Ez da jaialdiko sail nagusia, baina bai nagusietako bat, eta lehiaketaren parte ere bada, gainera. Beren lehen edo bigarren lan luzea filmatu duten zinemagileen filmek osatzen dute Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak atala, eta euskarazko bi film ikusi ahalko dira aurten haren barruan. David Perez zinema zuzendari bilbotarraren Ane izango da bi horietako lehena, eta Imanol Rayo zinemagile arbizuarraren Hil kanpaiak izango da bestea. Gutxienez, euskarazko bi fotograma joango dira, beraz, Euskal Herriko zinema jaialdi esanguratsueneko zintan. Euskal Herriko beste bi zuzendariren lanak ere programatuko dituzte, gainera: Marina Palacio donostiarraren Ya no duermo eta Laida Lertxundi bilbotarraren Autoficción(Autofikzioa) film laburrak emango dituzte Zabaltegi-Tabakalera sailean. Irailaren 18tik 26ra egingo dute festibala aurten, eta, ohitura duenez, antolakuntza urratsez urrats ari da programazioaren berri ematen. Jaialdiak industriarentzako «erabilgarria» izateko bokazioa ere baduela gogorarazi du Jose Luis Rebordinos zuzendariak.
Rayok (Arbizu, Nafarroa, 1984) Bernardo Atxaga idazlearen Bi anai eleberriaren moldaketarekin egin zuen estreinaldia zinemagintzan, 2011n, eta Zinemira saria eskuratu zuen hari esker Zinemaldian bertan. Miren Gorrotxategi idazlearen 33 ezkil eleberria hartu du orain oinarritzat, eta Hil kanpaiak izendatu du haren zinemarako moldaketa. Besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoi eta Kandido Uranga aktoreak zuzendu ditu, eta Garizmendi baserrian agertutako hezurrek berriz irekiko dituzten iraganeko zauriak ditu ardatz istorioak. Egilearen hitzetan, «genero beltzetik abiatu» eta «tragediarantz doa» pelikula, eta pertsonaien ikuspuntua da giltzarria.
David Perez Sañudok (Bilbo, 1987) film laburrak egin ditu orain arte nagusiki, eta mundu osoko jaialdiak ezagutu ditu haiei esker. Esaterako, Aprieta pero raramente ahoga film laburra aurkeztu zuen Zinemira-Kimuak sailean 2017an, eta euskaraz filmatu du orain bere lehen film luzea: Ane. Desagertutako alaba baten bilaketa kontatzen du istorioak. Egun batez, Ane ez da etxera agertuko gosaltzera, eta haren bila abiatu beharko du amak, Lidek. Abiadura handiko trena zaintzen egiten du lan Lidek, eta, desagerpenaren harira, ezezagun zitzaion alabaren aktibismoa deskubrituko du. Izan ere, familia barruko komunikazioari eta komunikazio faltari buruzkoa ere bada filma. Besteak beste, Patricia Lopez Arnaizek, Jone Laspiurrek, Mikel Losadak eta Nagore Aranburuk osatu dute aktore taldea.
'Akelarre' eta 'Patria'
Horiez gainera, Euskal Herrian kokatutako filmek ere izango dute beren lekua Zinemaldian. Pablo Aguerok zuzendutako Akelarre filma ikusi ahalko da, esaterako, Sail Ofizialean. Argentinarraren bosgarren lan luzea da, eta Euskal Herrian filmatu du, euskara eta gaztelera tartekatuz. XVII. mendean girotutako drama historiko bat da, eta sorginkeriarekin zerikusia duen prozesu judizial bat du oinarri. Hala aurkeztu du pelikula zuzendariak berak, jaialdiak hautatutako filmen berri emateko prestatutako bideo batean: «Boterearen jabeek pentsamendu bakarra, hizkuntza bakarra, jainko bakarra ezarri nahi dute. Horregatik zapaltzen dituzte tokiko kulturak, estigmatizatzen dituzte emakumeak, eta hil egiten dituzte. Baina emakumeak basoan abesten eta kantatzen aritzen dira; ez dute amore ematen. Hori da Akelarre».
Lehia nagusiaren parte izango da Agueroren lana, eta bertan proiektatuko dituzten beste bi filmen berri ere eman dute antolatzaileek. Antonio Mendez zuzendari espainiarraren Courtroom 3H fikzioz besteko lan luzea ere lehiatuko da sail horretan, eta, lehiaz kanpo, berriz, Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren Antidisturbios fikziozko lana ere emango dute.
Sail Ofizialak Patria telesailaren emanaldi berezia ere izango du. Aitor Gabilondok HBO Europerentzat sortutako zortzi ataleko telesaila da, Fernando Aranburu idazlearen nobelan oinarritutakoa. Euskal Herriko historiaren hiru hamarkada jorratzen ditu, indarkeriak banatutako bi familiaren ikuspegitik, eta euskal aktore sorta batek hartu du parte hura filmatzen. Zuzendaria pozik azaldu da aukerarekin: «Ohore bat da niretzat».
Isabel Lamberti (Buhl, Alemania, 1987) zuzendariaren La última primavera emango dute Zuzendari Berriak sailean, eta Juan Cavestany madrildarraren Un efecto óptico, berriz, Zabaltegi-Tabakaleran. Azken sail horretan proiektatuko dituzten hiru film laburren berri ere eman dute Zinemaldiaren antolatzaileek. Carla Simon kataluniarraren eta Dominga Sotomayor galiziarraren arteko harremana kontatzen duen Correspondencia izango da haietako bat, eta Marina Palacioren Ya no duermo eta Laida Lertxundiren Autoficción dira beste biak.
Perlak sailean, Maite Alberdiren (Santiago, 1983) El agente topo izango da ikusgai, zahar etxe batean espioi sartzen den 83 urteko alargun bati buruzkoa, eta, azkenik, Warner Espainiak eta Donostiako Zinemaldiak El verano que vivimos filmaren ongintzazko emanaldia eskainiko dute, zeina Carlos Sedes galiziarrak (Coruña, 1973) zuzendu baitu.
Euskarazko bi fotogramarekin
David Perez zinemagilearen 'Ane' eta Imanol Rayoren 'Hil kanpaiak' euskarazko filmak Donostiako 68. Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean lehiatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu