Euskaraz ezagutu gabeko Mirande

Deabruaren Eskolak argitara eman ditu Jon Miranderen hamabi testu, orain arte euskaratu gabeak. Jatorrizkoak ere erakutsi dituzte, bretoieraz, bakoitza analisi batez lagunduta

Irati Jimenez eta Mikel Soto idazle eta Deabruaren Eskolako kideak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Atzo bete ziren 50 urte Jon Mirande idazlearen gorpua aurkitu zutenetik, eta atzo aurkeztu zituen Deabruaren Eskolak hark idatzitako hamabi testu, artikulu, poema eta gutun, orain arte inoiz euskaraz argitaratu gabeak, Goulven Pennaod lagun bretoiarekin batera idatzitako poema batez gain. Bestalde, aurrez euskaratuta zegoen Nire sinestea artikulua berriro itzuli dute, «akats nabarmenak» aurkitu dituztelako itzulpenean; horietako bat, izenburuan: Gure sinestea deitu diote. Material horrek guztiak Miranderen (Paris, 1925-1972) alderdi pertsonalari, literarioari eta politikoari «argi egiteko» balioko duelakoan daude.

Denak ipini dituzte sarean, Deabruaren Eskolaren webguneko orrialde berezi batean. Euskaratutako testuez gain, jatorrizko bretoierazkoak ere erakutsi dituzte —bat izan ezik, frantsesez argitaratu baitzuen—, eta zubi gisa erabili duten frantsesezko itzulpena ere bai. Gainera, Mikel Soto idazle eta Deabruaren Eskolako kideak analisi bat idatzi du testu bakoitzarentzat.

Bederatzi lagunek parte hartu dute bi urteko bilaketa, itzulpen, azterketa eta argitalpen prozesuan: Soto, Irati Jimenez eta Esteban Montorio Deabruaren Eskolako kideek; Padrig an Habask bretoierazko itzultzaileak; Joxe Austin Arrieta, Edorta Jimenez, Jon Alonso eta Bego Montorio itzultzaileek; eta Urko Aiartza Olaso Dorrea fundazioko zuzendariak.

«Jaun aberkide maitea: Urrundik zure olerki-liburua irakurri berria naiz, eta lerro zenbait biali nai nizkizuke esateko nolako atsegiña artu detan ura irakurtzean». Horrela hasi zuen Mirandek Telesforo Monzoni idatzitako lehenengo gutuna, 1948ko urtarrilaren 30ean. Idazlearen gutunik zaharrena da, orain arte ezagutzen direnen artean. Monzonen artxiboa kudeatzen du Olaso Dorreak, eta horri esker lortu dituzte korrespondentzia hartako bost gutun.

Mirandek lehen mezuan adierazi zuenez, bi urte baino ez ziren euskara ikasten hasi zela. Guraso zuberotarrak zituen, baina ez zioten euskararik irakatsi. 20 urte zituela hasi zen ikasten, bere kabuz. «Bi urtean, aurrerapen miresgarriak egin zituen», Irati Jimenezen esanetan. Haren arabera, gutunek zera frogatzen dute: «Lauaxeta-Lizardi belaunaldia isiltzen denean, ez da gero berez agertzen Mirande-Aresti belaunaldia. Hor badago katebegi humano eta literario bat, eta hori Monzon izan zen. Hark eraman zuen suziri poetiko hau gerraurretik gerraostera». Zubigile lana nabarmendu du Aiartzak ere, Monzonen ibilbide literarioa eta kulturala baztertuta geratzen direlakoan maiz, alderdi politikoa nagusitzen denez gero.

Egilearen «kronologia politikoko» lehen urteak irudikatzeko ere balio dute gutunek. Jimenez: «Abertzale, kristau eta demokratatzat dauka bere burua: Mirande sentikor eta urragarri bat da. Gero asko urratu zena, tamalez».

Soto izan da ikerketaren arduraduna, eta, horregatik, orain, hura argitaratu berritan, «murgilaldi batetik ateratzen hasi berritan bezala» dago. Sarri irakurria zuen Mirandek bretoieraz idatzi zuela, baina, ez zuenez ezagutzen testu horietako bakar bat ere, bilatzeari ekin zion. Ar Stourmer aldizkarian argitaratutako testuak dira denak.

Mirande deserosoa

Argitaratutako testuek «Mirande osoa» erakusten dute, Jimenezen arabera; «hain deseroso zaiguna». Izan ere, gauza jakina da faxista zela. «Faxista zen, baina jeltzaleak kristauak diren bezala, era nahiko inofentsibo batean», bota du Sotok, Joxe Azurmendiri behin esan omen zion modu berean. «Alegia, hark eraman du euskal literaturan faxista izatearen zama guztia, baina ni Arestirekin nago: 'Faxista bat euskal literaturan? Nik esango nuke bat baino gehiago daudela'».

Mirande «pertsonalitate konplexu bat» da Sotorentzat: «Leku askotatik kanporatu zuten. Zailtasun handia dugu Mirande ulertzeko, libertatean sinisten zuen faxista bat ulertzeko, baina ez gaituzte hainbeste harritzen zentsuran sinisten duten demokratek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.