Euskarazko arte eszenikoen hauspoa

Artedrama Euskal Laborategiak antolatutako antzerki topaketek euskal antzerkiaren hiriburu bilakatuko dute Aulesti, apirilaren 1etik 6ra bitartean. Hemeretzigarren urtea dute.

'Postdatarik gabeko gutunak' antzezlana taularatuko dute Aulestin, astelehenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
'Postdatarik gabeko gutunak' antzezlana taularatuko dute Aulestin, astelehenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
edurne begiristain
2024ko martxoaren 28a
05:15
Entzun

Arte eszenikoen topagune, epizentro eta erakusleiho. Euskal aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzako bilgune. Hori guztia izango dira apirilaren 1etik 6ra bitarte Aulestin (Bizkaia) Artedrama Euskal Laborategiak (ADEL) egingo dituen antzerki topaketak. Eta hori baino gehiago ere bai, Ander Lipus antzerkigile eta ADELeko kidearen ustetan: «Euskal antzerkigintzarako arnasgune bat dira, arte eszenikoen hauspoa». 

Sei egunez, euskal antzerkigintzaren topagune bihurtuko da 650 biztanle inguruko herria. Hala izan da azken bi hamarkadetan ere. Hemeretzigarren urtea dute topaketek, eta hasierako espirituari eutsiko diote: euskal antzerkiaren inguruan mundu propioa sortzea, euskara hutsezko espazioak eratuta. «Apurka-apurka erreferentzialtasuna lortu dugu, eta euskal antzerkigintzak bere lekua hartu du».

Kanpora eta barrura begira ardazten dituzte urtero topaketak. Arte eszenikoen laborategi dira, batetik; eta zuzeneko ikuskizunetarako gune ere bai, bestetik. Guztira, hamasei ikasle izango dira aurten, eta sei irakasle: Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta, Amaia Lizarralde, Amaia Bono, Kepa Errasti eta Ainhoa Alberdi. 

«Apurka-apurka erreferentzialtasuna lortu dugu, eta euskal antzerkigintzak bere lekua hartu du».

ANDER LIPUS Artedramako kidea

Irakasle zein ikasleak antzerkirako biziko dira astebetez. Izena eman duten ikasleek zortzi orduko ikastaroak jasoko dituzte egunero. «Oso intentsoa izango da», esplikatu du Lipusek. Egonaldi moduko bat da ikasleentzat: «Horixe baita asmoa: barnetegi antzerako formakuntzarako laborategi bat izatea». Eta askotarikoak izango dira irakasleen eskutik jasoko dituzten irakaspenak. Besteak beste, butoh dantzaren bitartez gorputzaren hizkuntza eta mugimendua landuko ditu Alberdik, ekintza, drama, antzerkia eta artearen lengoaiak praktikatuko dituzte Lipusen eskutik, eta sorkuntza prozesuaren tresnak erabiltzen irakatsiko die Errastik. Antzerkiaren askotariko erpinak biltzea izango dute xede, finean: «Irakasle bakoitzak bere teknikak erakutsiko ditu, bere mundua».

Emanaldiak gauero

Eskolekin ez ezik, antzerki emanaldiekin ere osatuko dituzte topaketak, gauero. Aulestiko udal aretoan eta frontoian izango dira emanaldiok, 21:00etan eta 22:00etan, eta edonork izango du bertaratzeko aukera. Zazpi ikuskizun eskainiko dituzte: horietatik bost doan izango dira, eta azken bietarako sarrerak aurrez erosi ahalko dira Ilunzar tabernan edo egunean bertan frontoian, bost euroren truke.

Astelehenean bertan ekingo diete emanaldiei: Xake produkzioak Postdatarik gabeko gutunak antzezlana taularatuko du. Bost urte preso eman dituen Mikeli ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko, eta ordubete hori inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio. Izan ere, azken hilabeteetan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu, bere burua identifikatu ez duen norbaitenak. Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarreta aktoreen «bakarrizketa lagundu bat» izango da.

Asteartean bi emanaldi izango dira. Batetik, Alberdik butoh dantzan oinarritutako Ixa Bella piztia ikuskizuna taularatuko du. Ondoren, Manvcodiata konpainiaren txanda izango da: Putaren bakarrizketa eroetxean obra oholtzaratuko du Laura Penagos aktoreak. Eroetxe bateko gela batean bakarrik, aulki batean eserita eta kameraz inguratuta dagoen emakume prostituta baten azalean jarriko da Penagos. Sexualitatea, bortizkeria, klasismoa eta feminismoa azaleratuko ditu taula gainean.

Apirilaren 3an, asteazkena, antzerkigintza amateurrari egingo diote tartea. Iduzkilore antzerki taldearen Ihesi lana ikusteko aukera egongo da, Maika Etxekoparrek zuzendua. Senpere (Lapurdi) eta inguruetako antzerki talde amateurra da Iduzkilore, eta bi emakume arituko dira antzezle lanetan: Bernadette Iratzoki Luro eta Maider Beheran; Ainhoa Elizondo musikan arituko da.

Ostegunean, berriz, euskara ikasten dabiltzanak izango ditu gogoan Amaia Bonok Belarriprest bere euskarazko lehen sorkuntza lanean, esperientzia propiotik abiatuta. 

Bonbon Beltz antzerki taldeak, bestalde, irudimenezko zahar etxe bateko istorio latzak kontatuko ditu Gure xaharrak antzezlanean. Etxekoparek zuzendutako lanean txotxongilo erraldoiek izango dute protagonismoa. Ostiralean ikusi ahal izango da obra.

Topaketen azken egunerako gorde dute Atx Teatroa antzerki konpainiaren Marmarra lanaren estreinaldia. Aktore andana igoko da larunbatean taula gainera: Sandra Fernandez Agirre, Mirian K. Martxante, Gabriel Ocina, Aiora Sedano eta Estibaliz Villa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.