Euskararen Jatorriaren IX. Biltzarra, etzi

Gernikako Astran egingo da, eta euskarak iberierarekin izan zuen harremana ulertzea eta kokatzea du helburu

Erredakzioa
Bilbo
2014ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Euskarak iberierarekin izan zuen harremana ulertzea eta ondo kokatzea du helburu aurtengo Euskararen Jatorriaren Biltzarrak, bederatzigarrenak, antolatzaileen, Euskararen Jatorria Elkarteko kideen esanetan. Gernikako Astra gunean egingo da, etzi, egun osoz, eta horretan, besteak beste, iberierari buruzko ikerketa lanak landu dituzten lau hizlarik parte hartuko dute.

Virgilio Correia Portugalgo Conimbrigako Museoko ikerlaria da horietako bat. Iberiar penintsulako hego-mendebaldeko idazkeraz eta horri buruz garatu diren teoria berriez hitz egingo du 10:00etatik aurrera. Ondoren, 10:45ean, Luis Silgo ikerlari valentziarraren txanda izango da, eta iberieraren eta euskararen arteko harremanak zertan diren azalduko du. Antonio Arnaiz Madrilgo Complutense unibertsitateko irakasleak hartuko du hitza gero (11:45), eta bi hizkuntzen arteko loturak deuseztatzeko historikoki egin diren ahaleginak izango ditu hizpide. Atsedenaldiaren aurretik, Jabier Goitia ingeniari eta topografoak iberieraren eta euskararen arteko harremanak toponimiaren eta terminologiaren esparruetan utzi duen arrastoan sakonduko du.

Bazkari legea egin ondoren, bisitaldi etnografikoa egingo da Gernikako Arbolara, eta han haritzaren esanahi mitologikoaz jardungo dute. Ondorenerako beste hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Jaime Martin hizkuntzalariak dogon hizkuntzaren eta euskararen jatorrietara joko du, biak parekatze aldera (17:30). Hiru ordu laurden geroago, Edo Nyland ikerlari kanadarrak euskara hizkuntza indoeuroparra dela azaltzen duen teoriaren berri emango du. Hurrengoa hitz egiten Jon Nicolas arkitekto bilbotarra izango da, eta 2003an kaleratu zuen Arquitectura de las naciones (Arabera) liburua izango du hizpide. Biltzarra amaitzeko, Jorge Ribero-Menesesek Iruña-Veleiako aztarnategiko aurkikuntzek duten balioa defendatuko du.

Bihar, gainera, mintegi osagarri bat egingo da Edo Nylandekin. Izena emateko epea irekita dago: [email protected] helbide elektronikora bidali behar da mezu bat. Prezioa, bazkaria barne, 45 euro da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.