Hilberria. Bittor Kapanaga

Euskararen ikertzaile kritikoa

Juan Luis Zabala
2011ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Euskareren jatorriaren eta euskal mitologiaren ikertzaile gisa, bide pertsonaletatik eta joera nagusiei aurre egiteko beldurrik gabe egin zuen beti lan Bittor Kapanagak, bere iritziak kemenez eta irmotasunez defendituz. Euskara, erro eta gara (1978) eta Olentzaro pertsonaiari buruzko lau liburu utzi ditu, besteak beste, eta hark idatziak dira Gontzal Mendibilen Araban bagare kanta ezagunaren hitzak. Herenegun hil zen, 85 urte zituela, eta haren aldeko hiletak Otxandion (Bizkaia) egin ziren, atzo, herri berean.

Otxandion jaio zen Bittor Kapanaga Elorza, 1925eko urriaren 15ean, eta 13 urte baino ez zituela eskola uztea erabaki zuen, bere kabuz, «inperioaren zerbitzua egin behar nuelako, eta ikasi ezer ez, ez baitzen ikasteko modurik», BERRIAk 2005ean argitaratutako elkarrizketan adierazi zuenez. Autodidakta izan zen horrenbestez.

Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zituen aurreneko lanak, 1953an, eta Zeruko Argia, Jakin, Txistulari, Karmel eta Anaitasuna aldizkarietan ere idatzi zuen gero. Euskararen batasuna egin zen moduarekin kritiko agertu zen beti, gipuzkerari itzal handiegia eman zitzaiola irizten baitzion, bizkaiera baztertuz, eta baita Arabako forma zaharrak ere. Araba ez zen zazpigarren alaba, Kapanagaren ustez, «semerik zaharrena» baizik, seme «elbarritua».

Olentzarori buruzko bere lanez hitz egitean, ahal zuen orotan nabarmentzen zuen pertsonaiaren berezko izenak Olentzaro behar duela, eta ez Olentzero. «Olentzaroa, oles egiteko aroa da, bertsotan egiteko aroa», adierazi zion BERRIARi.

Kapanagaren Euskara, erro eta gara saiakera erreferentzia garrantzitsua da euskararen jatorriaren inguruko ikerlari askorentzat. Euskarak, Kapanagaren ustez, «altxor izugarria» du barruan, «munduaren eta gizakiaren garapena ulertzeko» baliagarri izan daitekeena.

Gerediaga elkarteko kide zen, eta elkarte horrek antolatutako ekitaldi askoren sustatzaile lanetan aritu ohi zen. Argizaola saria eman zioten Durangoko Azokaren 1997ko ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.