Chelsea Hotela
Itzultzailea: Juan Luis Zabala
Ondo oroitzen haut Chelsea Hotelean,
gogor eta gozo hitz egiten huen
burukadak emanez ohe deseginean
kalean limusinak zain ziren artean.
Haiek zitunan arrazoiak eta hura zunan New York.
diruaren eta haragiaren atzetik genbiltzanan.
Eta hori zunan maitasuna kantuaren langileentzat
eta oraindik ere hala izango dun han direnentzat.
A, baina hi joan egin hintzen, ezta, txiki?
Jendeari bizkarra eman eta joan egin hintzen,
Behin ere ez hindudan entzun esaten:
behar haut, ez haut behar,
behar haut, ez haut behar,
eta musika hura guztia soinu egiten.
Ondo oroitzen haut Chelsea Hotelean,
ospetsua hintzen, hire bihotza kondaira bat.
Goapoak nahiago hituela esan hidan berriz,
baina nirekin salbuespena egingo huela.
Eta ukabila itxiz gu bezala
edertasunaren formek zapalduta gauzkatenon alde,
heure buruari begira esan huen: «Axolarik ez dik
gu zatarrak izateak, musika zaukaagu».
Eta orduan joan egin hintzen, ezta, txiki?
Jendeari bizkarra eman eta joan egin hintzen,
Behin ere ez hindudan entzun esaten:
behar haut, ez haut behar,
behar haut, ez haut behar,
eta musika hura guztia soinu egiten.
Ez dinat iradoki nahi ni naizenik ondoen maite hinduena,
ezin dinat txantxangorri erori bakoitzaren berri jaso.
Ondo oroitzen haut Chelsea Hotelean,
horixe dun dena, ez haut sarri izaten gogoan.
Hallelujah
Itzultzailea: Irati Jimenez.
Soka sekretua badela entzun dut
Davidek jo zuela eta Jainkoari gustatu zitzaiola
Baina zuri bost musikak, ezta?
Honela dio:
Laugarrena, bosgarrena
Akorde txikitik handira
Harrituta erregea, aleluia jotzen
Aleluia...
Zure fedea sendoa zen, baina frogak behar zenituen
Emakumea teilatuan bainua hartzen ikusi zenuen
Haren edertasunak eta ilargiak eroarazi zintuzten
Tronua hautsi zizun, zure ilea moztu
Eta zure ezpainetatik aleluia atera zuen.
Laztana, egonda nago hemen
Ezagutzen dut gela hau, ibili naiz lur honetan
Bakarrik bizi nintzen zu ezagutu artean.
Ikusi dut zure bandera marmolezko arkuan
Maitasunak ez du garaitzaren soinurik
Aleluia hotz eta apurtua da maitasuna
Aleluia, aleluia...
Sasoi baten kontatzen zenidan
Zer gertatzen zen hor behean
Baina orain ez didazu sekula erakusten, ezta?
Uso sakratua ere mugitzen ari zen
Eta botatzen zuen arnasa bakoitza aleluia zen
Aleluia, aleluia...
Beharbada bada Jainkorik goian
Baina maitasunak erakutsi didan guztia
Zorrotik zu baino azkarrago atera duenari tiro ematea da
Ez da gauean entzuteko moduko aldarria
Ez da argia ikusi duen norbait
Aleluia hotz eta hautsia da
Aleluia, aleluia...
Izena alferrik hartzen dudala diozu
Izena ere ez dakidanean
Baina jakingo banu, orduan, zuri zer?
Hitz guztietan dago argiaren garraldia
Ez du axola zein entzuten duzun
Aleluia sakratua edo apurtua
Aleluia, aleluia...
Ahal bezain ongi aritu nintzen, ez da asko esatea
Ezin nuen sentitu, ukitzen saiatu nintzen
Egia esan dizut, ez naiz zu engainatzera etorri
Eta dena gaizki joan zen arren
Abestiaren Jainkoaren aurrean nago
Mingainean besterik izan gabe, aleluia baino
Aleluia, aleluia...
Bird on the wire
Itzultzailea: Xabier Lete
Txoriak kaiolan
mozkorrak gauez bezala
libre izan nahi nuen, alferrik.
Arrain bat amuan,
zaldun bat banintz bezala,
zugana itzuli naiz beti.
Krudel izan baldin banaiz
ahaz dezazun nahi nuke oraindik,
leial izan ez banintzen
zurekin leial nahi nuen izan.
Piztiak, urduri,
beldurrez, haurrak bezala,
puskatu dut emandako maitasuna.
Baina gaur zin dagit
xukatuko dizudala
gaizkiaz sortu nizun negarra.
Krudel izan baldin banaiz
ahaz dezazun nahi nuke oraindik,
leial izan ez banintzen
zurekin leial nahi nuen izan.
Txoriak kaiolan
mozkorrak gauez bezala
libre izan nahi nuen, alferrik.