Amaierara iristen ari dira Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizunak. Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi bezala, arlo akademiko eta instituzionalean hainbat ekitaldi eta jardunaldi antolatu dituzte, baina kultur arloa ere ez dute ahazteko, eta orain arte musika, dantza eta antzerkia jorratu dute. Eskaintza hori osatzera dator orain aurkeztu duten ikus-entzunezkoa: Egunak eta lanak dokumentala, Euskaltzaindiak ekoitzia, «euskara jasoa izatera eraman duten gertakizun nagusiak» azaltzen dituena.
Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoaren ideia bat dago egitasmoaren jatorrian. Ideia hori azaltzeko, Michelangelo margolariarengana jo du Atxagak: adinean sartua zegoelarik agindu zioten Sixtoren Kapera egitea, baina ordurako «urteen eta munduaren zama» zeraman bizkarrean, eta egindakoari «oso kapera zapala» iritzi zion, Jainkoaren loria baino gehiago egileen ezintasunak islatzen zituena. «Irudipena dut euskaldunok ere kapera zapal baten azpitik begiratzen diogula geure buruari, burumakur, apal, depresiotik», esan du.
Horregatik, dokumentalean Manuel Larramendi «istorioaren ardatz» jarri nahi izan du, «ez soilik hark bere garaian hiztegigintzan eta gramatikan egindako lanagatik, ezpada bere jarreragatik, agertu zuen kemen eta ausardiagatik. Erakutsi nahi izan dugu euskaldunok kultura aberatsa dugula, hizkuntza ederra dugula, eta iraganean gauza ederrak egin direla».
Fermin Etxegoien kazetari eta idazlea aritu da zuzendari, eta gidoia ere idatzi du Atxagarekin batera. Esan duenez, «euskara jasoa» da dokumentalaren oinarria, hots, euskara noranahiko hizkuntza bilakatu duen prozesuaren nondik norakoak kontatu dituzte, baina, aldi berean, belaunaldien arteko transmisio prozesu baten emaitza dela ahaztu gabe: «Euskara jasoa jaso dugun euskara ere bada, eta nola jaso dugun islatu nahi izan dugu». Etxegoienek azaldu du «zorionez bidea ongi zedarritua» iritsi zitzaiola Atxagaren ideia originalari esker —«originala, hitzaren bi adieretan», zehaztu du—, eta egindako lana eskertu dio berarekin aritu den taldeari.
Gaztañaga eta Ibarguren
Dokumentala Egunak eta lanak da, baina filmean Miren Gaztañaga eta Mikel Ibarguren aktoreek jartzen dute «fantasia» ukitua, eta beraiek dira euskararen garapenaren bidean gidari lanak egiten dituztenak.
Atxagaren off-eko ahotsarekin abiatzen da dokumentala. XII. mendean Donejakue bidea egiten zutenek jasotako lehen hitz zerrendetatik hasita, Bernart Etxepareren eta Axularren ekarpenak agertzen dira, eta tarte handia hartzen du Manuel Larramendik: El imposible vencido (Ezinezkoa, garaitua) lanarekin lehenengo euskal gramatika egiteaz gain, «ausart» eta «konplexurik gabe» aritu zen euskararen gorazarretan, Atxagak azaldu bezala.
Euskararen estandarizazio prozesua eta batua sortzeko lana ere luze eta zabal jorratzen dira dokumentalean: Koldo Mitxelenak, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k eta Luis Villasantek prozesu horretan izan zuten garrantzia, garai hartako aurkakotasunak, zer den eta zer ez den euskara batua, estandarra hornitu eta aberasteko euskalki guztien ekarpenak jasotzeko beharra, eta beste hainbat kontu jorratzen dira dokumentalaren atal horretan.
Hiru testigantza garrantzitsu agertzen dira euskara batuaren inguruko kontakizun horretan: Jose Ramon Etxebarria fisikariarena —euskara alor akademikoan sartzeko lanetan aitzindaria—, Itxaro Borda idazlearena eta Sagrario Aleman euskara irakasle eta euskaltzain osoarena.
Etorkizunari begira
Euskararen inguruko azken berritasunak jasoz eta etorkizunari keinu eginda amaitzen da dokumentala: egun, 40.000 hitz inguru daude Euskaltzaindiaren hiztegian, eta euskararen akademiak oraindik orain ontzat jotako azken hitzen berri ematen du filmak bukaeran.
Andres Urrutia euskaltzainburua ere etorkizunari beha paratu da bere hitzaldian. Esan duenez, «mendeurrenarekin ez da bukatzen Euskaltzaindiaren historia; orain beste bat hasten da, XXI. mendekoa, euskararen ikuspegitik mende berri honek eskatzen dituenak kontuan hartuta». Urrutiak iragarri du etzi egingo dutela mendeurrenaren azken ekitaldi instituzionala.
ETB1ek urriaren 8an emitituko du Egunak eta lanak, 22:15ean, Gure kasa programaren ostean. EITBren webgunean ere egongo da ikusgai.
Euskararen lanak, iruditara
'Egunak eta lanak' dokumentala ekoitzi du Euskaltzaindiak. ETB1ek urriaren 8an emango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu