Euskaraz sortzeko 30 bultzada

Euskarazko sorkuntza sustatzeko 25 edo 30 egonaldi artistiko antolatuko ditu Udalbiltzak beste hainbeste herritan. Geuretik Sortuak deitu dute proiektua, eta 700.000 euroko partida izango du

Udalbiltzak Geuretik Sortuak proiektua aurkezteko atzo antolatutako aurkezpena, Durangoko Plateruena kafe antzokian. RAUL BOGAJO / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskaraz sortzen eta hedatzen den artea «gero eta urriagoa» dela uste du Udalbiltza Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen erakundeak, eta hutsune horri aurre egiteko abiatu du Geuretik Sortuak proiektua. Hurrengo urteko lehen erdialdean euskarazko lanak sortzen laguntzeko egonaldi bana antolatuko du Euskal Herri osoko 25 edo 30 udalerritan, eta sortutako lan horiek erakusteko zirkuitua osatuko du ondoren herri horietan guztietan. Euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da helburua, eta 700.000 euroko poltsa aurreikusi dute horretarako. Parte hartuko duten udalerriak biltzen hasiak dira jadanik, baina hurrengo urte hasieran egingo dute sortzaileentzako deialdia, eta, aurreikusten dutenez, 2022 hasierarako bukatuko da bira. «Estrategikoa» da proiektua, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariaren hitzetan.

Sortzaileak hautatzeko deialdi publiko bat egitea da erakundearen asmoa. Hurrengo urte hasierarako espero dute hori, eta batzorde batek erabakiko du zer proiektu aukeratu eta bakoitza zer herritara bideratu. Horri esker, hainbat astetako egonaldia egin ahalko dute bertan hautatutako sortzaileek edo konpainiek. Herriz herriko errealitatea kontuan hartuko duten sorkuntza lanak sustatzea da Udalbiltzaren asmoa, eta, horretarako, sortzaileen eta bertako eragileen arteko hartu emanak sustatuko dituzte. Sortzaileak eleberri labur bat, antzezlan bat edota film labur bat sortuko ditu denbora tarte horretan, dagokion sorkuntza esparruaren arabera.

Iragarri dute deialdia egiterakoan emango dituztela laguntzen zenbatekoari eta egonaldiaren iraupen zehatzari buruzko xehetasunak. Edonola ere, esan dute orain martxan jarriko dituzten egonaldietara sortzaile berriak zein ibilbide bat egina dutenak erakarri nahi dituztela.

Hedapena helduko da gero. Nobela horiek liburu bakarrean bilduko dituzte; sortuko direla aurreikusi duten lau antzezlanak herriz herri mugituko dituzte; eta film labur guztiak film luze bat osatzeko moduan muntatuko dituzte. Beste deialdi publiko baten bidez hautatuko dituzte lan hori egitekoak diren argitaletxea, muntatzaileak eta teknikariak, eta egonaldiak sortu dituzten herrietara eramango dituzte ikuskizunak, antolatzaileek esan dutenez, «Euskal Herri osoa hartuko duen kultur zirkuitu bat sortuz». Balorazioaren tartea helduko da gero, eta, iradoki dutenez, proiektuari jarraipena ematea eta kultur adierazpide gehiagotara zabaltzea da Udalbiltzaren asmoa.

Zailtasun administratiboak

Koro Etxeberria Hernaniko Kultura zinegotzi eta Udalbiltzako hautetsiak azaldu duenez, euskal kultura beti egon da «gutxietsia eta prekaritatearekin lotua», eta koronabirusaren krisiak areagotu egin du traben zerrenda. Haren hitzetan, politikoak ere badira zailtasunak, ordea. «Bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurralde bat izateak arazoak, zailtasunak eta oztopoak baino ez ditu ekartzen euskal kulturaren eta artearen sormena, garapena eta hedapena normaltasunez eta naturaltasunez bideratzeko orduan».

Euskal Herriaren kohesioa helburu duten egitasmoak bultzatzea da Udalbiltzaren egitekoetako bat, baina orain arte ez du sekula kultur alorreko proiekturik garatu. Aurten, ordea, horretarako beharra ikusi dutela azaldu du erakundeko lehendakariak. Asurmendi: «Luze eta zabal hausnartu dugu euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutakoak Udalbiltzatik zerbait egin behar genuela pentsarazi digu». Hainbat bilkura antolatu dituzte sektoreko ordezkariekin, eta hortik sortu da egonaldi programaren ideia.

Guztira, 23 herrik egin dute bat asmoarekin. Tartean dira Bizkaiko Larrabetzu, Arrigorriaga eta Durango; Arabako Zuia eta Artziniega; Gipuzkoako Zaldibia, Usurbil, Amasa-Villabona, Zestoa, Bergara, Oñati eta Oiartzun; Nafarroako Mendabia, Leitza, Lodosa, Lesaka, Bera, Etxarri-Aranatz, Tafalla, Sartaguda eta Andosilla; Lapurdiko Uztaritze, eta Zuberoako Lexantzü-Zunhaurre. Hemendik aurrera gehiago ere batuko zaizkiela espero dute, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan jarria dute begia, azken hilabeteetan egin dituzten udal hauteskundeak amaitu ostean proiektua berriz ere bizituko dela uste baitute. Gainera, «lurraldetasunaren oreka» izan da herriak hautatzean buruan izan duten beste irizpide bat.

Euskal Herri osorako

Hain zuzen ere, udal horiekin egindako hitzarmenen bidez eta bestelako laguntzaileen bultzadarekin osatuko du Udalbiltzak proiektuarentzako diru poltsa.

Euskal Herri barruan ere bestelako mugak ere badaudela gogoratu du Hernaniko Kultur zinegotziak. «Ez da ohikoa Iparraldean sortzen dena Nafarroako Erriberan ikustea edo Gipuzkoan sortzen dena Zuberoan ikustea». Eta, herriz herri arituz, mapa zabalago horretara heltzea izango da Geuretik Sortuak egitasmoaren erronka. Etxeberria: «Euskal Herri osora iritsi nahi du».

Durangoko Plateruena kafe antzokian egin dute aurkezpena, eta proiektuan parte hartzen duten hainbat udalen ordezkariak batu ditu deialdiak. Kulturgintzako hainbat kide ere izan dira aurkezpenean: esaterako, Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, kasurako, edota Olatz Beobide Euskal Aktoreen Batasuneko kidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.