Euskaraz, galizieraz eta katalanez egindako literatur sorkuntza «hauspotzeko» politikak galdegin dituzte

Euskal Idazleen Elkarteak, AELG Galizierazko Idazleen Elkarteak eta AELC Katalanezko Idazleen Elkarteak Palmako Manifestua aurkeztu dute Galeusca topaketetan. Iragarri dute atzera ere martxan jarri dutela Galeusca federazioa.

Galeuscako topaketan irakurri dute gaur Palmako Manifestua. GALEUSCA
Galeuscako topaketan irakurri dute gaur Palmako Manifestua. GALEUSCA
edurne begiristain
2024ko maiatzaren 29a
15:10
Entzun

Itzulpengintza ardatz hartuta, Galeusca topaketak egiten ari dira gaur Palman (Herrialde Katalanak). Orain berrogei urte abian jarritako topaketen bideari helduta, eta hamar urteko etenaren ostean, Euskal Idazleen Elkarteak, AELG Galizierazko Idazleen Elkarteak eta AELC Katalanezko Idazleen Elkarteak antolatu dituzte jardunaldiak. Adierazpen batekin hasi dute egun osoko programazioa: Palmako Manifestua deitu diote adierazpenari; 1984an Bartzelonan aurkeztutako Pobleteko Adierazpenaren ildoari jarraituz idatzi dute testua.

Idazleen hiru elkarte horien ideiak eta asmoak laburbiltzen dituzten lau puntu dira agiriaren ardatza. Batetik, erakundeei eskatu diete eten dezatela galizieraren, euskararen eta katalanaren aurkako «eraso oro», eremu urrikoak edo gutxituak diren estatuko bestelako hizkuntzen aurkakoak barne. Era berean, instituzioei galdegin diete hizkuntza horien normalizazioaren eta sustapenaren alde egin dezatela, galizieraz, euskaraz eta katalanez egindako literatur sorkuntza eta itzulpena «hauspotzeko» politika eta programen bitartez. Bide beretik, eskatu diete sustatu dezatela literatura nazionalen «aitortza eraginkorra», uste baitute hori dela bidea Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta Eskubide Kulturalei Buruzko Friburgoko Adierazpena betetzeko.

Horrekin batera, zera eskatu diete Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako kultura erakundeei: eskuz esku lan egin dezatela euskal kulturaren, galizierazkoaren eta katalanezkoaren arteko harremanak «normalizatzeko». Adierazpenean aldarrikatu dute munduko elkarrizketa kulturalaren parte izan nahi dutela «guztiz normal» eta «inolako konplexurik gabe», eta norberaren errealitate linguistiko, kultural eta nazionaletik abiatuta egin nahi dutela hori.

Federazioa, atzera martxan

Guztira 2.800 kide dituzte manifestua sinatu duten hiru elkarteek. Adierazpenean jakinarazi dutenez, gaurtik aurrera atzera ere martxan jarriko dute Galeusca federazioren jarduera publikoa, aurrekoek utzitako ondare historiko, kultural eta linguistikoaren lekukoa hartuta. Gainera, esan dute prest daudela haiek utzitako ondarea «orainaldian eta etorkizun hurbilean proiektatzeko», betiere garaian garaiko beharretara egokituz.

Konpromiso hau ere jaso dute Palmako Manifestuan: Galiziako, Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako literaturen arteko «ekintza bateratua» sustatzea. Hainbat arlotan egin nahi dute hori, testuan jaso dutenez: itzulpengintza eta idazketa esparruetan aritzen direnen eskubide profesionalen alde lan eginez, hiru hizkuntzen artean kultura eta literatura trukatuz eta zabalduz, adierazpen askatasunaren alde arituz eta Galeusca federazioaren jardunari berriz ere ekinez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.