Euskararen film festibala

Gaurtik igandera arte eginen da Zinegin film festibalaren 10. aldia, Hazparnen. Filmez gain, musika eta tailerrak ere izanen dira jaialdian

Non dago Mikel? dokumentala emango dute Zinegin jaialdian. IZAR FILMS.
Joanes Etxebarria.
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Sos iturriak gutitzearekin, dudan ezarria zen Hazparneko (Lapurdi) Zinegin festibalaren hamargarren aldia, gaur hasi eta igandera arte izanen dena. Iaz egiteko prest ziren konfinamenduak ezeztatu zuen arte; aurten, aldiz, eginen da. Laguntza publiko berriak kausitzeko irizpideak kanbiatu baino gehiago, antolatzaileak beste bide batetik saiatuko dira dirua biltzen ezaugarri nagusia atxikitzeko gisan: Euskal Herrian eta euskaraz egiten den zinemaren erakusleiho izatea.

Bi kanpaina abiatu dituzte paraleloki, lau eguneko ohiko aldi bat egingarri izateko beharrezkoak diren 12.000 euro kausitzeko: «partaide pribatuak» edo enpresak biltzeko, batetik, eta publiko zabala, bestetik. Hilabetean euro bat ematea proposatuz, antolatzaileek espero dute jende gehiagorentzat posible izanen dela laguntzea, Aitziber Zugarramurdi taldeko kide berriak dioenez: «Badakigu ez dela erraz dirua ematea, baina, sostengu gisa, iduri zaigu euro bat emateko jendea prest litzatekeela. Hori espero dugu».

Lehen urteetan laguntza instituzionalak antolaketa bermatu ondotik, beraz, gutiago dituzte orain. Euskarazko filmak soilik hedatzeagatik zigortuak direnetz galdeturik, Zugarramurdik ezezkoan ihardetsi du, «Instituzioek gehiago laguntzen dute sorkuntza, hedapena baino». Instituzioen diru laguntzak eskuratzeko estrategia aldatu baino gehiago —bete beharreko irizpideei egokituz—, laguntza deialdia zabaltzea nahiago izan dute.

Atxiki nahi dute zinemaren festibal berezia bizirik, euskararen inguruko giro «goxoa» bermatzen baitu lau egunetan. Parte hartzen duten zuzendari gehienek Hazparnen lo egiten egon nahi dute lau egun horietan, eta «euskal giro bat sortzen da film horien inguruan».

Euskal Herrikoak, euskaraz

Aitzineko urteetako irizpide eta helburu berberekin osatu dute, beraz, programa: Euskal Herrian eta euskaraz egin filmekin. Diferentzia batekin, halere, joan den urtean testuinguruak festibala ezeztatu zuenez, aurten bi urteetako filmen artean hautatu behar izan dutelako, eta batzuk bazterrean utzi. «Produkzio polita bada, eta kalitatezkoa», laburbildu du Zugarramurdik.

Euskarazko ekoizpenetan ohikoa izan bada dokumental anitz izatea, antolatzailea pozten da heldu den ostegunetik goiti fikzio anitz ikusgai izanen direlako, baina ez bakarrik hori: «Nihaurek anitz maitatu ditut film laburrak, urririk ematen direnak. Iduri zait Zinegin parada bat dela halako gauzak ezagutzeko. Ez nituen zuzendari horien lanak ezagutzen».

Aniztasuna goresten du antolatzaileak: Hil kanpaiak film beltza, Zumiriki esperimentala, Agur, Etxebeste komedia. Zugarramurdiri iduri zaio, beste aldi batzuetan baino gehiago, «arras desberdinak» direla hautatu filmak.

Zinegin festibalak berezkoa du, filmetik abiatuz, egitasmo bereziak sortzea. Hala izanen da aurten ere: afariak, zinema kontzertuak, zinefilo tailerrak... Hastapeneko urteetan, gaztetxean ere emanaldiak ziren, eta, oraingoan,Xuriatea ostatuan, Eihartzea kultur etxean eta Haritz Barne zineman izanen dira topaketak.

Programazioa osatzearen zailtasunak, bestalde, bat baino gehiago dira. Programatu duten film bat (Non dago Mikel?) jadanik itzulika hasia da Ipar Euskal Herriko zinemetan Zinegin hasterako. «Zinegin hasi zelarik, ez zen ber panorama: orain, bada euskal filmen banaketa, eta eztabaidatu beharko dugu Zineginen funtsa zein den», dio Zugarramurdik, eta segurtatu haren ustez baduela; «bestela, ez nintzen sartuko barnean».

Beste arazo bat ere badute aspalditik, mugari lotua: filmak erakusteko baimenak. Esperientziak «ez du batere laguntzen» horretan, Zugarramurdik erran duenez. Programatik film bat baztertu dute, adibidez, baimena berantegi heldu delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.