Xabier Lete deitu dute laguntza, eta «asmo eta konplexutasun handiagoko lanak egiteko aukera emango dieten baldintza ekonomikoak eskaintzea» da haren asmoa, deialdian bertan zehazten denez. Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak elkarrekin aurkeztu dute lehen deialdia, gaur, eta apirilaren 9ra arteko epea izango dute idazleek euren nobela proiektuak deialdira aurkezteko. 70.000 euro gordinekoa izango da laguntza. Hemen kontsulta daitezke oinarriak.
«Sendotze bidean» diren autoreak laguntzea da bekaren asmoa. Horregatik, aurrez argitaletxeren batekin gutxienez nobela bat argitaratuta izan beharko dute hautagaiek. Hori da gutxieneko langa, baina ez dago gehienezkorik. Hortaz, nobela gehiago argitaratu dituzten egileek ere izango dute aukera bekara aurkezteko. Eleberri proiektua aurkeztu beharko dute horretarako. Uztail erdialdean jakinaraziko dute beka jaso duen egilearen izena.
Lau urtez, beste lauz luzatzeko aukerarekin
Eusko Jaurlaritzak eta BBVA fundazioak adostutako hiru adituko talde batek bereiziko du hautagai diren lanen artean zein den interesgarriena. Horretarako, proiektuaren kalitatea eta originaltasuna ebaluatuko dute lehenik, eta egilearen curriculuma ere bai ondoren. %60ko pisua izango du proiektuaren balorazioak, eta %40koa ibilbidearenak.
Urtebetean bukatuta aurkeztu beharko du lana egileak, eta idazlearekin batera egingo da hortik aurrera argitaratzerainoko bidea. Izan ere, idazlea izango da lanaren jabea. Lan hori idazteko Xabier Lete beka jaso duela adierazi beharko du aldiro. Beka bateraezina izango da sorkuntzarako bestelako laguntzekin.
Lau urterako hitzarmena adostu dute bi erakundeek, eta aukera izango da gero beste lau urterako luzatzeko. Horrek esan nahi du, beraz, 2025ean, 2026an eta 2027an ere beka horretarako deialdiak izango direla ziur, eta balitekeela 2031ra arte luzatzea.
Leonardo beka bat, euskaraz
Sortzaileek sorkuntzarako baldintza ekonomiko hobeak izatea da bekaren helburuetako bat, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan duenez. Eta, dioenez, «osatu» egiten du Eusko Jaurlaritzak sorkuntza zein liburuen zabalpena eta nazioartekotzea laguntzeko jadanik martxan dituen bestelako deialdien eskaintza.
Zupiriak azaldu du BBVA fundazioak urtero banatzen dituen Leonardo bekek eraman dutela Eusko Jaurlaritza haiekin kolaboratzera. Hainbat alorretako sortzaileen lanak sustatzeko 55 bekako multzoa biltzen du Leonardo beka delakoak, eta 50.000 euro gordinekoa da haietako bakoitza. Fundazioak halako deialdiak egiteko duen esperientzia ere kontuan hartu dutela esan du kultura kontseilariak, eta horregatik nahi izan dutela «lehen mailako» beka horietan euskara ere presente egotea.
Xabier Letek egindako sorkuntza, eragiletza eta kudeaketa lana ere omendu nahi izan dute bekari haren izena jarrita, Zupiriak gogoratu duenez, Letek sekula eleberririk argitaratu ez bazuen ere.