38 dira euskara hutsez egindakoak. Film luze bat, 11 film labur, 16 publizitate kanpaina, bi telebista programa, bost dokumental, bi bideoklip eta websail bat, zehazki. Eta, Bizkaiko Aldundiko ordezkariek baieztatu dutenez, euskarazko lanen kopurua haz dadin laguntzea da kenkariekin lortu nahi dutena.

Gorantz doan sektore bat

Ez da Bizkaia antzeko neurrian hartzen dituen lurralde bakarra. Gipuzkoan, San Sebastian Film Commission erakundearen datuen arabera, esaterako, %45erainokoa da gaur egun euskara hutsez sortutako ikus-entzunezkoek lor dezaketen gehieneko kenkaria sozietateen gaineko zergan, eta %35ekoa ekoizpena erdarazkoa bada. Nafarroan, berriz, % 35eko kenkaria ezartzen zaie ikus-entzunezko ekoizpenei kuota likidoan, hizkuntza edozein dela ere, Navarra Film Commission erakundeko datuen arabera.

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Bizkaiko Aldundiko diputatuak azaldu du ikus-entzunezkoen merkatua «goranzko joeran» dagoela: «Sektorea halako neurri bat eskatzen ari zen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.